DIKTADURA

Sarrera Ezaugarriak Bitartean Euskal lurraldeetan ... Testa

Diktadura izeneko gobernu-sisteman pertsona batek dauka botere guztia, eta inolako kontrolik gabe gobernatzen du. Pertsona horri diktadore izena ematen zaio. Batzuetan talde bat izan daiteke, pertsona bakarra izan beharrean.

Diktadura-erregimenek ez dute iraupen zehatzik eta ahal izanik, diktadoreek agintaldia luzatu egiten dute haiek nahi adina, kasu askotan karguan dagoen pertsona hil arte.

Diktadurak oso modu desberdinetan ezar daitezke, adibidez, iraultzen, gerra zibilen edo estatu-kolpeen ondorioz. Diktadore batzuk aginte demokratikoaren bitartez iristen dira boterera.

Diktadura garaietan, lege- eta konstituzio-berme guztiak eten egiten dira. Beraz, hauteskundeak debekatu eta komunikabideak kontrolatu eta zentsuratu egiten dira. Alderdi politikoak ere debekatzen dira, eta ezarritako boterearen aurka doan edozein ideologia edo mugimenduren aurka jokatzen du botereak. Ondorioz, sistema politiko horrek ez du herria ordezkatzen eta ez ditu haren eskubideak onartzen eta babesten.

Diktadura-mota ezberdinak daude:

* Diktadura militarra, kupula militar batek Estatuaren kontrol politikoa bereganatzen du. Estatu-kolpe edo gerra zibil baten bidez gerta daiteke.

* Diktadura pertsonalista. Horrela esaten zaie pertsona bakar baten lidergoan oinarritzen direnei. Diktadoreak bere irizpide subjektiboen arabera gobernatzen du, modu erabat autoritarioan.

* Alderdi bakarreko diktadurak. Sistema horietan, alderdi bakar batek ditu kargu politiko guztiak eta politikaren gaineko kontrola. Batzutan beste alderdi politiko batzuk egoten dira eta hauteskundeak ere antolatzen dira, baina baldintza demokratikoak betetzen ez dituztenak izaten dira.

Aro garaikideko lehen diktadurak XIX. mendean ezarri ziren Hego Amerikan. Estatu batzuetan, independentziaren ondoren boterea modu diktatorialean erabili zuten buruzagi politikoak edo militarrak agertu ziren. Buruzagi horien kasuan, bakoitzak bere buruari "Caudillo" izena eman zion. Hego Amerikan, XX. mendean, ia estatu guztiek jasan zuten diktadura militarren bat, hala nola, Argentinan, Txilen eta Kolonbian.

Bigarren Mundu Gerraren aurretik, diktadura faxistak oso esanguratsuak izan ziren. Adibidez, Alemanian Adolf Hitler-ek zuzendutako nazionalsozialismoa ezarri zen, Italian Benito Mussolini-ren eskutik faxismoa nagusitu zen eta Espainian Francisco Francoren diktadura luzea hasi zen, 3 urtetako gerra zibilaren ondoren. Bestalde, diktadura komunistak ere aipatu behar dira. Horien artean, Sobietar Batasunekoa nabarmendu behar da. Bereziki gogorra izan zen Iosif Stalinen agintaldian barrena. Gainera, azken hori diktadura oso luzea eta eragin handikoa izan zen munduko historian.

Bigarren Mundu Gerraren ondoren, diktadura-eredua Afrikan eta Asian zabaldu zen, eta gaur egun kontinente horietan biltzen dira XXI. mendean oraindik bizirik dirauten diktadura gehientsuenak: Ekuatore Ginea (Teodoro Obiang Nguema), Ipar Korea (Kim Jong-um), Angola (Joao Lourenco), Azerbaijan (Ilham Aliyev).


Euskal lurraldeetako historian eragina izan zuten bi diktadura-aldi aipa ditzakegu: Primo de Riveraren diktadura eta diktadura frankista.

Primo de Riveraren diktadura

1920ko hamarkadaren hasieran, Espainia krisi politiko eta sozial batean murgilduta zegoen. Erreforma demokratizatzaileek porrot egin zuten eta gizartean gatazka sozial handia zegoen. Euskal eta katalan nazionalismoek indarra hartu zuten eta, gainera, Marokoko Gerrak porrot egin zuelako nahigabea piztu zen armadan.

Egoera horretan, Miguel Primo de Rivera jeneralak estatu kolpea eman zuen 1923ko irailean erregearen onespenez eta erregimen diktatoriala ezarri zuen. Diktadura honek 1930eko urtarrilean Primo de Riverak dimisioa eman zuen arte iraun zuen.

Diktadurak konstituzioa bertan behera utzi zuen, gorteak desegin zituen eta alderdi politikoak eta sindikatuak mugatu zituen. Hala ere, diktadurak babes handia izan zuen eta anarkisten eta komunisten oposizioa bakarrik izan zuen.

Diktaduraren aldeko jarrera Nafarroan eta Euskal Autonomia Erkidegoan ere eman zen. Gainera, EAEko eta Nafarroako aldundien eginkizuna errespetatu egin zen. Are gehiago, 1925ean Euskal Kontzertu Ekonomiko berria sinatu zen, eta 1927an Nafarroako foru-hitzarmen berria. Gainera, gobernuak 1924an onartu zuen udal-estatutuak salbuespenak izan zituen eta Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako erakundeen berezitasunak errespetatu ziren.

Francoren diktadura

Francoren erregimena diktadura garai luzea izan zen. Erregimen politikoak Francisco Franco diktadoreak estatu burua hartu zuenetik, 1939ko uztailaren 18tik, 1975ean hil zen arte iraun zuen.

30eko hamarkadan Espainiako gizartea banaturik zegoen. Biztanleriaren sektore batek aldaketa ekonomiko eta sozial sakonak nahi zituen eta beste batzuk, aldiz, edozein erreformari uko egiten zioten.

Tentsio-giro horretan Francisco Franco jeneralak errepublikako gobernu legitimoaren aurkako estatu-kolpea eman zuen. Kolpearen porrotak 3 urte inguruko gerra zibila ekarri zuen (1936-1939) eta milaka pertsona hil ziren.

Gerra zibila irabazita, Francisco Francok diktadura ezarri zuen, eta oposiziogileen aurkako errepresio gogorra egon zen. Alderdi bakarra zegoen, Falange Española, beste edozein alderdi politiko edo sindikatu debekatuta zegoen. Eliza katolikoak eragin handia zuen politikan eta hezkuntzan, eta zentsuraren eta komunikabideen kontrola ezarri zituen.

Euskal lurraldeetan, aurrekoaz gain, diktadura frankistak beste ondorio batzuk ere izan zituen:

Pertsona bakar batek edo talde txiki batek botere guztia du. Inolako muga legalik edo konstituzionalik gabe agintzen du.

Diktadoreak diktaduran agintzen duten pertsonak dira.

Diktadoreak Estatuaren hiru botereak kontrolatzen ditu (legegilea, betearazlea eta judiziala). Ez dago botere-banaketarik.

Estatua lider edo alderdi politiko bakarrarekin identifikatzen da.

Diktadurek ez dute iraupen zehatzik. Kasu gehienetan diktadorea hiltzen denean bukatzen dira.

Hauteskundeak, alderdi politikoak, sindikatuak eta edozein antolamendu edo herri-ordezkaritza debekatzen dira.

Oposizio-mota oro jazartzen da edozein bitarteko erabilita, tortura eta bahiketak barne.

Gobernuak komunikabideak kontrolatzen eta zentsuratzen ditu, eta horrek prentsa-askatasunaren ezabatzea dakar.

Estatuak etengabe ideologia ofizialaren propaganda egiten du.

Diktadura gobernu-sistema moderno bat da. Diktadura itxurako lehen gobernuak XIX. mendekoak dira.

Erantzun ondorengo galdera hauei. Hiru aukeren artean zuzena hautatu behar duzu. Zorte on!

1.- Nork dauka boterea diktadura batean?
  Pertsona batek dauka botere guztia, eta herriak aukeratuta gobernatzen du.
  Beti pertsona batek dauka botere guztia, eta inolako kontrolik gabe gobernatzen du. Hala ere, batzuetan talde batek goberna dezake.
  Pertsona batek dauka botere guztia, eta inolako kontrolik gabe gobernatzen du. Pertsona horri presidente deritzo.

2.- Nola ezartzen dira diktadura gobernu-sistemak?
  Modu desberdinetan ezar daitezke: iraultzen, gerra zibilen, estatu-kolpeen... ondorioz.
  Diktadurak beti estatu-kolpe baten ondorioz ezartzen dira.
  Diktadurak oinordetzan jasotzen dira

3.- Zer da diktadura bateko ezaugarririk esanguratsuena?
  Konstituzio-berme guztiak mantentzen dira eta edozein ideologia onartzen da.
  Diktaduretan hauteskundeetan aukeraturiko edozein alderdi politiko onartzen da.
  Gobernu sistema honek ez du herria ordezkatzen eta ez ditu haren eskubideak onartzen eta babesten.

4.- Non izan ziren Aro Garaikideko lehen diktadurak?
  Hego Ameriketan izan ziren XIX. mendean.
  Lehen diktadurak Bigarren Mundu Gerratearen ondoren Alemania eta Italian izan ziren.
  Lehen diktadura Espainian izan zen.

5.- Zein izan ziren Alemania eta Italiako diktadore ezagunak?
  Benito Mussolini eta Francisco Franco
  Adolf Hitler eta Iosif Stalin
  Adolf Hitler eta Benito Mussolini

6.- Zein izan dira Espainian eta euskal lurraldeetako diktadura-aldiak?
  Primo de Rivera eta Francisco Francoren diktadurak
  Euskal lurraldeetan ez da diktadurarik ezagutu
  Francisco Francoren diktadura

7.- Zenbat denbora iraun zuen Francisco Francoren diktadurak?
  Garai luzea izan zen, 1939ko uztailaren 18tik 1975ean Francisco Franco hil zen arte iraun zuen.
  Garai luzea izan zen, 1936an Gerra Zibila hasi eta 1975ean Francisco Franco hil zen arte iraun zuen.
  Garai luzea izan zen, 1936ko uztailaren 18tik 1975ean lehen hauteskundeak egin ziren arte iraun zuen.

8.- Nola ezarri zen Francisco Francoren diktadura?
  Francisco Francok diktadura bat ezarri zuen, Gerra Zibila (1936-1939) irabazi ondoren.
  Francisco Francok Errepublikaren aurkako estatu-kolpea eman eta diktadura bat ezarri zuen.
  Francisco Francok Errepublika garaiko azken hauteskundeak irabazi ondoren ezarri zuen diktadura.

     

Puntuak guztira =

Erantzun zuzenak: