Hasiera Gida Baliabideak Laguntza Glosategia Ebaluazioa

GERRA HOTZA

Mundu bakarra,
bi bide


EBALUAZIOA

Testa


Erantzun ondorengo galdera hauei. Hiru aukeren artean, zuzena hautatu behar duzu. Zorte on!

1/ Noiz amaitu zen Gerra Hotza?
  1989an.
  1991n.
  1945ean.

2/ Zer izan zen Truman Doktrina?
  Estatu Batuek Sobietar Batasunari aurre egiteko gerran parte hartzea.
  Estatu Batuek gobernu demokratikoen alde ekonomia eta laguntza militarra ematea.
  Sobietar Batasunak komunismoa zabaltzea.

3/ Nor izan zen Fidel Castro?
  Ideologia marxistako politikari kubatarra izan zen.
  Ideologia kapitalistako politikari kubatarra izan zen.
  Bi erantzunak okerrak dira.

4/ Zergatik eraiki zuten Berlingo harresia?
  Berlin hirian gerra nuklear bat gertatzeko arriskua zegoelako.
  Sobietarrek Ekialdeko Alemania babesteko.
  Ekialdeko eta Mendebaldeko Alemaniaren arteko banaketa saihesteko.

5/ Zer herrialdek sinatu zuen 1949an Ipar Atlantikoko Ituna?
  Sobietar Batasunak.
  Estatu Batuek eta Europako hainbat herrialdek.
  Txinak eta Frantziak.

6/ Nork irabazi zuen Txinako iraultza?
  Nazionalistek.
  Komunistek.
  Japoniarrek.

7/ Zer gertatu zen Kubako misilen krisian?
  AEBk eta Sobietar Batasunak misilak desegiteko adostu zutela.
  AEBk Kubara misilak bidali zituztela.
  Sobietar Batasunak Kuban misilak ezkutatu zituela eta AEBk hura blokeatu zutela.

8/ Zergatik da ezaguna Valentina Terexkova?
  Espaziora joan zen lehen emakumea izan zelako.
  Politikari errusiarra izan zelako.
  Bi erantzunak zuzenak dira.

9/ Noiz desegin zen Sobietar Batasuna?
  1989an.
  1991n.
  1990ean.

10/ Zein izan zen Berlingo Harresiaren erorketaren ondorio nagusia?
  Gerra hotza hasi zela berriro.
  Bi Alemaniak berriro batu zirela.
  Alemaniak ekialdeko Europa komunistatik indepentzia lortu zuela.


      Puntuak guztira =

Erantzun zuzenak:



Talde-dinamikak

1. Gerrako berriemaile

Ariketa honetan, gerrako berriemaile bihurtuko dira ikasleak. Irakasleak proposatzen dituen Gerra Hotzaren garaiko argazki bat hartu eta, txertaturik dagoen taulako galderak erantzun ondoren, berri bat idatziko dute. Internet bidez edo liburutegiko baliabideak erabiliz, argazkiari buruzko informazioa ere bilatuko du ikasleak: informazioa topatu, hedabide eta iturri fidagarrietara jo eta kontrastatu. Tresna digital baten bitartez, grabaketa eta edizio txiki bat egin daiteke, ondoren gelakideekin partekatzeko. Taldean lantzeko ariketa denez, ikasleek modu kolaboratiboan lan egiten ikasteko aukera izango dute.

Adina: 14 urtetik aurrera

Lekua: ikastetxea

Beharrezko baliabideak: koadernoa, arkatza, Interneterako sarbidea eta Screencastify doako aplikazioa

Antolaketa

  • 4-5 kideko taldetan antolatuko dira.
  • Talde bakoitzak irudi bat ikertu beharko du.

Azalpena

  • Ikerketa-lana
    • Aukeratu Gerra Hotzaren garaiko irudi bat (adibide batzuk ariketa honen behealdean daude). Bilatu aukeratutako irudiari buruzko informazioa. Erabili horretarako informazio-iturri egokiak.
    • Erabili, Informazioa jasotzeko, eremu hauek dituen formularioa: noiz eta non, zergatik, nor noren kontra, nola amaitu zen?, nork irabazi zuen?, ondorioak eta garrantzia. (Formularioa eskuragarri hemen).
  • Berria sortzen
    • Idatzi berria osatutako fitxarekin. Gogoratu idaztean euskarazko arau gramatikalak eta ortografikoak betetzea!
    • Grabatu berria Screencastify IKT tresna erabiliz.

Oharra! Screencastify aplikazioa erabiltzea oso erraza den arren, hemen duzue bideotutorial bat, urratsez urrats eta oso modu errazean tresna hori nola erabili erakusten duena.

Ariketa osatzeko, irudi hauek erabil daitezke:

  1. Pragako udaberria
  2. Napalm
  3. Espazioaren konkista
  4. Armamentua Errusian
  5. Berlingo harresia
  6. Vietnamgo gerra
  7. William Churchill, Harry S. Truman eta Iósif Stalin
  8. Berlingo harresiaren erorketa
  9. Marilyn Monroe tropen aurrean
  10. Afganistango muyahaidinak


2. Espazioko lehiari buruzko ikerketa eta erakusketa

1950eko eta 1960ko hamarkadetan, Gerra Hotza bete-betean zela, espazioa esploratzea ere bi superpotentzien arteko lehiarako eta norgehiagokarako aitzakia bilakatu zen. 1957an hasi zen era ofizialean espazioko lehia Ameriketako Estatu Batuen eta Sobietar Batasunaren artean. Sobietarrek munduko lehen satelite artifiziala jaurti zuten, Sputnik I izenekoa. Handik gutxira, urte bereko azaroan, beste satelite bat jaurti zuten. Ondoren, AEB ere espazioko lasterketa eta norgehiagoka horretan murgildu zen, eta 1969an Apolo XI espazio-ontzia ilargira bidali zuen.

Espazioko lehia horretan momentu garrantzitsu asko bizi izan ziren. Orain, taldeka, ikerketa-lan bat egin beharko dute ikasleek, eta gertakari batzuei buruzko informazioa bilatu eta informazio-fitxa bat bete. Ondoren, gelakideekin partekatu, eta, azkenik, gertakizun guztiekin “Espazioko lehiaren erakusketa” osatuko dute, infografia guztiak ikusgai jartzeko.

Espazioko lehiari buruzko gertakarien zerrenda:

  • Sputnik I lehen satelite artifizialaren jaurtiketa.
  • Abble-Baker misio estatubatuarra.
  • Juri Gagarinek lurraren inguruan orbitatu zuen Vostok I.ean.
  • Espazioko lehen paseoa egin zuen Aleksei Leonov-ek.
  • Valentina Terexkova kosmonautak lurraren inguruan orbitatu zuen.
  • John Glenn-ek lurraren orbita inguratu zuen.
  • Armstrong, Aldrin eta Collins ilargira iritsi ziren Apolo XI.ean.
  • Salyut I espazio-estazioa jarri zuten.
  • Skylab espazio-estazioa jarri zuten.
  • Apolo-Soyuz misioa elkarrekin.

Adina: 14 urtetik aurrera

Lekua: ikastetxea

Beharrezko baliabideak: koadernoa, arkatza, Interneterako sarbidea eta infografiak egiteko ordenagailua.

Antolaketa

  • 4-5 ikasleko taldetan bilduko dira.
  • Talde bakoitzak 4 gertakizun ikertu beharko ditu.

Azalpena

  • Ikerketa-lana
    • Gertakizunen inguruko informazioa bilatu behar duzue, horretarako informazio-iturri egokiak erabiliz.
    • Informazioa jasotzeko, erabili eremu hauek dituen formularioa: noiz eta non, blokea, gertaeraren deskribapena, gertaerak izan zuen garrantzia eta argazkia. (Formularioa eskuragarri hemen).
  • Infografiak sortzen
    • Canva edo Genially erreminta erabili ezazue, eta bilatutako informazioarekin infografiak egiten hasi. Horretarako, diseinu egokia duten txantiloiak aukeratu behar dituzue, eta, fitxako atalak garbi adierazi.
  • Erakusketa antolatu
    • Infografiak eginak daudenean, irakaslearen laguntzarekin inprima itzazue.
    • Erakusketa antolatzeko lekua zuen artean adostu (ikasgelako hormetan, geletako pasabideetan…), eta, hori erabakitakoan infografiak hormetan jarri modu egokian.
  • Aurkezpena eta hausnarketa
    • Erakusketa antolatzean talde bakoitzak azalpenak emango ditu. Ondoren, erakusketa beste geletako ikaskideei ere erakutsi.
    • Hausnarketa laburra: zer ikasi duzue? Zein izan zen espazioagatiko lehiaren garrantzia Gerra Hotzean? Gaur egun jarraitzen al du?

Oharra! Canva aplikazioa erabiltzea oso erraza da; baina, badaezpada, hemen daukazue euskarazko bideotutoriala, urratsez urrats eta oso modu errazean tresna hori nola erabili erakusten duena. Eta hemen Genially erabiltzeko bideotutoriala.



3. Abestien bitartez bakearen bila. Podcast bat grabatu

Gerra Hotzaren garaian, munduak ez zituen gatazka politikoak bakarrik, armen lasterketa eta espioitza ere puri-purian zeuden eta lasterketa horretan borroka kulturala ere gertatu zen. Musika protesta egiteko bide indartsua bihurtu zen: beldurra adierazteko edo itxaropena helarazteko, gerraren kontra egiteko edo bakearen alde aritzeko. Garaiko hainbat estilo, talde eta abeslarien abestiak aztertuko ditugu taldean.

Ariketa honetan, garaiko musikaren bidez, testuinguru historiko horretan murgilduko dira. Talde txikitan antolatuta, bakoitzak hiru abesti aztertuko ditu, eta, horien mezu politikoak eta emozionalak identifikatu ostean, garaiko kazetari kulturalak balira bezala, podcast labur bat grabatuko dute, abestien esanahia eta garrantzia azaltzeko.

Adina: 14 urtetik aurrera

Lekua: ikastetxea

Beharrezko baliabideak: koadernoa, arkatza, Interneterako sarbidea eta podcasta grabatzeko grabagailua

Antolaketa

  • 4-5 ikasleko taldetan bilduko dira.
  • Talde bakoitzak 3-4 abesti aukeratuko ditu (ingelesez, gaztelaniaz edo beste hizkuntza batean).
  • Abesti desberdinak izango ditu talde bakoitzak.

Azalpena

  • Entzun eta aztertu
    • 3-4 abestiak taldean entzun.
    • Identifikatu:
      • Testuinguru historikoa (noiz idatzi zen?, zer gertatzen ari zen garai hartan?)
      • Identifikatu abestiaren mezu politikoa edo soziala.
      • Taldearen iritzia: uste al duzue abesti horiek eragina izan zutela?, nori zuzenduta zeuden?
  • Podcasta prestatzea
    • Idatzi 3-5 minutuko gidoi labur bat.
    • Formatu librea: elkarrizketa, erreportajea edo kronika.
    • Podcastak abesti-zati laburrak izan ditzake (bideragarria bada) eta testuinguru historikoari buruzko azalpenak.
  • Podcasta grabatzea
    • Grabatu, grabagailua edo ordenagailua erabiliz.
    • Editatzeko tresna sinpleak erabil daitezke (adibidez, Audacity) edo grabaketa bakar batean egiteko aukera baliatu.
  • Aurkeztea eta hausnartzea
    • Gelan, entzun zenbait podcast.
    • Hausnarketa laburra: zer ikasi duzue?, harritu al zaitu mezuren batek?, zer alde dago gaur egungo musikarekin alderatuta?

Oharra! Audacity aplikazioa erabiltzea oso erraza den arren, YouTuben daukazue “Audacity tutoriala euskaraz”; urratsez urrats eta oso modu errazean, tresna hori nola erabili azaltzen du.

Ariketa osatzeko erabil daitezkeen abestietako batzuk:




  Deskargatu hemen ebaluatzeko orria PDF formatuan!