Hasiera Gida Baliabideak Laguntza Glosategia Ebaluazioa

GERRA HOTZA

Mundu bakarra,
bi bide


GLOSATEGIA


  • Arma nuklear. Arma nuklearra erreakzio nuklearretan oinarritutako potentzia handiko gailu leherkor bat da. Arma nuklearrek kalte suntsitzaile izugarriak eragin ditzakete leherketa bakar batean. Gainera, kutsadura erradioaktiboak ingurunean eta giza osasunean eragin iraunkorra izan dezake.
  • Domino efektuaren teoria. Domino-efektuaren teoria nazioarteko politikari buruzko teoria bat da, zeinaren arabera, herrialde bat sistema politiko jakin batean sartzen bada, bere eremuko beste batzuk ideologia horretara eramango dituen. Ikuspen hori nabarmena izan zen Gerra Hotzean. Ameriketako Estatu Batuek munduko hainbat lekutan egindako esku-hartzea justifikatzeko erabili zuten, herrialde batean komunismoa hedatzeak inguruko nazioak erakar zitzakeela uste baitzuten.
  • Fidel Alejandro Castro Ruz (1926-2016). Ideologia marxistako politikari kubatarra izan zen. Kubako Iraultzaren buru izan zen, eta Fulgencio Bastista diktadorea boteretik kendu zuen. Bere herrialdean, ia 50 urtez erabili zuen boterea; beraz, diktadorea da. Haren agintaldian, Kuba ideologia marxista-leninistako estatu sozialista bihurtu zen, Kubako Alderdi Komunistaren agindupean.
  • Harry S. Truman (1884-1972). Estatubatuar politikaria izan zen. Estatu Batuetako presidentea izan zen 1945-1953 bitartean. 1944an Roosevelten presidenteordea zen, eta, Roosevelt lehendakaria hil zenean, 1945eko apirilean, lehendakaritza eskuratu zuen. 1948an, lehendakari hautatu zuten berriro. Bere agintaldian AEBko nazioarteko politikaren oinarriak ezarri ziren bloke komunistari aurre egiteko.
  • Juri Gagarin. Sobietar kosmonauta edo astronauta bat izan zen. 1961ean, espaziora atera zen lehen gizakia izan zen. Gagarinen hegaldi ospetsua Vostok 1 espazio-ontzian izan zen. Harrezkero, Gagarin ez zen inoiz espaziora itzuli. Beste kosmonauta batzuk entrenatu zituen, eta mundu osoan barna bidaiatu zuen.
  • Kapitalismo. Kapitalismoa jabetza pribatuan eta askatasun ekonomikoan oinarritutako sistema sozioekonomikoa da. Horrek esan nahi du ondasunen eta zerbitzuen ekoizpena pertsonen esku dagoela, eta ez estatuaren esku. Oinarri hauek ditu:
    • Enpresa-askatasuna: negozioak askatasunez kudeatzeko gaitasuna.
    • Eskaintzari eta eskariari buruzko legea: ondasunak kontsumitzaileak eskatzen ditu, eta ekoizleek eskaintzen dituzte. Erlazio horren arabera, produktuak garestiagoak edo merkeagoak izango dira.
    • Lehia askea: edozein enpresak eskain ditzake bere produktuak mugarik gabe.

    Bestalde, kapitalismoak klase sozialetan banatutako gizartea eraikitzen du, haien ahalmen ekonomikoaren arabera.

  • Komunismo. Klase sozialik gabeko gizarte baten eraketa sustatzen duen mugimendu politikoa da. Ekoizpen-bideak jabetza komunekoak dira, eta jabetza pribatua abolitzen da. Praktikan, herrialde komunistak alderdi bakar baten (Alderdi Komunista) gobernuan oinarritutako diktadurak dira, eta alderdi horretako buruzagiek botere osoz gobernatzen dute.
  • Mao Zedong (1893-1976). Politikaria, Txinako Alderdi Komunistako buruzagi nagusia eta Txinako Herri Errepublikaren sortzailea. Txinako agintari nagusia izan zen 1949tik hil zen arte. Diktadoretzat jotzen da alderdi bakarreko erregimen autoritarioa ezarri zuelako. Maok marxismo-leninismoaren planteamenduak bereganatu zituen, baina Txinako gizartearen ezaugarrietan oinarritutako ñabardura propioekin.
  • Neil Alden Armstrong (1930-2012). Astronauta estatubatuarra izan zen. Ingeniari aeroespaziala, gerrako pilotua, probetako pilotua eta unibertsitateko irakaslea ere izan zen. Ilargia zapaldu zuen lehenengo gizakia izan zen, 1969ko uztailaren 21ean.
  • Satelite artifizial. Satelite artifiziala gizakiak egindako eta espaziora bidalitako objektu bat da. Lurraren edo beste planeta edota satelite baten inguruan orbitatzen du. Haren helburua informazioa jasotzea eta transmititzea da. Objektu horiei satelite artifizial esaten zaie satelite naturaletatik bereizteko (hala nola Ilargia).
  • Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna (SESB). Europako eta Asiako estatu burujabe sozialista izan zen, 1922an sortua eta 1991n desegina. 15 errepublika federatuk osatzen zuten: Armenia, Azerbaijan, Bielorrusia, Errusia, Estonia, Georgia, Kazakhstan, Kirgizistan, Letonia, Lituania, Moldavia, Tajikistan, Turkmenistan, Ukraina eta Uzbekistan. Errusia zen Sobietar Batasuneko errepublika handiena, bai hedaduraren, bai biztanle kopuruaren aldetik, eta politikoki eta ekonomikoki agintzen zuen.
  • Valentina Terexkova. Espaziora bidaiatu zuen lehen emakumea izan zen. Geroago, Sobietar Batasuneko eta Errusiako politikan ere parte-hartze handia izan zuen. Egin zuen ekarpenengatik, Terexkova Sobietar Batasuneko heroi izendatu zuten, eta bi aldiz jaso zuen Leninen Ordena izeneko saria.