Sufragistei esker. Emakumeen boto-eskubidearen ibilbidea webgunearen helburua da emakumeen sufragismoa edo botoa emateko eskubidea lortu arteko ekimenen jatorria eta ibilbide historikoa denbora-lerro baten bitartez azaltzea. Hauteskunde-sistema Frantziar Iraultzari esker lortu zen, eta borroka sozial eta politiko askoren ardatz nagusietako bat izan zen. Hala ere, XIX. mendean, gizonezkoek baino ez zuten izan boto-eskubidea. Herrialde gehienetan, emakumeek XX. mende betera arte ez zuten lortu botoa emateko eskubidea.
Sufragio unibertsala estatu bateko herritar heldu guztiek botoa emateko eskubidea da, eta ez da egiten arrazan, sexuan, sinesmenetan edo gizarte-baldintzetan oinarritutako inolako bereizketarik. Baina hori ez da beti horrela izan. XVIII. mendean zehar, gobernu-ordezkariak aukeratzeko hainbat modu probatu zituzten, boto-eskubidea murriztuz eta elite jakin baten esku utziz. Denboraren poderioz, ordea, herritar guztiei aitortu zitzaien botoa emateko eskubidea. Emakumeen ekarpena garrantzitsua izan da horretan guztian, XX. mendean manifestazio handiak egin baitzituzten eskubide hori aldarrikatzeko. Eskubide unibertsal hori lortu ondoren, eskubide zibilen aldeko erakundeek arraza edo gizarte-baldintzak direla-eta bazterkeriarik ez egiteko aldarrikatzen jarraitu zuten.
Webgunearen gai nagusia emakumeen sufragio unibertsala izango da, eta mundu osoko emakumeek eskubide unibertsal hori lortzeko egin behar izan zuten ibilbidea. Eduki guztiak era praktikoan, erakargarrian eta ludikoan jasoko dituzte DBHko ikasleek, baita gaian interesa duen edonork ere.
1. HELBURU OROKORRA
Sufragistei esker. Emakumeen boto-eskubidearen ibilbidea ikasmaterialaren xede nagusia Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako bigarren zikloan Geografia eta Historia irakasgaiaren lagungarri zuzena izatea da, hau da, era praktiko batean azaltzea ikasleei emakumeen sufragismoaren jatorria eta botoa emateko eskubidea lortu arteko ibilbide historikoa denbora-lerro baten bitartez.
2. HELBURU DIDAKTIKOA
- Emakumeen boto-eskubidearen historia ezagutaraztea.
- Emakumeek lortutako eskubide zibil eta politikoak balioestea.
- Emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasunaren aldeko borrokaren iritzi kritikoa edukitzea.
- Orain arteko lorpenez zein hobekuntzaz ohartzea, eta modu positiboan baloratzea, atzerapausoak ekiditeko.
- Norberaren erabakietan eragina duten hainbat faktoreri buruz hausnartzea.
3. FUNTSEZKO KONPETENTZIAK
Txosteneko arlo hau LOMLOE curriculumean oinarrituta dago. Lomloe curriculumak zehazten duenez, ikaslearen irteera profila da Oinarrizko Hezkuntza amaitzean ikasleek eskuratu beharreko funtsezko konpetentzien garapen-maila zehazten duen tresna. Hona hemen konpetentzia horiek zein diren:
- Hizkuntza-komunikaziorako konpetentzia (HKK).
- Konpetentzia eleaniztuna (KE).
- Matematikarako konpetentzia eta zientzia, teknologia eta ingeniaritzarako konpetentzia (STEM).
- Konpetentzia digitala (KD).
- Konpetentzia pertsonala, soziala eta ikasten ikastekoa (KPSII).
- Herritartasunerako konpetentzia (HK).
- Ekintzailetza-konpetentzia (EK).
- Kontzientzia eta adierazpide kulturaletarako konpetentzia (KAKK).
Gure proposamenak honako konpetentzia hauekin egiten du bat:
- 3. konpetentzia espezifikoa: Sistema demokratikoak eta horien oinarrizko legeak eraikitzera —konstituzioak— iritsi arte Historian zehar izan diren antolaketa politiko motak azaltzea, komunitatean bizitzeak berezkoak dituen betebeharrak eta eskubideak onartuz, herritarren parte-hartzea eta gizarte-kohesioa sustatzeko.
-
4. konpetentzia espezifikoa: Denboran zehar gizarte desberdinek izan dituzten erronka nagusiak ezagutzea, gertatutako aldaketen kausak eta ondorioak eta gaur egun konpondu behar dituzten arazoak identifikatuz, ikerketa-proiektuak garatuz eta informazio-iturri fidagarriak erabiliz, errealitatea ulertzeko eta egungo erronken aurrean proposamen alternatiboak aintzat hartzeko.
-
7. konpetentzia espezifikoa: Talde-identitateen jatorri eta kausa historikoak, eta horiek munduaren konfigurazio eta herentzia sozial, politiko eta kulturalerako elementu gisa duten eginkizuna ezagutzea, euren eboluzioa kritikoki aztertuz, gaur egun duten esanahia ulertzeko, gizatalde baten kide izatearen sentimenduak errespetatzeko, eta sortu eta sortzen duten ondare-aberastasuna eta legatu historiko eta kulturala baloratzeko.
-
8. konpetentzia espezifikoa: Egungo kultura anitzeko errealitatea osatu duten prozesu geografikoak, historikoak eta kulturalak ezagutzea eta ulertzea, aniztasunaren aberastasuna aintzatetsiz eta berdintasunaren, inklusioaren eta gutxiengoekiko errespetuaren aldeko mugimenduen ekarpena baloratuz, diskriminazio mota oro saihesteko.
-
9. konpetentzia espezifikoa: Zibilizazioek Historian zehar egin dituzten ekarpen kulturalak, artistikoak, zientifikoak eta pentsamenduzkoak ezagutzea eta balioestea, Euskal Herriari eta Espainiari arreta berezia eskainiz, mendebaldeko kulturaren erroak eta eraldaketak ulertzeko eta egungo edozein kulturaren adierazpenak errespetatzeko.
4. TESTUINGURU METODOLOGIKOA
Metodologia ezagutza informazio-unitate txikietan banatzea oinarritzen da, eta denbora-lerro batek ematen dio egitura. Lehenik eta behin, hogei (20) data esanguratsu aurkezten dira eta data bakoitzak testua, GIF formatuko irudia edo bideo labur bat edukiko ditu. Eduki horiek testu formatuan (PDF) ere eskaintzen dira, irakurketa patxadatsuagoa, sakonagoa eta erraza behar duenarentzat. Ikasleek gaiaren ezagutza ebalua dezakete, bakarka, test baten bitartez edo hiru talde-dinamikaren bidez. Dinamika horiek bereziki garrantzitsuak dira, hainbat helburu pedagogiko betetzen baitituzte: batetik, ikaslearen autonomia sustatzen dute informazio fidagarria bilatzeko eta antolatzeko; bestetik, talde-lana sustatzen dute eta landutako gaiei buruzko elkarrizketa eta eztabaida bultzatzen dute. Azkenean, ikasleak baliabide osagarrien zerrenda bat izango du eskura, eskuratutako ezagutzetan sakontzeko.
5. BARNE-EGITURA ETA NABIGAZIOA
Sufragistei esker. Emakumeen boto-eskubidearen ibilbidea ikasmaterialaren erabilera hainbat edukiren arteko nabigazio eta elkarreraginean oinarritzen da. Ikasleak gehien interesatzen zaion informazioan nabigatzeko aukera edukiko du. Ikasleak orri nagusian denbora-lerro bat izango du, guztira 20 data jasoko dituena. Data bakoitzak idatzizko efemeride bat izango du eta horietako bakoitza GIF formatuko irudi batez edo bideo labur batez lagundurik joango da, eta horrek informazioa eta kontzeptuak argitzen eta osatzen lagunduko du. Aldi berean, elkarreraginetarako aukera bideratuko du, ikasmateriala alde teorikoa eta praktikoa bateratzen dituen sekuentzia didaktikotan banatua baitago.
Lan egiteko planteamendu metodologikoa ikasleak berak erabakitzen duenaren araberakoa izango da:
- Batetik, gunea ikasleak bakarka, taldean edota lan kooperatiboan aritzeko prestatuta dago, eta denen parte-hartze aktiboa eskatzen da, bai irakaslearen eta ikasleen artean, bai ikasleen beren artean ere.
- Bestetik, webguneak irakasleen rol-aldaketa ahalbidetzen du, ikaslea bera orientatzaile bihurtzen baita. Ikasteko metodologia berriez jabetuz eta aparteko ikasketa-ohiturak eskuratuz ikasleek beren heziketa osatuko dute. Ikasmaterialeko atal guztiak (edukiak, jarduerak, baliabideak, laguntza eta abar) une oro eskuragarri ditu erabiltzaileak pantaila guztietan agertuko den menu bati esker; horrela, eduki batetik bestera nabigatzeko aukera edukiko du.
-
Azkenik, eduki teorikoez gain, ikasleak horiekin lotutako hainbat alderdi bakarka nahiz taldean lantzeko eta ikasteko aukera izango du, edukiak barneratzeko orduan testuak eta ikus-entzunezkoak bide ezberdinak baitira. Ikasleak gero eta ohikoagoa den online-heziketaren gaineko metodologiak ikasteko aukera edukiko du.
EGITURA
Sufragistei esker. Emakumeen boto-eskubidearen ibilbidea guneko edukiak modu didaktiko, atsegin eta dibertigarrian aurkeztuko dira.
Alde batetik, webgunearen ardatza izango den denbora-lerro baten bitartez emakumeen sufragismoaren historia eta garapena aurkeztu da. Asmoa da eduki guztiak bizkarrezurra izango den denbora-lerro baten bitartez aurkeztea. Bertan 20 data egongo dira emakumeen boto-eskubidearen ibilbidearen efemeride bat azalduko duena. Data horietako batzuk euskal sufragismoko efemerideak izango dira, gure lurraldean ere mugimendu horren aztarnak topatzen baititugu.
Aldi berean, testu-azalpena ikus-entzun formatuko baliabide batez lagundurik egongo da, eta edukia barneratzen lagunduko dute. Gainera, kontuan hartuko dugu ikaslearentzat lehen aldia izan daitekeela emakume sufragistei eta hauteskunde-sistemari lotutako kontzeptu eta ideiak ikasten dituela eta kontzeptu horiek nahiko abstraktuak izan daitezkeela. Kontzeptu horietan modu errazean sakontzeko asmoz jarriko ditugu ikaslearentzat eskuragarri ikus-entzunekoak eta baita Glosategia eta Lotura interesgarrien atala ere, besteak beste. Pantaila zona ezberdinetan banatuta egongo da:
- Goiburuko menua:
- Ataria: ikasmaterialaren lehen sarrera eta webguneko edukiak eta jarduerak.
- Gida didaktikoa: webgunearen azalpen orokorra.
- Baliabideak: gaiaren gaineko liburuen zerrenda edota Interneten gaiarekin lotuta dauden helbide interesgarriak.
- Webgunearen mapa.
- Glosategia: webgunean agertzen diren zenbait kontzepturen definizioa.
- Ebaluazioa: landu diren edukietan eta ikasgaiarekin loturiko konpetentzietan trebatzeko aukera ematen duten ariketak.
- Autoebaluazioa: 10 galderez osatutako testa.
- Talde-dinamikak: taldean eta modu kooperatiboan lantzeko 3 ariketa praktiko daude. Horien helburua da taldean lan egiten ikastea, ados jartzen ikastea eta ikasitakoa praktikan jartzea. Aldi berean, talde-dinamikek hezkuntzako IKT tresnak ezagutu eta horiek praktikan jartzeko aukera ematen dute.
- Laguntza: ikasleak webgunea ulertzeko eta bertan nabigatzeko beharrezko azalpenak.
Goialdeko menua une oro egongo da erabiltzailearen eskura.
- Erdialdea:
Webgunearen atal nagusia edukien atala da. Edukien bizkarrezurra 20 data edo efemeridek goitik behera osatutako denbora-lerroa izango da, zaharrenetik hasita. Data bakoitzak efemeridea azaltzeko testu txiki bat eta gif edo bideo labur bat izango ditu, informazioa osatzen laguntzeko.
BESTE EZAUGARRI BATZUK
- Formatu argia diseinatzen saiatu gara: kolore zuria da nagusi, eta tipografia irakurterraza aukeratu dugu (sans-serif motakoa).
- Erabiltzaileentzat ezagunak diren ikonoak baino ez ditugu erabili, webgunearen erabilera errazteko.
- Ikasleak une oro ditu eskuragarri informazio-gehigarriak: Baliabideak eta Laguntza.
- Ikus-entzunezko materialetan azpitituluak gehitzeko aukera dago entzuteko desgaitasuna duten ikasleentzat.
- Ikasmaterial honetako eduki guztiak bi formatutan aurkezten dira: nabigatzekoa (HTML formatua) eta inprimatzekoa (PDF formatua).
6. HEZKUNTZA KOMUNITATEA
Ikasmaterial honetako eduki guztiak bi formatutan aurkezten dira: nabigatzekoa (HTML formatua) eta inprimatzekoa (PDF formatua). Bestetik, webgunea kanpoko zerbitzari batean ostatatua egoteaz gain (gutxienez 5 urtez bermatzen da), EIMA katalogoan jarriko da hezkuntza-komunitatearen esku (eimakatalogoa.eus).
Bertan aurkezten den eduki guztia (testuak, argazkiak nahiz ekoitzitako ikus-entzunezko edukiak eta bideoak) Creative Commons Share Alike (CC BY-SA - Aitortu-PartekatuBerdin 4.0) lizentziapean daude, edozeinek modu librean erabil ditzan.
7. EBALUAZIOA
- Autoebaluazio-testa: edukiak zer neurritan barneratu diren neurtzeko ariketa da.
- Talde-dinamikak: taldean egiteko jarduerak dira. IKT tresna digitalak ezagutzeko eta haiek modu praktikoan erabiltzeko aukera dira talde-dinamika horiek.
8. EBALUAZIO-IRIZPIDEAK
LOMLOEko hirugarren eta laugarren mailako ebaluazio irizpideekin bat egiten du proiektuak.
3. konpetentzia espezifikoa:
- 3.1. Gaiaren ulermena islatzen duten produktuen bidez, aro garaikideko antolaketa politikoaren eredu nagusiak mundu-mailan, estatu-mailan eta tokikoan adieraztea eta azaltzea; eskubide eta askatasun indibidual eta kolektiboak ezartzen lagundu zuten sistemei arreta berezia eskainiz, eta eskubide eta askatasun horiek erabiltzeko garaian atzerakadak izan zituzten aldiei edo egoerei kontrajarriz.
- 3.2. Aro Garaikidean kontzientzia solidarioa sortu, herritarren parte-hartzea eta gizarte-kohesioa sustatu eta desparekotasuna ezabatzeko lan egin zuten mugimenduak eta arrazoiak antzematea, parte hartzeko eta lan egiteko era guztietako estrategiak erabiliz.
4. konpetentzia espezifikoa:
- 4.2. Aro Garaikideko aldaketa historiko esanguratsuen prozesuak aztertzea, baita gizarteek aurre egindako erronka nagusiak ere, kausak eta ondorioak identifikatuz, irakasgaiaren berezko termino eta kontzeptu teknikoak erabiliz eta gertaerak sekuentzia kronologikoen bidez erlazionatuz.
7. konpetentzia espezifikoa:
- 7.1. Historia Garaikidean zehar garatu diren kultura-eta politika-prozesuak gaur egunera arte eraiki diren talde-identitateekin lotzea, norberaren eta besteen identitatea osatzen joan diren ezaugarriak ezagutuz eta errespetatuz, eta bakoitzaren esanahi askotarikoak eta kultura unibertsalari egindako ekarpenak aztertuz.
- 7.2. Aro Garaikideko ekarpenak identifikatzea eta azaltzea, ondare historiko, instituzional, artistiko eta kulturala munduko herritarren ondare komun gisa aintzat hartuz eta balioetsiz, eta tokiko, autonomiako, nazioko, Europako eta mundu osoko talde-identitateen oinarritzat onartuz.
8. konpetentzia espezifikoa:
- 8.2. Jarrera ez-diskriminatzaileak erakustea eta aniztasun soziala eta multikulturala aintzat hartzea, inklusioa, gutxiengo etniko-kulturalen onarpena eta kolaborazioa baloratuz, gizarte-kohesioa bultzatzen duten balio gisa.
- 8.3. Gizonen eta emakumeen benetako berdintasunaren alde argudiatzea, hainbat esparrutan aro garaikidean zehar emakumezko pertsonaia garrantzitsuek egindako ekarpena nabarmenduz eta baloratuz, eta edozein egoeratan generoagatiko edozein jarrera eta portaera diskriminatzaileren aurka jardunez.
9. konpetentzia espezifikoa:
- 9.1. Aro Garaikidean zehar, zibilizazioek egindako kultura-, arte-, zientzia- eta pentsamendu-ekarpen aipagarrienak ezagutzea eta azaltzea, eta egungo euskal eta espainiar kulturak garaiko korronte kulturalekin lotzea, egungo kulturen erroak nabarmenduz eta beste edozein adierazpen kultural errespetatuz.
EBALUATZEKO TEKNIKAK
- Autoebaluazioa
- Koebaluazioa
EBALUATZEKO TRESNAK
IKASLEEN EBALUAZIOA
- Autoebaluazioa: autoebaluzio-itua tresna proposatzen da ikasleek autoebaluazioa egiteko. Era berean, autoebaluazio hori egiteko irizpideak eta jarraibideak azaltzen dira.
- Koebaluazioa: talde-lana ebaluatzeko fitxa propioa bete behar da. Taldekide bakoitzak hainbat konpetentzia baloratuko ditu emandako irizpideak oinarri hartuz.
IRAKASLEEN EBALUAZIOA
- Irakasleak taldeko dinamiketan landutako gaitasunak baloratuko ditu, ebaluazio-orrian ematen diren irizpideei jarraituz.
9. BALIABIDEAK
Gaiaren gaineko liburu, film eta bestelako baliabide interesgarriak.
10. KREDITUAK
Proiektuaren egileak eta partze-hartzaileak:
- Ideia eta koordinazioa: Pilar Pérez Píriz eta Leire Mitxelena Erice
- Jatorrizko gidoia: Pilar Pérez Píriz eta Leire Mitxelena Erice
- Aholkulari pedagogikoa: Idoia Urkiri Azkoitia
- Hizkuntza-aholkularitza; Juan Mari Zurutuza Zapirain
- Webgunea eta diseinu grafikoa: Juan Mari Zurutuza Zapirain
- Irudi grafikoak: Andrés David Espinoza Álvarez (www.hezimubi.com)