Aginteak eta gobernantza

Gobernu-erak historian barrena

GLOSATEGIA


  • ABOLIZIOA. Kriminalizatu diren jokabideei ezartzen zaizkien zigorrak (adibidez, heriotza zigorra) eta bidegabetzat edo zentzugabetzat hartzen diren legeztatutako egoerak (adibidez, esklabotza) bertan behera uztea da. Legezkotzat hartzen zena legez kanpo uzten da.
  • AHAIDE NAGUSI. Erdi Aroko handiki edo jauntxoak ziren, Euskal Herriko aitoren semeen maila goreneko leinuak... Odol berekoak, familia arteko lotura dutenak, senitartekoak. Euskal lurraldeetan, leinu edo familia bateko anaiak, ilobak, lehengusuak… Ahaide Nagusiaren babesean biltzen ziren. Hasieran, lurralde eta artaldeen jabe ziren, eta, gero, eliza batzuen zaindari. Ondoren, hainbat ola eta errotaren jabe egin ziren. Gero eta aberastasun gehiagoren jabe egin ziren, eta etxeak dorre bihurtu zituzten.
  • AMERIKETAKO ESTATU BATUEN INDEPENDENTZIA GERRA. (1775-1783) Britainia Handiak Ipar Amerikan zituen hamahiru Kolonien eta Britainia Handiaren arteko gerra izan zen. Independentzia-gerra baino gehiago, benetako iraultza izan zen. Horren ondorioz herritarren eskubide-berdintasuna legearen aurrean, botere-banaketa eta gizakiaren eskubideen errespetua oinarri zituen munduko lehenengo konstituzioa sortu zen.
  • BASAILUTZA. Legez, ohituraz edo akordioz pertsona bat, basailu esaten ziotena alegia, zerbitzu batzuen truke jaun baten babes eta menpean jartzen zen. Bereziki Europan nagusitu zen Erdi Aroan, feudalismoa izeneko sistema sozioekonomikoan.
  • BATZARRAK. Bilera; bereziki, erakunde batek bere arazoen inguruan hitz egiteko eta erabakiak hartzeko aldika egiten duena; horrelako bileran esku hartzen duten lagun-multzoa.
  • BIGARREN MUNDU GERRA. 1939tik 1945era arte gertatu zen gerra armatu handia izan zen. 70 herrialdek baino gehiagok hartu zuten parte. Estatuak bi aliantza militarretan banatu ziren. Alde batetik, Aliatuak (Erresuma Batua, Frantzia, Estatu Batuak eta Sobietar Batasun, besteak beste) eta bestaldetik, Ardatzeko potentziak (Alemania, Japoniar Inperioa eta Italia, besteak beste). Historiako gerrarik handiena izan zen, eta beste edozein gerratan baino jende gehiago hil zen.
  • BOTERE-BANAKETA. Estatu demokratikoak antolatzeko modua da. Funtzio legegilea, exekutiboa eta judiziala independenteak dira eta elkarren artean kontrolatzen eta mugatzen diren erakundeen bidez gauzatzen dira. Horrela eragotzi egiten da boterea gehiegikeriaz erabiltzea. Hiru botere-mota daude.
    • Botere exekutiboa (Gobernua): Estatua kudeatzen du.
    • Botere legegilea (Legebiltzarra): Legeak egiten ditu.
    • Botere judiziala (Auzitegiak): Konstituzioa eta legeak betetzen direla zaintzen dute.
  • EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOA. Espainiako autonomia erkidego bat da. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa lurralde historikoek osatzen dute eta 1979. urtean sortu zen. Eusko Jaurlaritza eta Eusko Legebiltzarra dira antolamendu politikoaren organo gorenak eta Gernikako Estatutua da erkidegoa arautzen duen lege gorena.
  • EUSKO ALDERDI JERTZALE (EAJ). Euskal Herriko alderdi politiko abertzale eta kristau demokrata da. Alderdiko kideei jelkide esaten diete, eta zaleei eta haren ideologiari, jeltzale.
  • EUSKO JAURLARITZA. Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde administratibo eta betearazle gorena da. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako lurraldeetan du eskumena. Eusko Jaurlaritzako egoitza nagusia Gasteizen dago eta Jaurlaritzaren burua lehendakaria da.
  • ERRESUMA. Errege/erregina baten agindupeko lurraldea da, baita sistema politikotzat monarkia duen herrialdea ere. Erresuma ez da nahitaez estatu burujabea, estatu baten zatia ere izan baitaiteke, inperio batena, esaterako.
  • FAXISMO. Faxismoa eskuin muturreko gobernu-mota da, herrialdeko botere gehiena edo osoa agintari bakar baten esku uzten duena. Historikoki, XX. mendean, hiru estatu faxista handi izan ziren: Benito Mussoliniren Italia, Adolf Hitlerren Alemania nazia eta Francisco Francoren Espainia.
  • FEUDALISMOA. Erdi Aroko Europan indarrean egon zen sistema politiko, ekonomiko eta soziala izan zen, gutxi gorabehera IX. eta XV. mendeen artean iraun zuena. Sistema hau lurraren jabetzan oinarrituta zegoen: erreinuko lur guztia Erregearena zen, baina errege edo enperadoreak lurra ematen zien bere jarraitzailerik garrantzitsuenei (jaun edo nobleei edota Elizako agintariei), gerrarako zerbitzu militarrak eskaintzearen truke edota zergak eta tributuak ematearen truke.
  • FORU. Leku edo lurralde bateko usadio eta ohiturak biltzen eta finkatzen dituzten arau idatziak dira Foruak, baita erregeak edo jaunak hiribildua osatzen zuen komunitate bati emandako arau, pribilegio, eskubide eta betebeharrak ere.
  • FRONTE POPULAR. Espainiako II. Errepublika garaian, 1936ko hauteskundeetan ezkerreko alderdiek Fronte Popularra izeneko koalizioa osatu zuten.
  • FRANCISCO SERRANO. (1810-1885). Espainiar militar eta politikaria izan zen, erresumako erregeorde, Ministroen Kontseiluko presidentea eta lehen Errepublikako azken presidentea izan zena.
  • FRANCISCO FRANCO BAHAMONDE. (Ferrol, A Coruña, 1892ko abenduaren 4a – Madril, 1975eko azaroaren 20a) Espainiar militar eta diktadorea izan zen. Espainiako Bigarren Errepublikaren gobernu demokratikoaren aurka estatu-kolpe militarra jo eta Espainiako estatu-buru izan zen 1939tik eta 1975 arte, frankismoa deritzon aldian. Francoren jarraitzaileei frankistak esaten zaie.
  • FRANTZIAKO IRAULTZA. Aro Garaikideari ateak zabaldu zizkion gertakizuna izan zen. 1789-1799 urteen bitartean Frantzian gertatu zen prozesu gatazkatsu eta konplikatuaren poderioz, Antzinako Erregimena ezabatu egin zen eta arlo politiko eta sozialean aldaketa sakonak gertatu ziren. Ilustrazioko pentsamenduan oinarrituta, klase-pribilegioak, errepublikanismoa eta herritarren eskubideak aldarrikatu eta bultzatu zituzten iraultzaileek. Frantziako Iraultzaren eragin politikoa eta ideologikoa Europa osoan barrena zabaldu zen.
  • GIZA ESKUBIDEAK. Pertsona guztiok, gizaki izateagatik, ditugun eskubideak dira. Giza eskubideen oinarria nagusia hauxe da: pertsona guztiak berdinak garela. Beraz, eskubide berberak izan behar ditugu, edozein izan arren gure sexua, adina, nazionalitatea, jatorria, erlijioa, hizkuntza, sexu-joera, posizio ekonomikoa edo bestelako ezaugarriren bat.
  • GORTE. Erregearekin batera edo haren inguruan bizi diren senide, aholkulari eta beste handikiak.
  • ILUSTRAZIOA. Argien Garaia edo Ilustrazioa XVII. eta XVIII. mendeetako kultura higikundea izan zen. Arrazoimena hartzen zuen gizonaren funts eta oinarritzat.
  • JAZARRI (JAZARPENA). Arraza, erlijio edo ideologia politiko jakin bateko pertsona-talde bat isilarazteko eta erasotzeko ekintza.
  • JOPUTZA. Legez, ohituraz edo akordioz pertsona bat, jaun izeneko beste pertsona baten lurretan zenbait zerbitzu eta ordainsarien truke bizi eta lan egiten dueneko egoera da. Pertsona horri jopu esaten zaio eta bereziki Europan nagusitu zen Erdi Aroan, feudalismoa deritzon sistema sozioekonomikoan. Basailua ez bezala, jopua ez zen askea, jabearen menpekotasun osoan zegoen, esklabotzaren antzeko baldintzetan.
  • KANTONALISMO. XIX. eta XX. mende hasieran Espainian garatu zen korronte politikoa izan zen. Horren helburua estatuaren egitura behetik gora federalki osatzea zen, oso autonomia handiko kantoien bidez.
  • KARLISTALDI EDO GERRA KARLISTA. Karlistaldiak edo gerra karlistak —karlistada izenez ere ezagunak— Hego Euskal Herrian eta Espainian XIX. mendean gertatutako gerra zibilak izan ziren, eta hegoaldeko euskal lurraldeak izan ziren gune nagusi.
  • KOMUNISMO. Klase sozialik gabeko gizarte baten eraketa sustatzen duen mugimendu politikoa da. Ekoizpen bideak jabetza komunekoak dira eta jabetza pribatua abolitzen da. Praktikan, herrialde komunistak alderdi bakar baten (Alderdi Komunista) gobernuan oinarritutako diktadurak dira, eta alderdi horretako buruzagiek botere osoz gobernatzen dute.
  • LEHEN MUNDU GERRA. XX. mendearen hasieran (1914 eta 1918 bitartean) gertatu zen gerra handia izan zen; batez ere Europan gertatu zen, baina munduan garai hartan zeuden potentzia handi ia guztiek eta beste herrialde txiki askok ere parte hartu zuten.
  • MIGUEL PRIMO DE RIVERA Y ORBANEJA. (Jerez de la Frontera, 1870eko urtarrilaren 8a - Paris, 1930eko martxoaren 16a) Militar, politikari eta diktadore espainiarra izan zen. 1923an, armadaren eta alderdi kontserbadoreen laguntzarekin, estatu kolpea eman zuen diktadura ezarriz. Primo de Rivera boterean mantendu zen 1930ean dimisioa eman zuen arte.
  • PRONUNZIAMENDU. Jazarraldi edo altxadia militar-matxinada mota bat da, Espainian, Hispanoamerikan eta Portugalen XIX. eta XX. mendeetan sarritan eman zena.
  • SUFRAGIO UNIBERTSALA. Adinez nagusiak diren hiritar guztiei botoa emateko eskubidea ematen dien hauteskunde-sistema da. Hau da, ez zaio botoa ukatzen adinez nagusia den herritar bati, edozein dela ere bere egoera ekonomikoa, sexua, arraza edo erlijioa.
  • TEOKRAZIA. Gobernu era honetan buruzagi politikoak eta buruzagi erlijiosoak bat datoz eta bertako erlijioak gobernuaren politikan eragin handia du; normalean gobernuak Jainkoaren izenean agintzen duela aldarrikatzen du.
  • TRANTSIZIOA. Espainiako trantsizioa Francisco Franco diktadorea 1975ean hil zenetik 1977an lehen hauteskunde libreak egin ziren arteko garai historikoa da; hau da, diktadura batetik demokrazia parlamentariorako aldaketa.