DEMOKRAZIA

Sarrera Ezaugarriak Bitartean Euskal lurraldeetan ... Testa

Demokrazia herritarren parte-hartzea sustatzen duen gobernu-modu bat da. Herritarrek askatasunez aukeratzen dituzte beren ordezkariak, hauteskundeen bidez.

Demokrazia giza eskubideak, adierazpen-askatasuna eta aukera-berdintasuna errespetatzen dituen gobernu-sistema da. Era berean, bidezko sistema izatea eta gizartearen ongizate orokorra zaintzea du helburu.

Sistema demokratikoa balio etiko eta sozialen multzo batean oinarritzen da, hala nola askatasuna, errespetua, tolerantzia, elkartasuna, berdintasuna, justizia eta parte-hartzea.

Estatu demokratikoak konstituzio batek arautzen ditu. Hau da, botere-banaketa ezartzen duen eta herritar guztien eskubideak eta askatasunak bermatzen dituen legea. Hiru demokrazia motak bereizten dira:

1. Zeharkako demokrazia: herritarrek hauteskunde libreen bidez aukeratzen dituzte beren ordezkariak. Ordezkari politikoek beraien artean eztabaidatu ostean erabakiak hartzen dituzte.

2. Demokrazia parte-hartzailea: demokrazia mota honetan herriak zuzenean erabakitzen du salbuespenezko egoeretan. Horretarako, hainbat adierazpide ditu:

  • Erreferenduma. Herriak proposamen baten aurrean baiezkoaren eta ezezkoaren artean aukeratzen du.
  • Herriak lege, konstituzio edo itun baten azken onarpena ematen du edo ez du ematen.
  • Herri-ekimena. Herritar talde batek lege berria edo jada indarrean dagoen bat deuseztea sustatzen du.
  • Herritarrak kargutik kentzea. Prozedura honen bidez, herritarrek hautaturiko politikari bat kargutik ken dezakete, hauteskunde berriak baino lehen.

3. Demokrazia zuzena: erabakiak herri subiranoak hartzen ditu asanbladan. Ez dago herriaren ordezkaririk, baizik eta herriaren biltzarra agintaldiaren bozeramaile gisa betetzen duten ordezkariak.

Demokrazia antzinako Grezian jaio zen, K.a. V. mendean. Dena dela, Atenasko gizonezko libreek bakarrik bozka zezaketen; emakumeek, atzerritarrek eta esklaboek ez zeukaten botoa emateko eskubiderik. Ez ziren alderdi politikoak existitzen, karguak zozketatzen ziren eta kargu bakoitzerako pertsona talde bat aukeratzen zen, horrela euren artean kontrolatzen zirelarik.

Erromatar Errepublikak, Atenasko demokraziaren nolabaiteko antza zuen. Hala ere, kasu honetan botere handia zuten bi kontsul aukeratzen ziren. Kargua urtebetekoa zen eta ezin ziren berriro hautatuak izan.

Atenasekiko ezberdintasun nagusia da Erroman legeek batzarrak eramaten zituztela, eta batzar horietara denak joan zitezkeela: emakumeak, esklaboak eta atzerritarrak barne, eta denek eztabaidatu eta iritzia eman zezaketela. Botoa, hori bai, erromatar gizon adinduek bakarrik ematen zuten.

Erdi Aroan hedatuen zegoen gobernu-sistema monarkia izan bazen ere, gobernu demokratiko primitiboak aurki ditzakegu Irlandako zeltarrengan edo Islandian bikingoen artean. XVIII. mendeko bi iraultza handik sortu zuten ezagutzen dugun demokrazia ordezkatzaile sistema, hau da, Estatu Batuen independentzia eta Frantziako Iraultza. Gertaera historiko horiek demokrazia modernoaren oinarriak ezarri zituzten: sufragioa, botere-banaketa, herritarren parte-hartzea eta konstituzio bat lege-esparru gisa.

Ordutik aurrera, eta gaur egun arte, demokrazia, gobernu-sistema gisa, munduan zehar hedatu da eta gainera hobetu egin da. Izan ere, sufragioa adinez nagusi diren gizonei ez ezik, emakumeei eta arraza- edo erlijio-gutxiengoei ere zabaldu da sufragio unibertsala lortu arte.


Euskal lurraldeetan sistema politiko askeagoak egon diren arren, demokraziako garai luzeena eta egonkorrena Francoren diktadura amaitu eta gero bizi izan da.

Francisco Franco diktadorea hil ondoren, 1975ean, Espainiako eta euskal lurraldeetako biztanleen gehiengoak diktaduratik ateratzeko nahia azaldu zuten eta diktaduraren aldekoek oztopo ugari jarrita ere, poliki-poliki gaur egungo demokraziarako bidea hartu zen.

Horrela, 1975ean, demokraziarako trantsizio-prozesua jarri zen martxan. Trantsizioa, 1977an lehen hauteskunde libreak egin zirenean eta Espainiako Konstituzioaren (1978ko abendua) onarpenaren arteko garai historikoa da.

Aldaketa hori oso testuinguru konplexu batean gertatu zen eta gizarte-mugimendu handiak izan ziren frankismoaren kontra: poliziak indarkeria erabili zuen manifestazioetan, greba ugari egin ziren …

Adolfo Suarezek hauteskunde orokorretara deitu zuen 1977an eta, berrogei urteko diktaduraren ondorengo lehen hauteskunde demokratikoak izan ziren hauek. Euskadin, EAJ izan zen boto gehien eskuratu zituen alderdi politikoa eta Nafarroan aldiz, UCD.

1978. urtean Eusko Kontseilu Nagusia sortu zen (autonomia-erkidegoa sortu aurreko erakundea) eta 1980 arte egon zen indarrean.

1979ko urriaren 25ean Gernikako Estatutua onartu zen. Horrela, Euskadik bere autogobernua gauzatu zezakeen Espainiako Konstituzioaren arabera bidezko eskubidea baitzen. Hiru euskal lurralde komunitate historikotzat hartu eta erabateko autonomia-erkidego bihurtzeko aukera onartu zitzaion, Euskal Autonomia Erkidegoa izenarekin. Ezinezkoa izan zen Nafarroa barne hartuko zuen proiektua aurrera eramatean, Nafarroako alderdi politiko gehienak aurka agertu baitziren.

Azkenik, 1980ko martxoan izan ziren lehen euskal hateskunde autonomikoak. Orduan eratu zen Eusko Jaurlaritzako legegintzaldia Carlos Garaikotxea lehendakaria buru zela. Nafarroan, aldiz, lehen hauteskunde autonomikoak 1979an izan ziren eta UCD alderdiko Jaime Ignacio del Burgo presidente hautatu zuten.

Boterea herriaren esku dago.

Sistema demokratikoa da gobernu-erarik bidezkoena.

Guztion ongia bilatzen du, gizartearen maila guztiek eskubide eta betebehar berberak izan ditzaten.

Demokrazia herritarren parte-hartzea sustatzen duen gobernu-modu bat da.

Demokraziak iritzi eta erakunde politikoen aniztasuna sustatzen du.

Demokraziak giza eskubideak, adierazpen-askatasuna eta aukera-berdintasuna errespetatzen ditu.

Estatu demokratikoak konstituzio batek arautzen ditu.

Herritarrek agintean parte hartzeko ordezkariak bozkatzen dituzte herri, autonomia, estatu edo Europako mailako hauteskundeetan.

Agintari politikoek agintaldi mugatua dute, eta konstituzio-legearen mende daude.

Botereen banaketa dago (legegilea, judiziala eta betearazlea) agintekeria saihesteko.

Oso sistema zaharra da, eta hobetzen joan da, gutxiengo batek parte hartzen duenetik (adibidez, antzinako Atenasen) gaur egun adin nagusiko herritar guztiek parte hartzen dutenera arte.

Erantzun ondorengo galdera hauei. Hiru aukeren artean zuzena hautatu behar duzu. Zorte on!

1.- Zein da demokraziak gobernu-sistema gisa duen ezaugarri nagusia? Zein da Demokraziaren ezaugarri nagusia?
  Herritarrek askatasunez aukeratzen dituzte beren ordezkariak.
  Ordezkariak aukeratzeko hauteskundeak deitzen dira.
  Bi erantzunak zuzenak dira

2.- Zerk arautzen du Demokrazia?
  Estatu demokratikoa herritarrek arautzen dute.
  Estatu demokratikoa ez du ezerk arautzen, askea da.
  Estatu demokratikoa konstituzio batek arautzen du.

3.- Zein dira Demokrazia batek errespetatu behar dituen oinarrizko printzipioak?
  Giza-eskubideak, adierazpen-askatasuna eta aukera-berdintasuna errespetatu behar ditu.
  Giza-eskubideak, konstituzioa eta aukera-berdintasuna errespetatu behar ditu.
  Giza-eskubideak, aukera-berdintasuna eta agintarien nahia errespetatu behar ditu.

4.- Historian zehar noiz eta non aurkitzen dugu lehen aldiz Demokrazia?
  Lehen Demokraziak Errepublika garaietan ezagutu ziren.
  Demokrazia Aro Garaikean aurkitzen dugu lehen aldiz, Frantziako Iraultzaren ondoren.
  Demokrazia antzinako Grezian jaio zen, K.a. V. mendean.

5.- Zein dira Demokrazia modernoaren oinarriak?
  Sufragioa, botere-banaketa, herritarren parte-hartzea eta konstituzioa
  Gizonezkoen sufragioa, herritarren parte-hartzea eta konstituzio bat
  Sufragioa, herriaren botere osoa eta konstituzio bat lege-esparru gisa

6.- Zer da sufragio Unibertsala?
  Herritar guztiei botoa emateko eskubidea eskaintzen diena da.
  Adinez nagusiak diren herritar guztiei botoa emateko eskubidea eskaintzen diena da.
  Adinez nagusiak diren gizonezko herritar guztiei botoa emateko eskubidea eskaintzen diena da.

7.- Giza-eskubideak…
  ...herrialde demokratikoetan bizi diren herritarren dituztek eskunideak dira.
  ...pertsona guztiek, gizaki izateagatik, izan behar ditugun eskubideak dira.
  ...pertsona libre guztiek dituzten eskubideak dira.

8.- Zer garairi esaten zaio Transzisioa?
  1977an lehen hauteskunde libreak egin zirenean eta gaur egun arteko garai historikoa da.
  1977an lehen hauteskunde libreak egin zirenean eta Espainiako Konstituzioaren (1978ko abendua) onarpenaren arteko garai historikoa da.
  Frankismoan hasi eta Espainiako Konstituzioaren (1978ko abendua) onarpenaren arteko garai historikoa da.

     

Puntuak guztira =

Erantzun zuzenak: