Sufragistei esker
Emakumeen boto-eskubidearen ibilbidea
Egungo demokraziek sufragio unibertsala dute oinarri; hau da, adinez nagusi diren herritar guztiei botoa emateko eskubidea ematen dien hauteskunde-sistema, normalean parlamentuetan parte hartzen duten ordezkariak eta gobernuburuak aukeratzeko erabiltzen dena. Dena den, ez da beti horrela izan. XX. mendera arte, errolda-sufragioa zen ohikoena. Modalitate horretan, biztanleriaren zati handi bat boto-sistematik kanpo geratzen zen arrazoi ekonomiko, sozial edo sexu- eta arraza-arrazoiengatik. Hori horrela, emakumeek ez zuten botoa emateko eskubiderik.
Webgune honek, denbora-lerro bat ardatz hartuta, emakumeek boto-eskubidea lortu zuten arteko bide luzea aztertzen du, eta, data eta momentu garrantzitsuenen aipamena egiteaz gain, bidean parte hartu zuten hainbat emakume esanguratsuren biografiak (ibilbideak) ere ezagutuko ditugu.
Jar gaitezen martxan!!
1789
Frantziar Iraultzako ekintzen artean, emakumeek eta langileek Versaillesera egin zuten martxaren ondorioz, erregearen gorteak Parisera itzuli behar izan zuen. Martxa hartan, lehen aldiz eskatu zuten boto-eskubidea emakumeek.
1791
Emakumearen eta Emakumezko Herritarraren Eskubideen Adierazpena aurkeztu zuen Olympe de Gouges-ek Frantziako Asanblea Nazionalaren aurrean. Biltzar hartan, Condorcet-ek ere gizonezkoentzat zein emakumezkoentzat eskubide berberak aldarrikatu zituen, arrazoibide argiak erabiliz.
1792
Emakumeen eskubideen erreibindikazioa liburua idatzi eta argitaratu zuen Mary Wollstonecraft ingelesak (Mary Shelley idazlearen ama). Feminismoaren oinarriak agertzen dira liburu horretan. Idazle profesional gisa Parisen eta Londresen bizitzea lortu zuen Wollstonecraftek, eta hori oso emakume gutxik lortzen zuten.
1832
Mary Smith-ek Ingalaterrako Komunen Ganberan emakumeen eskubide politikoen alde egin zuen.
1848
Emakumeen eskubieen inguruko munduko lehen batzarra egin zen New Yorken, Seneca Falls-eko Deklarazioa izenez ezagutua. Batzarraren erabakietan berdintasun juridikoa aldarrikatu zuten arlo hauetan: ezkontzan, jabegoan, soldatan eta seme-alaben zaintzan.
1857
Ehungintzako eta jantzigintzako emakume langileek greba handi bat egin zuten New Yorken, martxoaren 8an, eta, jasaten zituzten lan-baldintza penagarriak salatzeko, hiriko auzo xumeenak hartu zituzten.
1868
John Stuart Mill-ek parlamentuan zuen eserlekua galdu zuen emakumeentzat boto eskubidea defendatzeagatik. Urtebete beranduago Women´s slavery liburua eman zuen argitara, mugimendu sufragistarentzat oinarri teorikoa izango zena.
1869
Wyoming (AEB) izan zen munduan lehen estatua emakumezkoei boto eskubidea aitortzen, eta 1920an AEBko emakume zuri guztiek bozkatu ahal izan zuten.
1893
Munduan Zeelanda Berria izan zen enakumezkoei boto eskubidea eman zien lehen estatua, Kate Sheppard-ek gidatutako mugimenduari esker.
1897
Europari dagokionez, Erresuma Batuan hedatu zen mugimendu sufragista beste inon baino lehenago. Parlamentuan, emakumeei boto-eskubidea emateko eskaera asko aurkezten ziren, baina ez zituzten onartzen. Hori dela eta, 1897an, Elkarte Sufragisten Batasun Nazionala (NUWSS) sortu zen, Millicent Garret Fawcett buru zela.
1902
Australiako Hego Australia estatuan sufragio unibertsala onartu zen eta emakumeei hauteskundeetan hautagai izateko aukera ere eman zitzaien.
1903
Women´s social and political Union sortu zuten, Alderdi Laboristaren barruan emakumezkoen erakunde propio gisa. Emmeline Pankhurst izan zen erakunde horren bultzatzaile indartsuenetako bat, eta emakumeentzat boto eskubidea lortzea izan zuten helburu nagusia. Politika-bideak eta protesta baketsuak hasi ziren erabiltzen, baina ez zutenez emaitza handirik lortzen, ez zioten uko egin poliziaren kontrako liskarrei, eta askok kartzelan bukatu zuten.
1907
Emakumeek lehen aldiz bozkatu ahal izan zuten Europan; Finlandian, hain zuzen ere. Eta bertan lortu zuten emakumeek lehen aldiz parlamentuan eserlekua hartzea.
1908
New York. Martxoaren 5ean ehungintzako emakume langileek greba hasi zuten soldata gizonezkoenarekin parekatzea lortzeko, eguneko lanorduak 10era gutxitzeko eta umeei titia emateko baimena lortzeko. Martxoaren 8an Sirtwoot Cotton ehungintzako fabrika suak hartu zuen, eta 129-146 emakume hil ziren bertan kiskalita; sua fabrikako jabeak berak piztu zuen langileak bertan itxi zirelako. Mundu osoa astindu eta ikaratu zuen berri horrek.
1913
Emily Davidson sufragista zaldi batek harrapatuta hil zen Epsom-go zaldi-lasterketa ospetsuan, mugimendu sufragistaren koloreak zituen zapi bat parte-hartzaileetako bati jartzen saiatzean. Haren heriotzak borroka sufragista zabaltzeko eta bultzatzeko balio izan zuen.
1919
Lehen Mundu Gerrak aldaketa ekarri zuen: Herbehereetako, Amerikako Estatu Batuetako (1920), Erresuma Batua (1918) edo Errusiako (1917) emakumeek sufragio unibertsala eskuratu zuten.
1920
AEBko Konstituzioari egindako XIX. zuzenketa onartu zen. Beraz, adin nagusiko emakume zuri guztiek lortu zuten boto-eskubidea. Emakume beltzek, aldiz, ezin izan zuten bozkatu 1967. urtera arte.
1931
Espainian, parlamentuak errepublikako konstituzio berria onartu zuen abenduaren 9an. Clara Campoamor diputatuak garrantzi handia izan zuen konstituzio hori idazteko orduan; izan ere, berak lortu zuen 36. artikulua onartzea. Artikulu horrek emakumeentzat mugarik gabeko boto-eskubidea onartu zuen.
1933
Espainiako Bigarren Errepublikan Euskal Autonomia Estatutua aldarrikatzeko hauteskundeak egin ziren azaroaren 5ean. Hauteskunde horietan, Eibarren, lehen aldiz eman zuten botoa euskal emakumeek. Estatu espainiarreko emakumeek, aldiz, 1933ko azaroaren 19ko hauteskunde orokorretara itxaron behar izan behar izan zuten bozkatzeko.
1948
Nazio Batuen Erakundeak Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala onartu zuen, emakumeen botoa giza eskubide unibertsal zela onartzen zuena: "Pertsona orok du bere herrialdeko gobernuan parte hartzeko eskubidea, zuzenean edo askatasunez aukeratutako ordezkarien bidez".
2015
Saudi Arabian 2015eko abenduaren 12ko hauteskundeetan eman zuten emakumezkoek lehen aldiz botoa.