Hasiera Gida Baliabideak Laguntza Glosategia Ebaluazioa

GERRA HOTZA

Mundu bakarra,
bi bide


GIDA


Gerra Hotza. Mundu bakarra, bi bide webgunearen helburua da Gerra Hotza azaltzea, Bigarren Mundu Gerraren ondoren 1945 eta 1991 bitartean gertatutako tentsio-garaia denbora-lerro baten bitartez azaltzea. Bigarren Mundu-Gerraren amaierak piztutako optimismoa eta Nazio Batuen sorrera laster ahaztu ziren mundua bi bloke antagonikotan zatitzearen ondorioz; haiek, hamarkadatan zehar, gero eta armategi nuklear hornituagoen arriskuak areagotutako liskar gorrari eutsi zioten.

Alde batetik, Estatu Batuak eta beren aliatuak zeuden, eta beste aldetik, Sobietar Batasuna eta herrialde komunista batzuk. Bigarren Mundu Gerra amaitu zenean, bi herrialdeak munduko superpotentzia bihurtu ziren. Aurkari bihurtu ziren, biek nahi zutelako besteak botere gehiegi lortzea saihestu. Tentsio hark, bi herrialdeen arteko gerra erreal batean amaitu ez zen arren, gerra txikiago batzuetarako bidea zabaldu zuen.

Webgunearen gai nagusia Gerra Hotza da, eta tentsio-garai hartako gertaera edo une garrantzitsuenak. Eduki guztiak era praktikoan, erakargarrian eta ludikoan jasoko dituzte DBHko ikasleek, baita gaian interesa duen edonork ere.

1.- HELBURU OROKORRA

Gerra Hotza. Mundu bakarra, bi bide ikasmaterialaren xede nagusia da Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako bigarren zikloan Geografia eta Historia irakasgaiaren lagungarri zuzena izatea, hau da, era praktiko batean azaltzea ikasleei Gerra Hotzaren jatorria, garapena eta ondorioak, baita XX. mendeko politika, gizartea eta nazioarteko harremanetan izan duen eragina ere.

2.- HELBURU DIDAKTIKOAK

  • Gerra Hotzaren jatorria eta arrazoiak ulertzea.
  • Gertakari nagusiak identifikatzea: gertaera garrantzitsuak ezagutzea, Marshall Plana, NATOren sorrera, Varsoviako Ituna, Koreako Gerra, Kubako misil krisia eta Berlingo Harresiaren erorketa, besteak beste.
  • Gatazkaren ondorioez hausnartzea: ebaluatzea nola eraldatu zituen Gerra Hotzak XX. mendeko politika, ekonomia eta nazioarteko harremanak, eta gaur egun ere geratzen diren ondorioak aztertzea.
  • Pentsamendu kritikoa sustatzea: propagandaren eta informazioaren manipulazioaren formak aztertzea, bai bloke kapitalistan eta bai bloke komunistan, eta komunikabideen rola gatazkan.
  • Funtsezko aktoreak ezagutzea: aldi hartako pertsonaia politiko garrantzitsuenak identifikatzea, hala nola Harry S. Truman, Fidel Castro, John F. Kennedy edo Mikhail Gorbatxov.
  • Ikerketa-trebetasunak garatzea: gertaera historikoei buruzko informazioa bilatzeko gaitasuna sustatzea, iturriak konparatzea eta frogatan oinarritutako ondorioak ateratzea.
  • Helburu hauek, ikasleek ezagutzak jasotzea ez ezik, historiaren eta bere ondorio globalen inguruan ikuspegi kritikoa garatzea ere bilatzen dute.

3.- FUNTSEZKO GAITASUNAK

Honako atal hau Hezkuntzako curriculum Dekretuan (75/2023 Dekretua) oinarrituta dago. Hezkuntzako curriculum Dekretuak (75/2023 Dekretua) zehazten duenez, ikaslearen irteera-profila da Oinarrizko Hezkuntza amaitzean ikasleek eskuratu beharreko funtsezko konpetentzien garapen-maila zehazten duen tresna. Hona hemen konpetentzia horiek zein diren:

  1. Hizkuntza-komunikaziorako konpetentzia (HKK)
  2. Konpetentzia eleaniztuna (KE)
  3. Matematikarako konpetentzia eta zientzia, teknologia eta ingeniaritzarako konpetentzia (STEM)
  4. Konpetentzia digitala (KD)
  5. Konpetentzia pertsonala, soziala eta ikasten ikastekoa (KPSII)
  6. Herritartasunerako konpetentzia (HK)
  7. Ekintzailetza-konpetentzia (EK)
  8. Kontzientzia eta adierazpide kulturaletarako konpetentzia (KAKK)

4.- GEOGRAFIA ETA HISTORIAKO KONPETENTZIA ESPEZIFIKOAK

Gure proposamenak honako konpetentzia espezifiko hauekin egiten du bat:

  • 1. Gaur egun garrantzitsuak diren arazo geografiko, historiko eta sozialen inguruan ikertzea, argudiatzea eta hainbat formatutan produktu propioak egitea, tokikotik globalera, informazioa bilatuz, aukeratuz, tratatuz eta antolatuz, eta iturri historikoak eta geografikoak erabiliz ezagutzak eskuratzeko eta pentsamendu kritikoa garatzeko.
    • Konpetentzia espezifiko hau irteera-profilaren deskriptore hauekin lotzen da: HKK1, HKK2, HKK3, KE1, KE2, STEM4, KD1, KD2, KD3, KPSII4, KPSII5, HK1, HK3, EK3 eta KAKK3.
  • 3. Sistema demokratikoak eta horien oinarrizko legeak eraikitzera —konstituzioak— iritsi arte, Historian zehar izan diren antolaketa politiko motak azaltzea, komunitatean bizitzeak berezkoak dituen betebeharrak eta eskubideak onartuz herritarren parte-hartzea eta gizarte-kohesioa sustatzeko.
    • Konpetentzia espezifiko hau irteera-profilaren deskriptore hauekin lotzen da: HKK5, KE3, HK1, HK2 eta KAKK1.
  • 4. Denboran zehar gizarte desberdinek izan dituzten erronka nagusiak ezagutzea, gertatutako aldaketen kausak eta ondorioak eta gaur egun konpondu behar dituzten arazoak identifikatuz, ikerketa-proiektuak garatuz eta informazio-iturri fidagarriak erabiliz errealitatea ulertzeko eta egungo erronken aurrean proposamen alternatiboak aintzat hartzeko.
    • Konpetentzia espezifiko hau irteera-profilaren deskriptore hauekin lotzen da: HKK1, HKK2, STEM3, STEM4, STEM5, KD2, KD3, KPSII3, KPSII5, HK3, HK4, EK1 eta KAKK1.
  • 6. Historian zehar izandako sistema ekonomikoak eta horiek izan dituzten garapen-prozesuak azaltzea, aurrerapenaren ideiaren esanahia baloratuz, gizartean, ingurumenean eta lurraldean dituzten ondorioekin batera, egungo mundu ekonomikoa eta bere mendetasun- eta mendekotasun-harremanak ulertzeko, baita gizarte-eskubideen eta oinarrizko baliabideen eskuratze unibertsalaren munta ulertzeko ere.
    • Konpetentzia espezifiko hau irteera-profilaren deskriptore hauekin lotzen da: HKK1, HKK2, HKK3, HKK5, STEM5, KD1, KD2, KD3, KPSII4, KPSII5, HK1, HK2, HK3 eta HK4.
  • 8. Egungo kultura anitzeko errealitatea osatu duten prozesu geografikoak, historikoak eta kulturalak ezagutzea eta ulertzea, aniztasunaren aberastasuna aintzatetsiz eta berdintasunaren, inklusioaren eta gutxiengoekiko errespetuaren aldeko mugimenduen ekarpena baloratuz diskriminazio-mota oro saihesteko.
    • Konpetentzia espezifiko hau irteera-profilaren deskriptore hauekin lotzen da: HKK5, KE3, KPSII3, HK1, HK2, HK3 eta KAKK1.

5.- TESTUINGURU METODOLOGIKOA

Metodologia ezagutza informazio-unitate txikitan banatzean oinarritzen da, eta denbora-lerro batek ematen dio egitura. Lehenik eta behin, hogei (20) data esanguratsu aurkezten dira, eta data bakoitzak testua, GIF formatuko irudia edo bideo labur bat ditu. Eduki horiek testu-formatuan (PDF) ere eskaintzen dira, irakurketa patxadatsuagoa, sakonagoa eta errazagoa behar duenarentzat. Ikasleek gaiaren ezagutza ebalua dezakete, bakarka, test baten bitartez edo hiru talde-dinamikaren bidez. Dinamika horiek bereziki garrantzitsuak dira, hainbat helburu pedagogiko betetzen baitituzte: batetik, ikaslearen autonomia sustatzen dute informazio fidagarria bilatzeko eta antolatzeko; bestetik, talde-lana sustatzen dute, eta landutako gaiei buruzko elkarrizketa eta eztabaida bultzatzen dute. Azkenean, ikasleak baliabide osagarrien zerrenda bat izango du eskura, eskuratutako ezagutzetan sakontzeko.

6.- BARNE-EGITURA ETA NABIGAZIOA

Gerra Hotza. Mundu bakarra, bi bide ikasmaterialaren erabilera hainbat edukiren arteko nabigazioan eta elkarreraginean oinarritzen da. Ikasleak gehien interesatzen zaion informazioan nabigatzeko aukera edukiko du. Ikasleak orri nagusian denbora-lerro bat du, guztira 20 data edo gertaera jasotzen dituena. Data bakoitzak efemeride bat du, eta horietako bakoitza GIF formatuko irudi batez edo bideo labur batez lagundurik dago, eta horrek informazioa eta kontzeptuak argitzen eta osatzen lagunduko du. Aldi berean, elkarreraginetarako aukera emango du, ikasmateriala alde teorikoa eta praktikoa bateratzen dituen sekuentzia didaktikotan banatua baitago.

Lan egiteko planteamendu metodologikoa ikasleak berak erabakitzen duenaren araberakoa izango da:

  • Batetik, gunea ikasleak bakarka, taldean edota lan kooperatiboan aritzeko prestatuta dago, eta denen parte-hartze aktiboa eskatzen da, bai irakaslearen eta ikasleen artean, bai ikasleen beren artean ere.
  • Bestetik, webguneak irakasleen rol-aldaketa ahalbidetzen du, ikaslea bera orientatzaile bihurtzen baita. Ikasteko metodologia berriez jabetuz eta aparteko ikasketa-ohiturak eskuratuz, ikasleek beren heziketa osatuko dute. Ikasmaterialeko atal guztiak (edukiak, jarduerak, baliabideak, laguntza eta abar) une oro eskuragarri ditu erabiltzaileak pantaila guztietan agertuko den menu bati esker; horrela, eduki batetik bestera nabigatzeko aukera edukiko du.
  • Azkenik, eduki teorikoez gain, ikasleak horiekin lotutako hainbat alderdi bakarka nahiz taldean lantzeko eta ikasteko aukera izango du, edukiak barneratzeko orduan testuak eta ikus-entzunezkoak bide ezberdinak baitira. Ikasleak gero eta ohikoagoa den online-heziketaren gaineko metodologiak ikasteko aukera edukiko du.

EGITURA

Gerra Hotza. Mundu bakarra, bi bide guneko edukiak modu didaktiko, atsegin eta dibertigarrian aurkezten dira.

Alde batetik, webgunearen ardatza den denbora-lerro baten bitartez Gerra Hotzaren garai historikoaren garapena aurkezten da. Hogei (20) data esanguratsu aurkezten dira, eta data bakoitzak testua, zein irudia GIF formatuan edo bideo labur bat ditu.

Aldi berean, testuaren azalpena ikus-entzunezko formatuko baliabide batez lagundurik dago, eta horrek edukia barneratzen laguntzen du. Gainera, kontuan hartu dugu ikaslearentzat Gerra Hotzari lotutako kontzeptu eta ideiak ikasten dituen lehen aldia izan daitekeela eta kontzeptu horiek nahiko abstraktuak izan daitezkeela. Kontzeptu horietan modu errazean sakontzeko asmoz jarri ditugu ikaslearentzat eskuragarri ikus-entzunekoak eta baita Glosategia eta Lotura interesgarrien atala ere. Pantaila zona ezberdinetan banatua dago:

  • Goiburuko menua:
    • Hasiera: ikasmaterialaren lehen sarrera eta webguneko edukiak eta jarduerak.
    • Gida didaktikoa: webgunearen azalpen orokorra.
    • Baliabideak: gaiaren gaineko liburuen zerrenda edota Interneten gaiarekin lotuta dauden helbide interesgarriak.
    • Ebaluazioa: landu diren edukietan eta ikasgaiarekin loturiko konpetentzietan trebatzeko aukera ematen duten ariketak.
      • Autoebaluazioa: 10 galderaz osatutako testa.
      • Talde-dinamikak: taldean eta modu kooperatiboan lantzeko, 3 ariketa praktiko daude. Horien helburua da taldean lan egiten ikastea, ados jartzen ikastea eta ikasitakoa praktikan jartzea. Aldi berean, talde-dinamikek hezkuntzako IKT tresnak ezagutu eta horiek praktikan jartzeko aukera ematen dute.
    • Laguntza: ikasleak webgunea ulertzeko eta bertan nabigatzeko azalpenak.

    Goiko aldeko menua une oro egongo da erabiltzailearen eskura.

  • Erdialdea: webgunearen atal nagusia edukien atala da. Edukien bizkarrezurra 20 datak edo efemeridek goitik behera osatutako denbora-lerroa izango da, zaharrenetik hasita. Data bakoitzak efemeridea azaltzeko testu txiki bat eta GIF edo bideo labur bat ditu, informazioa osatzen laguntzeko.

BESTE EZAUGARRIAK

  • Formatu argia diseinatzen saiatu gara: kolore zuria da nagusi, eta tipografia irakurterraza aukeratu dugu (sans-serif motakoa).
  • Erabiltzaileentzat ezagunak diren ikonoak baino ez ditugu erabili, webgunearen erabilera errazteko.
  • Ikasleak une oro ditu eskuragarri informazio-gehigarriak: Baliabideak eta Laguntza.
  • Ikus-entzunezko materialetan, azpitituluak gehitzeko aukera dago entzuteko desgaitasuna duten ikasleentzat.
  • Ikasmaterial honetako eduki guztiak bi formatutan aurkezten dira: nabigatzekoa (HTML formatua) eta inprimatzekoa (PDF formatua).

7.- HEZKUNTZA KOMUNITATEA

Ikasmaterial honetako eduki guztiak bi formatutan aurkezten dira: nabigatzekoa (HTML formatua) eta inprimatzekoa (PDF formatua). Bestetik, webgunea kanpoko zerbitzari batean egoteaz gain (gutxienez, 5 urtez bermatzen da), EIMA katalogoan jarriko da hezkuntza-komunitatearen esku (eimakatalogoa.eus).

Bertan aurkezten den eduki guztia (testuak, argazkiak nahiz ekoitzitako ikus-entzunezko edukiak eta bideoak) Creative Commons Share Alike (CC BY-SA - Aitortu-PartekatuBerdin 4.0) lizentziapean dago, edozeinek modu librean erabil dezan.

8.- EBALUAZIOA

  • Autoebaluazio-testa: edukiak zer neurritan barneratu diren neurtzeko ariketa da.
  • Talde-dinamikak: taldean egiteko jarduerak dira. IKT tresna digitalak ezagutzeko eta haiek modu praktikoan erabiltzeko aukera dira talde-dinamika horiek.

9.- EBALUAZIO-IRIZPIDEAK

1. Konpetentzia espezifikoa

1.1. Egungo eta iraganeko prozesu eta gertaera historiko, geografiko eta sozial esanguratsuei buruzko informazioa bilatzea, hautatzea, antolatzea eta komunikatzea, hainbat euskarritan aurkeztuz eta zereginaren helburuak kontuan hartuz.

1.2. Aro Garaikideari lotutako gai geografiko eta historikoei buruz modu kritikoan argudiatzea, banaka zein taldean, askotariko iturri fidagarriak kontrastatuz eta baloratuz, irakasgaiaren berezko terminoak eta kontzeptuak egokiro erabiliz.

3. konpetentzia espezifikoa

3.1. Gaiaren ulermena islatzen duten produktuen bidez, aro garaikideko antolaketa politikoaren eredu nagusiak mundu-mailan, estatu-mailan eta tokikoan adieraztea eta azaltzea; eskubide eta askatasun indibidual eta kolektiboak ezartzen lagundu zuten sistemei arreta berezia eskainiz, eta eskubide eta askatasun horiek erabiltzeko garaian atzerakadak izan zituzten aldiei edo egoerei kontrajarriz.

4. konpetentzia espezifikoa

4.1. Historia Garaikidearen eta egungo antolaketa politiko eta ekonomikoaren ezagutza esanahitsua bereganatzea eta eraikitzea dedukzio-prozesuen eta proiektu edo erronken bidezko lanaren bitartez, landutako gaiak ulertzen direla islatzen duten produktuak prestatuz.

4.2. Aro Garaikideko aldaketa historiko esanguratsuen prozesuak aztertzea, baita gizarteek aurre egindako erronka nagusiak ere, kausak eta ondorioak identifikatuz, irakasgaiaren berezko termino eta kontzeptu teknikoak erabiliz eta gertaerak sekuentzia kronologikoen bidez erlazionatuz.

6. konpetentzia espezifikoa

6.2. Aro garaikideko sistema ekonomikoak eta haien garapen-prozesuak aztertzea eta azaltzea, eta elkarren artean alderatzea, haien arteko erlazioak eta baita nazioartean sortu eta sortzen dituzten gatazkak identifikatuz, eta gizarte-eskubideen garrantziarekin eta oinarrizko baliabideetarako eskubide unibertsalaren beharrarekin lotuz.

8. konpetentzia espezifikoa

8.1. Gaur egungo estatu eta hegemonien sorrera eta garapena ezagutzea, Espainiako estatuaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren eraketa barne, eta horiek espazioan eta denboran kokatzea, haiek osatu dituzten elementu historiko, kultural, instituzional eta erlijiosoak integratuz, sortutako errealitate multikulturala azalduz eta haien ekarpen garrantzitsuenak identifikatuz.

8.3. Gizonen eta emakumeen benetako berdintasunaren alde argudiatzea, hainbat esparrutan aro garaikidean zehar emakumezko pertsonaia garrantzitsuek egindako ekarpena nabarmenduz eta baloratuz, eta edozein egoeratan generoagatiko edozein jarrera eta portaera diskriminatzaileren aurka jardunez.

EBALUATZEKO TEKNIKAK

  • Autoebaluazioa
  • Koebaluazioa

EBALUATZEKO TRESNAK

  • Testa
  • Taldeko lanak

IKASLEEN EBALUAZIOA

  • Autoebaluazioa: autoebaluazio-itua tresna proposatzen da ikasleek autoebaluazioa egiteko. Era berean, autoebaluazio hori egiteko irizpideak eta jarraibideak azaltzen dira.
  • Koebaluazioa: talde-lana ebaluatzeko fitxa propioa bete behar da. Taldekide bakoitzak hainbat konpetentzia baloratuko ditu emandako irizpideak oinarri hartuz.

IRAKASLEEN EBALUAZIOA

  • Irakasleak taldeko dinamiketan landutako konpetentziak baloratuko ditu, ebaluazio-orrian ematen diren irizpideei jarraituz.

10.- BALIABIDEAK

Gaiaren gaineko liburu, film eta bestelako baliabide interesgarriak.

11.- KREDITUAK

Proiektuaren egileak eta parte-hartzaileak:

  • Ideia eta koordinazioa: Pilar Pérez Píriz eta Leire Mitxelena Erice
  • Jatorrizko gidoia: Pilar Pérez Píriz eta Leire Mitxelena Erice
  • Aholkulari pedagogikoa: Idoia Urkiri Azkoitia
  • Hizkuntza-aholkularitza: Juan Mari Zurutuza Zapirain
  • Webgunea eta diseinu grafikoa: Juan Mari Zurutuza Zapirain (zuru.one)
  • Irudi grafikoak: Andrés David Espinoza Álvarez (www.hezimubi.com)