Ebaluazioa

Testa


Jarduerak

1/ Prestatu zuen espedizioa!

Jarduera honetan taldeetan bilduko zarete eta zuen espedizioa antolatzen hasi. Edukietan aztertutako nabigatzaile batek bere garaian egindako espedizioaren gaineko informazio antolatua jaso, Google Maps-era igo eta gainerako taldekideekin partekatuko duzue.

Helburua: webgunean aztertutako nabigatzaileen ibilbideak ezagutu eta beraien ekarpenak balioan jartzea.

Lan-prozesua

  • Lehenik eta behin, talde-dinamikari buruzko informazioa bilduko duzue. Besteak beste, galdera hauek erantzun ditzakezue:
    • Zenbat marinel ezagutzen dituzue?
    • Eta horietatik, zenbat dira euskaldunak?
    • Badakizue zein izan ziren haien lorpenak?
    • Marinelen bizimodua ezagutzen duzue?
  • Irakaslearekin batera lanaren helburu orokorra, taldekoa eta pertsonala adostu ondoren, 4-5 ikasleko taldeak osatuko dituzue.
  • Web honetan aurkezten den itsasgizon bat aukeratuko duzue edo, nahi izanez gero beste nabigatzaile bat aurkitu.
  • Informazioa biltzeko webgune honetako Baliabideak atalean hainbat errekurtso dituzue eskuragarri. Horrez gain, beste hainbat baliabide ere erabil ditzakezue; hala nola Interneteko errekurtsoak, eskolako liburutegiko edukiak, etab.
  • Nabigatzaileari buruzko informazioa jasotzeko eta antolatzeko ondoko fitxa hau erabil dezakezue: fitxa1.pdf
  • Informazio hori guztia mundu-mapa batean jaso dezakezue: hemen partekatzen dizuegun mapa jaitsiz edo Google Maps aplikazioan txertatuz.

    Oharra! Hemen duzue eskuragarri Google Maps erabiltzeko tutoriala pausuz pausu (Euskaraz).

  • Sortzen duzuen espedizioa ikaskideekin partekatu.

2/ Produktuen jatorria

Gaur egun bertakoak kontsideratzen ditugun lehengai eta produktu asko beste lurralde batzuetatik ekarritakoak dira. Esaterako, txokolatea, patata, kanela edo tomatea. Ariketa honek produktuen jatorria ikertzeko balioko dizue. Horretarako, lehengaien zerrenda bat egingo duzue eta bakoitzaren jatorriari buruzko informazioa labur jasoko duzue: nondik ekarriak izan ziren, noiz ekarri ziren, zer erabilera ematen zitzaion hasieran eta zer erabilera ematen zaion gaur egun, etab.

Helburua: Aro Modernoko itsas merkataritzak euskal ekonomiari eta kulturari egindako ekarpena.

Lan-prozesua

  • Lehenik eta behin, talde-dinamikari buruzko ezagutzak bateratuko dituzue. Besteak beste, galdera hauek erantzun ditzakezue:
    • Ezagutzen duzue elikagai edo produkturen bat jatorriz zuen lurraldekoa ez dena?
    • Badakizue nondik ekarritakoak den?
    • Zer egiteko erabiltzen da?
  • Irakaslearekin batera helburu orokorra, taldekoa eta pertsonala adostu ondoren, 4-5 ikasleko taldeak osatuko dituzue.
  • Pentsatu eta adostu taldean Europatik kanpokoak izan daitezkeen elikagai edo produktu batzuk, eta zerrendatu.
  • Bilatu produktuen gaineko informazioa: noiz ekarri zen, nondik ekarri zen, zertarako erabiltzen zen, etab. Informazioa biltzeko webgune honetako “Baliabideak” atalean hainbat errekurtso dituzue eskuragarri. Horrez gain, beste hainbat baliabide ere erabil ditzakezue, hala nola Interneteko errekurtsoak, eskolako liburutegiko edukiak, etab.
  • Elikagai edo produktuari buruzko informazioa jasotzeko eta antolatzeko ondoko fitxa hau erabil dezakezue: fitxa2.pdf.
  • Behin informazioa jasota eta antolatuta, gainerako taldekideekin partekatu eta eduki ditzaketen zalantzei erantzun.

3/ Marinel baten mezuak denboran zehar

Aro Modernoko arrantza-ontzi bateko marinelak zarete eta etxekoei eta lagunei zuen arrantzaldiaren berri eman nahi diozue.

Mezu laburrak eta argazkiak erabiliz, bidaia hasten denetik etxeratu arteko kronika egingo duzue.

Helburua: Itsasoari lotutako lanbideek marineletan zuten eragina ezagutzea eta herrian zuten familietan uzten zuten eraginaz jabetzea.

Lan-prozesua

  • Lehenik eta behin, talde-dinamikari buruzko ezagutzak bateratuko dituzue. Besteak beste, galdera hauek erantzun ditzakezue:
    • Ezagutzen duzu arrantza-jarduera?
    • Zer dakizu arrantzaleen bizimoduari buruz?
    • Zenbat denbora uste duzu egoten zirela etxetik kanpo?
    • Zer janari eramaten zuten bidaiarako?
    • Baduzu inguruan arrantzan jardun duen inor?
  • Irakaslearekin batera helburu orokorra, taldekoa eta pertsonala adostu ondoren, 4-5 ikasleko taldeak osatuko dituzue.
  • Talde bakoitzak arrantzarako gune edo toki bat aukeratuko du eta euskal arrantzaleek Aro Modernoan egiten zuten ibilbidea, arrantza-mota, bidaian eramaten zituzten elikagaiak, itsasoan egiten zuten denbora… ikertuko du. Horretarako Baliabideak atalean hainbat errekurtso daude eskuragarri. Horrez gain, Interneteko beste errekurtso batzuk edo eskolako liburutegiko edukiak ere erabil ditzakezue.
  • Irakasleak gainbegiratuta, talde bakoitzak Twitter kontu bat zabalduko du eta marinel baten profila editatuko: izen-abizenak, deskribapena, nongoa den, argazkia…
  • Twitteren marinelak egunero bidaliko dituen mezuen zerrenda bat egingo du taldeak. Hemen dituzue ideia batzuk:
    • Zein portutatik atera da itsasontzia?
    • Nora doaz arrantzara?
    • Zer arrain arrantzatuko dute?
    • Zenbat marinel daude itsasontzian?
    • Zer eguraldi dute? Eguraldi lasaia dute edo ekaitza izateko arriskua dago?, Bero handia edo hotz handia egiten du? Nola eragiten dio horrek eguneroko lanari?
    • Asko ari dira arrantzatzen edo ez dute arrain-gunerik aurkitzen?
    • Gertatu da istripuren bat edo gaixotu da inor?
    • Zer egiten dute marinelek denbora librean?
    Mezuak argazkiz edo irudiz lagundurik bidal ditzakezue.
  • Hasi txioak bidaltzen (idatzi gutxienez 10 txio) eta, bide batez, egin zaitezte ikaskideek sortu dituzten kontuen jarraitzaile. Modu horretan, haien bidaien berri ere izango duzue. Adibide bezala, hemen duzu Juan Sebastian Elkanok Twitter-en duen kontua.

    Oharra! Hemen duzue eskuragarri Twitter erabiltzeko tutoriala pausuz pausu (Euskaraz).

  •   Deskargatu hemen ebaluatzeko orria!