Hasiera Gida Baliabideak Laguntza Glosategia Ebaluazioa

GERRA HOTZA

Mundu bakarra,
bi bide


Gehi sinboloa

1945-1981
Gerra Hotza

Garai historiko hau Bigarren Mundu Gerra amaitu zenean hasi zen, eta Berlingo harresia erori zenean eta Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna (SESB) desegin zenean amaitu zen. Superpotentziek gidatutako bi bloke politikotan banatzen zen mundua: alde batetik, Ameriketako Estatu Batuak (AEB) eta haien aliatuak (bloke kapitalista) eta, bestetik, Sobietar Batasuna eta herrialde komunistak (bloke komunista). Gerra Hotzaren garaian, haietako bakoitzak bere eragin-eremua babestu eta zabaldu nahi zuen. Bi blokeen arteko tentsioa mundu osoko gatazketan islatu zen: Greziako Gerra Zibila, misilen krisia Kuban, Koreako eta Vietnamgo gerrak...

Gerra Hotza gatazka geopolitikoa izan zen, baina baita ekonomikoa, teknologikoa eta kulturala ere. 1945 eta 1991 artean, bi superpotentziak borrokatu ziren arlo guztietan ahalik eta gehien lortzeko.

Garai hartan, mundua gerra nuklear baten mehatxupean zegoen.

Minus sinboloa

1946-1949
Greziako Gerra Zibila

Greziako gerra zibila

1944an, alemaniarrak Greziatik erretiratu zirenean, bi talde boterea lortzeko borrokatu ziren: monarkikoak eta komunistak. Sobietar Batasunak komunistak babestu zituen; Estatu Batuek, berriz, monarkikoak. Sobietar Batasunaren eraginez sortutako Greziako eta Turkiako matxinada komunistek Truman doktrinaren formulazioa bultzatu zuten. Gertaera historiko horrek bi superpotentzien nazioarteko politika definitu zuen hurrengo 40 urteetan.

1947
Marshall plana

Bigarren Mundu Gerraren ondorioz, Europa osoa hondatuta zegoen. Horregatik sortu zen Estatu Batuetan laguntza eskaintzeko plan bat, Marshall plana, hain zuzen ere. Laguntza teknikoa, administratiboa eta ekonomikoa eman zuten Europako hainbat herrialderen susperraldi ekonomikoa bultzatzeko; Italia eta Alemania ere aintzat hartu zituzten (gerra garaian etsaiak izan ziren arren). Laguntza horrekin Estatu Batuek bi helburu bete nahi zituzte: alde batetik, komunismoari aurka egitea eta, bestetik, Estatu Batuen nagusitasuna sustatzea.

1947
Truman doktrina

Truman doktrina

Truman doktrina 1947ko martxoaren 12an AEBko Kongresuan egindako hitzaldi batean aipatu zen lehen aldiz. Komunismoari aurre egiteko politika izan zen, eta Harry S. Truman presidente estatubatuarrak sustatu zuen. Estatu Batuek laguntza (ekonomikoa eta militarra) eskaini zieten gobernu demokratikoei matxinada komunistei edo Sobietar Batasunak egindako presioei aurre egiteko.

1948-1949
Berlingo blokeoa

Berlingo blokeoa

1948ko ekainaren 24tik 1949ko maiatzaren 12ra bitartean, Sobietar Batasunak Erresuma Batuarekin eta Estatu Batuekin partekatzen zituen mugak ixtea erabaki zuen, Bigarren Mundu Gerraren amaieran aliatuek okupatutako Alemaniako lurraldean. Erabaki horrek batez ere Berlingo mendebaldeari eragin zion: mendebaldeko potentziak ezin ziren bere agindupeko sektorera iritsi Berlin hiria sobietar eremuan zegoelako. Blokeoa mendebaldeko aliatuek ezarritako diru-erreformari erantzuteko aplikatu zen. AEBk eta Erresuma Batuak hiriaren mendebaldera hornidurak bidali zituzten, legez Sobietar Batasunak baimendu behar zituen hiru aire-korridoreen bidez.

1949
Txinako iraultza komunista

Txinako iraultza 1927an hasi eta 1949an amaitu zen iraultza soziala izan zen. XIX. mendean Txinak atzerriko potentzien esku-hartzea jasan zuen, bai eta herrialdeko biztanleak eskubiderik gabe mantendu zituen lur-jabeen sistema bat ere. Testuinguru horretan sortu zen Alderdi Komunista. 1927an gerra zibil luze bat hasi zen komunisten eta nazionalisten artean. Bigarren Mundu Gerra amaitu ondoren, Sobietar Batasunak babesa eskaini zion Mao Zedong buru zuen alderdi komunistari eta AEBk, aldiz, nazionalistei. Garaipen komunistak eragin handia izan zuen: Txina estatu sozialistarik handiena bihurtu zen, eta, denborarekin, Gerra Hotzeko hirugarren indarra.

1949
NATOren sorrera

NATOren sorrera

1949ko apirilaren 4an, 12 herrialdek (haien artean, Frantziak, Kanadak eta Estatu Batuek) Ipar Atlantikoko Ituna sinatu zuten mendebaldeko herrialdeen segurtasuna bermatzeko eta Sobietar Batasunaren hedapena neutralizatzeko. 1950ean, Koreako Gerraren ondoren, egitura zibil eta militar iraunkorrez hornitu zen ituna. NATOren egoitza Bruselan (Belgika) dago, eta 2024an Ipar Amerikako eta Europako 32 estatu NATOren parte ziren. Itunaren 5. artikulua da aliantzaren oinarria: berehalako laguntza militarra bermatzen du, estatukideetako bati beste estatu batek eraso egiten badio.

1949
Armamentu-lasterketa

Armamentu-karrera

1945ean, Estatu Batuek bakarrik zuten bonba atomikoa. 1945eko abuztuan, arma hori erabili zen lehen eta azken aldiz, Japoniako Hiroshima eta Nagasaki hirietan, hain zuzen ere. Bestalde, 1949an, sobietarrek arma nuklear bat probatu zuten lehen aldiz. Une horretatik aurrera, bi potentziek lasterketa armamentistiko amaigabeari ekin zioten, arerioa baino arma hobeak eta gehiago izateko. Gerra Hotzaren aldi osoan, gerra nuklearra izateko arriskua egon zen.

1950-1953
Koreako Gerra

Koreako Gerra Ipar eta Hego Korearen arteko gatazka armatua izan zen. 1950eko uztailaren 25ean hasi eta 1953ko uztailaren 27an amaitu zen. Bigarren Mundu Gerraren ondoren, AEBk eta Sobietar Batasunak bi lurraldetan banatu zuten Koreako penintsula. Iparraldea komunisten eraginpean geratu zen, eta hegoaldea kapitalismoak bereganatu zuen. 1950ean Ipar Koreak Hego Korea inbaditzeari ekin zion. AEB gatazkara batu zen Hego Korea babestuz. Sobietar Batasunak eta Txinak, berriz, Ipar Koreari eman zioten babesa. Dena den, bi indar militarretako bat ere ez zen gai izan nagusitzeko; hori dela eta, bakea negoziatzen hasi ziren. Azkenean, 38. paraleloaren arabera ezarri zuten Korean bi zatien arteko muga.

1955
Varsoviako Ituna

Varsoviako Ituna

Adiskidetasunaren, Lankidetzaren eta Elkar Laguntzaren Ituna, Varsoviako Ituna, Europako ekialdeko herrialde komunistek sinatutako ituna izan zen. 1955ean sinatu zen, eta 1991n ezerezean geratu zen. Sobietar Batasunak egindako ituna da, eta herrialde horien arteko lankidetza militarra jasotzen du. NATOren itunari aurre egitea zuen helburu nagusi.

1955-1972
Espazioko lasterketa

Espazioko lasterketa

Espazioko lasterketa Ameriketako Estatu Batuen eta Sobietar Batasunaren arteko lehia izan zen, espazioa konkistatzeko. Gerra Hotzaren garaian bi herrialdeen arteko lehia teknologikoaren ardatz nagusietako bat izan zen, ez aplikazio militarrengatik bakarrik, baita iritzi publikoan izan zuen eraginagatik ere. Lorpen nagusiak kanpoko espazioa satelite artifizialen bidez esploratzea eta gizakiak espaziora bidaltzea izen ziren.

Sobietar Batasunak 1961ean Vostok 1 espazio-ontzia jaurti zuen, Juri Gagarin astronauta barruan zuela. Juri Gagarin sobietar kosmonauta espaziora bidaiatu zuen lehen pertsona izan zen. Ondoren, 1963an, Valentina Terexkova lehen emakume astronauta bidali zuten espaziora. 1969an Estatu Batuek Apolo 11 espazio-ontzia ilargiratzea lortu zuten, eta Neil Amstrong izan zen ilargian oinez ibili zen lehen pertsona.

1955-1975
Vietnamgo Gerra

Ipar Vietnamgo gobernu komunistaren eta Hego Vietnamgo gobernu kapitalistaren arteko gatazka izan zen. Ipar Vietnamgo gobernu komunistaren menpean bi lurraldeak bateratzeko aukera zegoen. Aukera horrek Sobietar Batasunaren eta Txinaren laguntza zuen, baita hegoaldean jarduten zuen gerrillarena ere (Vietkong). Testuinguru horretan, Estatu Batuek armak eta militarrak bidali zituzten, Hego Vietnamgo defentsaren alde. Hala ere, Estatu Batuek gerra galdu zuten, eta 1975ean erretiratu ziren. 1976an, Vietnam gobernu komunistaren menpean bateratu zen. Hori domino-efektuaren adibide ona da, Estatu Batuek Asian komunismoaren hedapena saihesteko esku-hartzea erabaki baitzuten.

1956
Hungariako Iraultza

Hungariako matxinada

Hungariako Iraultza izan zen Sobietar Batasunaren menderatzearen eta erregimen komunista ezartzearen aurkako herri-matxinada. Budapesten hasi eta Hungaria osora zabaldu ziren protesta herrikoi batzuk izan ziren. 1956ko urrian, behin-behineko gobernu bat osatzea lortu zen, hauteskunde askeak eta Varsoviako ituna erretiratzea promes egin zuena. Hala ere, Sobietar Batasunak, matxinada hark bere boterearen eta ideologiaren hedapena mehatxatzen zuela ikusita, tropak bidali zituen Hungariara. Hilabete eskasean iraultza erreprimitua izan zen, eta haren buruzagiak exekutatuak izan ziren Sobietar Batasunaren aginduz.

1956
Suezko kanalaren krisia

Suezko kanala Egipton dagoen itsas kanal artifizial bat da, eta Itsaso Gorria eta Mediterraneo itsasoa lotzen ditu. Funtsezkoa da mendebaldeko herrialdeen petrolio-hornidurarako. Kanala Suezko Kanalaren Konpainiak kudeatzen zuen, inbertitzaile britainiar eta frantziarren esku zegoenak. Garai hartan, Egiptok dirua behar zuen Aswango presa eraikitzeko, baina AEBk eta Erresuma Batuak ukatu egin zioten, errepresalia gisa, Egiptoko gobernua Sobietar Batasunera hurbildu zelako. Testuinguru hartan, Egiptoko presidente Gamal Abdel Nasserrek kanala nazionalizatzea erabaki zuen. Erresuma Batuak, Frantziak eta Israelek berehala eraso zioten Egiptori. Hala ere, nazioarteko komunitateak eraso hori gaitzetsi egin zuen, eta AEBk presioa egin zuen gatazka amai zezaten. Azkenean, herrialde inbaditzaileak erretiratu egin ziren, eta Nasser mundu arabiarreko lider nagusietako bat bihurtu zen.

1961-1989
Berlingo harresia

1949 eta 1961 artean, ia 3 milioi lagunek utzi zuten Alemaniako ekialdea mendebaldera pasatzeko, horietako asko gazte profesionalak ziren. Egoerarekin kezkatuta, sobietarrek 46 kilometroko alanbre-hesi bat jarri zuten Berlingo ekialdea eta mendebaldea banatzeko. Denborarekin, 1961ean, alanbre-hesia hormigoizko horma bihurtu zen, eta Gerra Hotzeko bi blokeen arteko aurkakotasunaren sinbolo bihurtu zen.

1962
Kubako misilen krisia

Kubako misilen krisia

Kubako iraultzaren ondoren, Fidel Castrok Estatu Batuetako enpresak nazionalizatu zituen, eta Sobietar Batasunarekin harreman komertzialak izaten hasi zen. Estatu Batuak Kuba inbaditzen saiatu ziren 1961ean, baina ez zuten lortu. 1962an, Estatu Batuek bazekiten misil nuklearren base batzuk eraiki zirela Kuban eta sobietarren ontziek misil nuklearrak zeramatzatela. Estatu Batuek itsas blokeoa ezarri zioten Kubari, eta, hainbat egunetako tentsioaren ondoren, ontzi sobietarrek buelta eman zuten. Sobietar Batasunak Kuban eta Estatu Batuek Turkian, base nuklearrak kentzea hitzartu zen. Krisi hau bi blokeen arteko gerra nuklearraren etengabeko arriskuaren adibidea da.



1968
Arma nuklearrak ez ugaltzeko ituna

Gerra Hotzean, mundua arma nuklearren erasoaren mehatxupean bizi izan zen. Egoera horren aurrean, mundu mailan ahalegin handia egin zen arma nuklearren ugaritzea saihesteko eta armagabetzea sustatzeko, baita energia nuklearra helburu baketsuetarako bultzatzeko ere. Azkenik, 191 herrialdek sinatu zuten arma nuklearrak ez ugaltzeko ituna sortu zen. Bost Estaturi soilik onartu zitzaien arma nuklearrak edukitzea: Estatu Batuak, Erresuma Batua, Frantzia, Sobietar Batasuna eta Txinako Herri Errepublika. Gainerako herrialdeek arma nuklearrak ez egiteko edo eskuratzeko konpromisoa hartu zuten.



1968
Txekoslovakiaren inbasioa

Txekoslovakiaren inbasioa

1968an, Txekoslovakiak irekiera-prozesu bat hasi zuen. Gobernuak proposatu zuen zentsura lasaitzea, polizia sekretuaren jarduerak mugatzea eta alderdi anitzeko gobernuan parte hartzeko aukera ematea. Liberalizazio horri erantzunez, Varsoviako Ituneko herrialdeek (Sobietar Batasuna, Hungaria, Polonia eta Bulgaria) Txekoslovakia inbaditu zuten. Liberalizazio-saiakera guztiak bertan behera geratu ziren eta armada sobietarra 1991ra arte egon zen herrialdean.



1979-1989
Afganistango inbasioa

1979an, Sobietar Batasunak Afganistan inbaditu zuen, gobernu komunistari eusteko eta Sobietar Batasunaren aldeko erregimen bat sendotzeko. Horrek Gerra Hotzeko tentsioa areagotu zuen, izan ere, AEBk eta Mendebaldeko aliatuek oposizioan zeuden Mujahidinen aldeko matxinatuak babestu baitzituzten armekin eta diruarekin. Gerrak iraun zuen 10 urteetan sobietarrek erresistentzia gogorra topatu zuten mendialdean borrokatzen zuten Mujahidinen gerlari islamisten eskutik. AEBk Pakistanen eta Saudi Arabiaren bidez lagundu zieten. Mikhail Gorbatxoven erreformen ondorioz, Sobietar Batasuna Afganistandik ateratzeko prozesua hasi zen. 1989an, sobietar tropak erretiratu egin ziren. Porrot militar eta politiko handia izan zen hori.



1983-1989
Galaxietako gerra

Galaxietako gerra

Star Wars, zinemako saga eta fenomenoa izateaz gain, Gerra Hotzaren garaiko estrategia militar baten izena ere bada. Garai hartako AEBko presidenteak, Ronald Reaganek, misil nuklearrak geldiarazteko, espazioan oinarritutako defentsa-sistema bat proposatu zuen, eta nazioarteko prentsak “Star Wars” (Galaxietako gerra) deitu zion plan hari. Sobietar Batasunak plana mehatxu larritzat jo zuen eta arma nuklearren oreka hautsi zezakeela esan zuen; horrek bi blokeen arteko tentsioa areagotu egin zuen.



1989-...
Berlingo Harresiaren eraisketa
eta iraultza demokratikoa
Ekialdeko herrialdeetan

1989an, Ekialdeko Europan aldaketa handiak izan ziren; horien artean garrantzitsuenetarikoa Berlingo Harresiaren eraisketa izan zen. 1989ko azaroaren 9an, Alemaniako Errepublika Demokratikoak (Ekialdeko Alemania) muga ireki zuen, eta horrek Berlingo Harresiaren eraistea eragin zuen. Hori ekintza sinboliko handia izan zen, sistema komunistaren gainbehera hasi zela irudikatzen baitzuen, eta Gerra Hotzaren bukaera. Harresiaren botatzeak bi Alemaniak berriz batzea ekarri zuen, baita Europan askatasunaren eta itxaropenaren haize berriak zabaltzea ere.



Gehi sinboloa

Euskal Herria eta
Gerra Hotza

Euskaldunek ere parte hartu zuten Gerra Hotzean, batez ere Informaziorako Euskal Zerbitzuaren bidez, hau da, Gerra Zibilean Eusko Jaurlaritzak sortu zuen espioitza- agentzia bidez. Erbestean zeuden euskaldunek aliatuei lagundu zieten, Eusko Jaurlaritza konbentzituta baitzegoen faxismoaren porrotak Francoren porrota ere ekarriko zuela. Hala ere, Bigarren Mundu Gerraren ondoren lehentasuna komunismoarekiko konfrontazioa izan zen. Dena den, amerikarren eta Euskal Informazio Zerbitzuaren arteko espioitza-harremanak iraun egin zuen Gerra Hotzaren garaian. Euskaldunek espero zuten komunismoaren porrotak berekin ekartzea estatubatuarrek Francori ematen zioten babesaren amaiera. Zoritxarrez, hori ez zen inoiz gertatu, eta, horren ordez 1959an Eisenhower presidenteak, Espainiara egindako bisita ofizialean, erregimen frankistari babesa eman zion.

Espioitza-agenteei dagokienez, José Félix de Lequerica aipa daiteke. Bigarren Mundu Gerran eta Gerra Hotzean aliatuekin harremanetan egon zen, nahiz eta haren parte-hartzeari buruzko informazioa murritza izan.