Hasiera Gida Baliabideak Laguntza Glosategia Ebaluazioa

Sufragistei esker

Emakumeen boto-eskubidearen ibilbidea


GLOSATEGIA


  • BATZARRA. Bilera, bereziki erakunde batek dagozkion gaiei buruz hitz egiteko eta erabakiak hartzeko tarteka egiten duena; horrelako bilera batean parte hartzen duten lagun-multzoa.
  • ESPAINIAKO BIGARREN ERREPUBLIKA. 1931ko apirilaren 14an ezarri zen erregimen demokratikoa izan zen, alderdi errepublikanoek irabazi baitzituzten hauteskundeak eta Alfontso XIII.a erregea erbesteratu egin zen. Errepublika 1939ko apirilaren 1ean bukatu zen, Franco jeneralaren diktadura ezarri zenean.
  • ERROLDA-SUFRAGIOA. Hauteskunde-sistema bat da, botoa emateko eskubidea pertsona-talde jakin batzuei bakarrik aitortzen diena; botoa eman ahal izateko, zenbait baldintza bete beharra dago, adibidez, errenta jakin bat edo halako aberastasun-maila bat izatea.
  • FEMINISMOA. Gizartean emakumeen eskubideak bultzatzea bilatzen duen mugimendu soziala eta politikoa da. Pentsamendu feministak emakumeak gizarteko maila guztietan (politikan, lan munduan, familian, etab.) duen egoera hobetu eta emakume eta gizonen arteko parekotasuna lortu nahi ditu.
  • FRANTZIAKO IRAULTZA. 1789tik 1799ra Frantzian gertatutako gatazka gogor bat izan zen. Iraultza horren ondorioz, Luis XVI.a bota egin zuten erregetzatik, monarkia absolutua deuseztatu zuten Frantzian eta aldaketa politiko eta sozial sakonak gertatu ziren. Horren ondorioz, Frantziako Errepublika sortu zen, gaur egun oraindik irauten duen egitura politiko nazionala. Borroka horretan, herritar xumeak (burgesia eta herri xehea) aristokraten pribilegioen aurka borrokatu ziren (nobleziaren eta elizgizon aberatsen aurka).
  • GIZA ESKUBIDEAK. Pertsona guztiek, gizaki izateagatik, izan behar ditugun eskubideak dira. Giza eskubideen oinarria da gizaki guztiok berdinak garela sexua, adina, nazionalitatea, jatorria, erlijioa, hizkuntza, sexu-joera, posizio ekonomikoa edo bestelako ezaugarriak gorabehera.
  • JOHN STUART MILL (1806-1873). Erresuma Batuko filosofo, ekonomista eta politikaria izan zen. Haren filosofiaren oinarria zen ahalik eta pertsona gehienentzat zoriona bilatzea. Gutxiengoen eta klase behartsuen babesa defendatu zuen. Esklabotzaren aurka egin zuen, eta genero-berdintasuna aldarrikatu zuen.
  • LEHEN MUNDU GERRA. XX. mendearen hasieran (1914 eta 1918 bitartean) gertatu zen gerra handia izan zen; batez ere Europan gertatu zen, baina munduan garai hartan zeuden potentzia handi ia guztiek eta beste herrialde txiki askok ere parte hartu zuten.
  • MARIE-JEAN-ANTOINE NICOLAS DE CARITAT (1743-1794). Condorceteko markesa, frantses filosofo, matematikari eta politikaria izan zen. Iraultza frantsesaren garaian legebiltzarreko lehendakaria eta Konbentzioko diputatua izan zen. Irakaskuntza publikoaren erreformarako proiektu bat aurkeztu zuen. Girondarren taldekoa zenez, Luis XVI.aren exekuzioaren eta jakobinoek egindako konstituzioaren kontra bozkatu zuen, eta hiltzera kondenatu zuten horregatik. Zigorra bete aurretik hil zen kartzelan.
  • NBE-NAZIO BATUEN ERAKUNDEA. Nazio Batuen Erakundea 1945eko urriaren 24an sortu zen. Gaur egun, 193 estatuk osatzen dute, eta helburu nagusi hauek ditu: nazioarteko bakea eta segurtasuna mantentzea, nazioen artean adiskidetasunezko harremanak garatzea, nazioarteko elkarlana lortzea eta nazioen ekintzak harmonizatzea.
  • SUFFRAGETTE. XIX. eta XX. mendeko emakume britaniar erradikal sufragistei jarri zitzaien izena da. Emakumeen sufragismoaren barruan, ekintza zuzenaren aldeko erradikal britaniarrak gainerakoengandik bereizteko erabiltzen den hitza da.
  • SUFRAGIO UNIBERTSALA. Adinez nagusiak diren herritar guztiei botoa emateko eskubidea ematen dien hauteskunde-sistema da. Hau da, adinez nagusia den herritarrak botoa emateko eskubidea du, edozein dela ere herritarraren egoera ekonomikoa, sexua, arraza edo erlijioa.