Glosategia

  • Armadore: itsasontzia hornitu eta tripulazioa kontratatzen duen pertsona da.
  • Arrantzaleen kofradia: arrantzaren inguruan lan egiten zuten langileak biltzen zituen elkartea zen. Horren helburu nagusia bazkideen interes ekonomikoak eta lan-interesak defendatzea zen.
  • Artile: zuntz naturala da, batez ere ardietatik lortzen dena baina, baita beste animalia batzuetatik ere, hala nola llamak, alpakak, bikuinak edo ahuntzak. Oihalgintzan erabiltzen da. Erdi Aroan eta Aro modernoan oso preziatua zen Gaztelako artilea. Bilbotik esportatzen zen Herbehereetara.
  • Batel: arrantza egiteko ontzi txikia da. Batela gidatzen duenari batelari esaten zaio.
  • Bilboko Kontsulatua: Bilbon 1511n sortu zen erakundea da. Haren helburua komertzio-jarduera arautzea eta kudeaketa hobetzea izan zen. Kontsulatuari esker, Bilboko portua Espainiako portu nagusietako bat bihurtu zen. 1886tik aurrera Bilboko Merkataritza, Industria eta Nabigazio Ganbera bilakatu zen.
  • Burdina: elementu kimikoa da (Fe sinbolo kimikoa du). Munduko bigarren metal ugariena da eta gizakiok gehien erabiltzen dugun metala da. Izan ere, altzairua egiteko erabiltzen da, eta altzairua ezinbesteko materiala da eraikinak edo ibilgailuak sortzeko.
  • Caracasko Gipuzkoar Errege Konpainia: 1728an sortutako gipuzkoar merkataritza-konpainia izan zen. Monopolioa izan zuen Venezuelarekiko merkataritzan. Tabakoa, kakaoa eta beste hainbat gai ekarri zituen, eta hara hainbat produktu eta tresna esportatu. Europako merkataritza-trafikorako garrantzi handikoa izan zen. 1785ean desagertu zen.
  • Enkante: salerosketa modu bat da. Saltzaile bakar batek bere produktuak eskaintzen dizkie erosle askori. Horiek euren artean lehiatzen dira produktua erosteko. Helburua ahalik eta salmenta-preziorik altuena lortzea da.
  • Espezia: landare-jatorriko elikagaiak dira, landare aromatiko batzuen hazi, azal, sustrai, kimu, lore edo ibaietatik hartzen direnak. Bestelako elikagaiak ondo mantentzeko edo zaporea emateko erabiltzen dira. Espezieak, antzina, ekonomiako produkturik garestienetakoak eta baliotsuenetakoak ziren, batez ere elikagaien kontserbagarri gisa zuten garrantziagatik.
  • Kortsario: gobernu baten baimena duen itsaslapur edo pirata da. Hau da, erregearen izenean beste itsasontziak ebasten ditu, zehazki, erregearen etsaien ontziak.
  • Kosmografia: kosmografia unibertsoaren ezaugarriak mapa moduan deskribatzen dituen zientzia da, geografiako eta astronomiako elementuak konbinatuz.
  • Patatxe: itsasontzi arinak ziren. Bi mastako belaontziak ziren, sakonera gutxikoak.
  • Pixonera: portuan lan egiten zuten emakumeak ziren. Haien eginkizuna zen sareak konpontzea, arraina garraiatzea portura iristen zenean hura salmentarako prestatzea eta enkantea egitea.
  • Talaia: ingurune zabala begiztatzeko eta zaintzeko erabiltzen den dorrea edo goragunea da. Erabilera militarra izan dute bereziki historian barrena. Euskal Herrian, aurreko mendeetan, ugariak ziren baleak, arrain-sardak eta ontziak begiztatzeko dorreak.
  • Ternua: Kanadako ekialdean dagoen uhartea da. Euskal Herriko baleazaleak Ternua eta Quebec aldean ibili ziren baleak harrapatzen, bereziki XVI. eta XVII. mendeetan.
  • Zirgari: zirga izeneko soka luze batetik tiraka itsasertzera edo itsasadarrean gora ontziak mugitzen zituzten emakumeak ziren.