Gida didaktikoa

Euskaldunak eta itsasoa webgunearen helburua da, historian zehar, baina batez ere Aro Modernoan arreta jarriz, emakume eta gizon euskaldunek itsasoarekin izan zuten harreman estuaren lehen hurbilketa egitea. Itsasoari begira dagoen herria gara. Asko jasotzen dugu itsasotik, asko eman digu eta asko zor diogu.

Webgune honek itsasoarekin lotutako hainbat gai eta kontzeptu ulertzeko eta ezagutzeko aukera ematen digu. Era berean, balioan jarri nahi du mendeetan zehar itsasoak eman digun ondare kultural, ekonomiko eta soziala.

Material hau, era praktiko batean garatzea ahalbidetuko duen erremintak dituena, “Euskaldunak eta itsasoa” gaia ikasle, irakasle eta azken finean interesa duen edonori gerturatzen zaio.

1/ HELBURU OROKORRA

Euskaldunak eta itsasoa webgunearen helburua da lehen hurbilketa egitea historian zehar emakume eta gizon euskaldunek itsasoarekin izan duten harreman estura. Itsasoarekin euskaldunok izan dugun harreman ekonomiko, sozial eta kulturalak ezagutu eta ulertzea da helburu nagusia, itsas ondarea balioesteko.

2/ GEOGRAFIA ETA HISTORIA

Material honek Geografia eta Historia ikasgaiaren etapako helburu hauekin bat egiten du:

3. Jakitea zein izan diren Euskal Herriarentzat gertaera eta prozesu historiko garrantzitsuenak, direla tokikoak, direla mundu mailakoak, eta denboran eta espazioan kokatzea.

5. Ondare naturala, kulturala, linguistikoa, artistikoa, historikoa eta soziala, norberarena zein bestearena, aintzat hartu eta errespetatzea, eta norbanakoek zein herriek beren identitatea izateko duten eskubidetzat eta gozamen-iturritzat jotzea. Eta hura babestu, kontserbatu eta hobetzeak dakarren erantzukizuna onartzea, nork bere esparrutik gizateriaren garapen indibidual zein kolektiboan laguntzeko.

10. Gizarte-zientzien bereizgarri diren kontzeptuzko baliabideak, teknikak eta lan-prozedurak aplikatzea, eta arloko lexikoa erabiltzea zehatz eta zorrotz. Horrenbestez, lan monografiko txikiak eta ikerketak egingo dira, bakarka zein taldeka, Euskal Herriaren, hurbileko eremuen eta munduaren jatorriaz eta bilakaera historikoaz ikertzeko.

11. Talde-lanak egitea eta eztabaida eta debateetan parte hartzea jarrera konstruktiboa, irekia, arduratsua, kritikoa eta tolerantea izanda eta iritziak eta proposamenak behar bezala arrazoituta. Orobat, desadostasunak eta elkarrizketa gizakien ateko gatazkak eta gatazka sozialak konpontzeko bidea dela ikusi beharko dute, eta taldeko lan-teknikak landuko dira, bai sormenezko lorpen komun bat izateko, baita pertsonaren eta taldearen interakzio nagusi den gizartean egoki txertatzeko ere.

12. Informazio geografikoa eta historikoa lortzea. Horretarako, ahozko informazioa, informazio grafikoa, ikono bidezkoa, estatistikoa eta kartografikoa planifikatu, aukeratu eta erlazionatu behar dute (informazioa hainbat iturritatik lortuko dute, komunikabideak eta informazioaren eta komunikazioaren teknologiak barne). Informazio hori laburbildu egingo dute, eta lortutako emaitzak besteei modu antolatuan eta ulergarrian azaltzen jakin beharko dute.

3/ KONPETENTZIAK

1.1. Oinarrizko zehar-konpetentziak

      1. Hitzezko, hitzik gabeko eta komunikazio digitalerako konpetentzia
      2. Ikasten eta pentsatzen ikasteko konpetentzia
      3. Elkarbizitzarako konpetentzia
      4. Ekimenerako eta espiritu ekintzailerako konpetentzia
      5. Norbera izaten ikasteko konpetentzia

1.2. Diziplina barruko oinarrizko konpetentziak

      1.Hizkuntza- eta literatura-komunikaziorako konpetentzia
      5.Konpetentzia sozial eta zibikoa

4/ EDUKIAK

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. mailako eduki komun hauek lantzen dira:

A. Arlo eta ikasgai guztietarako komunak diren oinarrizko zehar-konpetentziekin lotutako edukiak. Eduki multzo honetan bildutako prozedura eta jarrerek honako hauek dituzte xede:

  • Informazioa identifikatzea, lortzea, gordetzea eta berreskuratzea.
  • Informazio-iturrien eta informazioaren beraren egokitasuna ebaluatzea.
  • Informazioa ulertzea (konparatzea, sailkatzea, sekuentziatzea, aztertzea eta laburbiltzea), buruz ikastea eta azaltzea (deskribatzea, definizioak eta laburpenak egitea, azalpenak ematea, etab.).

B. Ikasgai honen eduki multzo guztietarako komunak diren edukiak

Prozedurak

  • Ikasgaia ikasteko hizkuntza-trebetasunak aplikatzea: idatzizko eta ahozko testuak ulertzea, hiztegi espezifikoa interpretatzea eta erabiltzea, ahoz eta idatziz ongi moldatzea eta abar.
  • Lortutako informazioa ahoz edo idatziz komunikatzea, zuzentasunez eta argudioak emanez.

Edukiak euskal curriculumaren berariazko eduki hauekin lotzen ditugu:

      2. multzoa. Egungo gizartearen oinarri historikoak
      ARO MODERNOA
  • Amerika aurkitzea, ikertzea eta konkistatzea. Europarrek ezagututako mundua zabaltzea. Horren kausak. Juan Sebastian Elkano eta munduari bira, Lopez Legazpi, Urdaneta… Euskaldunak Amerikako konkista eta kolonizazioan (Urtsua, Lope Agirre, Katalina Erauso, Frai Juan Zumarraga…). Munduko lehen sistema koloniala eratzea. Ondorio sozioekonomikoak Iberiar Penintsulan.
  • Aldaketak Euskal Herriko gizartean eta ekonomian
    • Itsas merkataritza: artilea, burdina. Mundu kolonialaren eragina. Caracasko Errege Konpainia Gipuzkoarra.
    • Ternuako arrantza, balea ehizatzea.

Horrez gainera, webgune honek eduki hauek lantzeko balioko du:

  • Itsas ondareari lotutako lehen kontzeptuak: itsasoa, merkataritza, lana, konkistak, jarduera ekonomikoak, arrantza…
  • Euskal emakumeek itsasoarekin eduki duten harremana ezagutzea eta beren lana balioestea.

5/ TESTUINGURU METODOLOGIKOA

Ikasmaterialaren xedea da Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) 3. mailako Geografia eta Historiako irakasgaian laguntzaile zuzena izatea.

Helburua da itsasoak euskal emakume eta gizonen bizitzan, kulturan, ekonomian eta harremanetan eduki duen garrantzia ezagutzea eta balioestea.

6/ BARNE-EGITURA ETA NABIGAZIOA

Lan egiteko planteamendu metodologikoa ikasleak berak erabakitzen duenaren araberakoa izango da:

  • Batetik, gunea ikasleak bakarka, taldean edota lan kooperatiboan aritzeko prestatuta dago, betiere denen parte-hartze aktiboa eskatuz bai irakasle/ikasle nahiz ikasleen artekoa ere.
  • Bestetik, guneak irakasleen rol-aldaketa ahalbidetzen du, gidari baino gehiago orientatzaile bihurtzen baita; modu horretan, ikasleak ikasteko metodologia berriez jabetu eta ikasketa-ohituretan independente izaten heziko dira. Ikasmaterialeko atal guztiak (edukiak, jarduerak, baliabideak, laguntza eta abar) une oro eskuragarri ditu erabiltzaileak, pantaila guztietan agertuko den menu bati esker; horrela, eduki batetik bestera nabigatzeko aukera dago.
  • Azkenik, ikasleak eduki teorikoa testu eta ikus-entzunezko formatu ezberdinetan jasotzeko aukera du. Horien bidez, ikasleak geroz eta ohikoagoa den online formakuntzako metodologietan barneratzen hasiko dira.
EGITURA

Euskaldunak eta Itsasoa ikasmaterialaren abiapuntua eduki ezberdinen arteko nabigazioa eta elkarreragina da. Horrela, ikasleak gehien interesatzen zaion informazioan nabigatzeko aukera du. Erabiltzaileak aukera du materialak lantzen dituen bost gai nagusietan sartu eta sakontzeko, eta oso erabilgarriak diren jakintza eta kontzeptuak eskuratuko ditu. Baina, aldi berean, elkarrekintzarako aukera ere ematen da, ikasmateriala alde teorikoa eta alde praktikoa bateratzen dituen sekuentzia didaktikoetan banatuta baitago.

Pantaila zona ezberdinetan banatuta dago:

Menu nagusia

Webgune guztian zehar eskuragarri dagoen atala da menua.

  • Ataria: ikasmaterialaren bost atal nagusiei sarrera egiten dien gunea da.
  • Gida didaktikoa: webgunearen azalpen orokorra.
  • Baliabideak: gaiaren gaineko bibliografia-zerrenda edota Interneten gaiarekin lotuta dauden helbide interesgarriak zerrendatuko dira.
  • Web-mapa.
  • Ebaluazioa: lantzen diren edukietan eta ikasgaiarekin loturiko gaitasunetan trebatzeko aukera ematen duten ariketak biltzen dituen atala da.
    • Autoebaluazioa: 10 galderaz osatutako test motako ebaluazioa.
    • Talde-dinamikak: taldean lantzeko 3 ariketa praktiko daude eta horien helburua da taldean lan egiten ikastea, adostasunera iristen jakitea eta ikasitakoa praktikan jartzea. Talde-dinamiken amaieran ebaluazioa egiteko orria dago eta bertan irakasleei eta ikasleei zuzendutako ebaluazio-mota ezberdinak.
  • Glosategia: eduki teoriko guztietan zehar gaiaren kontzeptuekin lotutako estekak daude, erabiltzaileak behar edo nahi duen kasuetan informazio gehigarria eskuratzeko aukera izan dezan. Horrez gain, glosategiko kontzeptuak testuetan aipatzen direnean, hitzaren gainean laster-leihoa zabaltzen da definizioarekin.
  • Laguntza: webgunea ulertzeko eta bertan nabigatzeko azalpen guztiak.

Erdialdeko zona

Gunearen erdialdean edukiak daude. Bertan eduki teorikoa jasotzeko bost atal nagusi daude: Arrantza, Balearen ehiza, Merkataritza, Nabigatzaile famatuak, eta Emakumeak eta itsasoa. Atal bakoitzean klik eginez gero, edukien gunean murgiltzen gara, eta gaian sakondu eta kontzeptuak ikasteko aukera ematen zaigu.

Horietako bakoitzak gaiaren inguruko animaziozko ikus-entzunezko bat du. Bestalde, nabigatzaile famatuen atalak 6 nabigatzaileren biografiak jasotzen ditu, horietako bakoitza animaziozko mikrobideo batez lagunduta doalarik.

BESTE EZAUGARRI BATZUK
  • Gune guztian zehar “Bilaketen leihatila” erabilgarri dago. Atal horren bidez, guneko eduki guztiaren gainean bilaketak egiteko aukera ematen da.
  • Webguneak diseinu garbia du: zuriari lekua egin dio eta tipografia irakurterraza erabili da (sans-serif letra-tipokoa).
  • Irisgarritasuna bermatzeko, ikus-entzunezko bakoitzean euskarazko azpitituluak jartzeko aukera du.
  • Erabiltzaileentzat ezagunak diren ikonoak baino ez dira erabiltzen, webgunearen erabilera errazteko.
  • Ikasleak une oro eskuragarri du menu nagusia.
  • Ikasmaterial honetako eduki guztiak bi bertsiotan aurkezten dira: nabigatzekoa (HTML formatua) eta inprimatzeko prestatutakoa (PDF formatua).

7/ HEZKUNTZA KOMUNITATEA

Webgunea kanpoko zerbitzari batean ostatua egoteaz gain (gutxienez 5 urtez bermatzen da), hezkuntza-komunitateari begira, EIMA katalogora (http://eimakatalogoa.eus/) ere igoko da, interesa duen edozeinen esku gera dadin.

Bertan aurkezten den eduki guztia (testuak, irudiak nahiz etxean bertan ekoiztutako ikus-entzuneko edukiak eta bideoak) Creative Commons Share Alike (CC BY-SA - Aitortu-Partekatu-Berdin 4.0) lizentziapean daude, edozeinek, modu librean, erabil dezan.

8/ EBALUAZIOA

EBALUAZIO-IRIZPIDEAK ETA LORPEN ADIERAZLEAK

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. Maila

5. Estatu modernoaren sorreran izandako une garrantzitsuenak bereiztea, monarkia hispanikoaren eta Espainiako inperio kolonialaren ezaugarri nagusiak adieraztea, eta Euskal Herriarekin zituen erlazioak eta euskal lurraldeen bilakaera azaltzea, aldi horretako testuinguru europarraren barruan.

  • Aro Modernoan Euskal Herrian izan diren gertaera historiko nagusiak zein diren badaki eta deskribatu egiten ditu.
  • Amerikako lurren konkistan parte hartutako euskaldun ospetsuren bati buruzko azalpena egiten du.
  • Amerikaren eta Aro Modernoko munduko beste eremu batzuen aurkikuntzarekin eta kolonizazioarekin lotutako mapa historikoak interpretatzen ditu.

EBALUATZEKO TEKNIKAK

Orokorrean, ebaluazioa zerbaiten balioa zehazteko egiten diren jarduera sistematikoen multzoa da, ebaluatzen den horri buruz aurrez ezarritako helburuak bete diren aztertzeko eta helburu horiek lortze aldera erabaki zuzenak hartzeko egiten direnak.

Euskaldunak eta itsasoa ikasmaterial honetan bi jarduera-eredu proposatzen dira, bakoitza bere ebaluatzeko teknikekin:

  • Testa: ikasmaterialean eskaintzen diren edukiak eta ikus-entzunetakoak noraino ulertu diren jakiteko 10 galdera-erantzunez osatutako ariketa da. Ikasleak modu autonomoan nahiz taldean egin ahal izango du, betiere irakaslearen lan-metodologiaren arabera. Kasu honetan ebaluazioa berehalakoa da; izan ere, testeko galdera-erantzun bakoitzean, emaitza zuzena den edo ez esango digu ariketak.
  • Talde-dinamikak: webguneko edukien gainean planteatutako eta taldean landu beharreko ariketen ebaluazioa bi norabidetakoa da: batetik, ikasleak berak auto-ebaluazio fitxen eta koebaluazio-fitxen bitartez bere lana eta taldearena neurtzeko prestatua dago; bestetik, irakasleak ikasleak baloratu ahal izango ditu konpetentzia-fitxen eta aurretik ezarritako balorazio-irizpideen bitartez.

9/ BALIABIDEAK

Gaiaren gaineko liburuen, filmen eta hainbat errekurtso interesgarriren zerrenda.

10/ KREDITUAK

Proiektuaren egileen eta parte-hartzaileen zerrenda:

  • Ideia eta koordinazioa: Pilar Pérez Píriz eta Leire Mitxelena Erice.
  • Jatorrizko gidoia: Pilar Pérez Píriz, Idoia Urkiri Azkoitia eta Leire Mitxelena Erice.
  • Aholkulari pedagogikoa: Idoia Urkiri Azkoitia.
  • Hizkuntza-aholkularitza: Juan Mari Zurutuza Zapirain.
  • Webgunea eta diseinu grafikoa: Juan Mari Zurutuza Zapirain.
  • Irudi grafikoak eta ikus-entzunezkoak: Andrés David Espinoza Álvarez & Hezimubi (www.hezimubi.eus).
  • Ikus-entzunezkoen ahotsa: Mirari Arin Tapia.
  • Musika: Dimas Espinoza Álvarez.