MONARKIA

Sarrera Ezaugarriak Bitartean Euskal lurraldeetan ... Testa

Monarkia gobernu-era bat da eta horrelakoetan kargu gorena bizi bitarteko izaten da. Normalean, oinordekoak bestrik gabe karguari heltzen dio eta monarka esaten zaio: errege edo erregina. Errege batek gobernatzen duen estatuak, erresuma izenaz gain, monarkia izena ere jasotzen du.

Salbuespenezko kasu batzuetan, erregearen kargua ez da hereditarioa, hautazkoa baizik; dena den, kasu horietan guztietan, hautesleak zein hautatuak gizarte-talde oso mugatu batekoak izaten dira.

Monarkia hitzaren esanahia pertsona baten gobernua da, hau da, pertsona bakar bati dagokion kargua. Gainera, bizi bitarteko kargua izaten da.

Identitate nazionalaren sinbolotzat hartu izan da historian, eta, gainera, erlijioarekin oso lotuta egon da; izan ere, erregeek gobernatzeko eskubidea Jainkoaren borondatea zela esaten zuten.

Ohikoena da errege/erregina, nazio baten armadako kargu gorena ere izatea.

Gorago esan bezala, monarkia oso antzinako gobernu-sistema da. Gutxienez, Kristo baino 3000 urte lehenago hasi zen, Antzinako Egiptoko lehen faraoiekin. Hala ere, kasu hau berezia da, errege izateaz gain, faraoia jainkoen ordezkari eta jainkoa ere bera baitzen. Gobernu-modu honi Teokrazia esaten zaio.


  • Monarkia Feudala
  • Monarkia Autoritarioa
  • Monarkia Absolutua
  • Monarkia Demokratikoa

Monarkia Feudala

Erdi Aroan, Europan, monarkia feudala izeneko gizarte-sistema garatu zen; hau da, nekazariak jaunari zerbitzuak eskaini behar zizkion, lurra lantzearen truke. Garai horretan, erregearen boterea jaun feudalek mugatzen zuten, erregeak/erreginak botere gutxi baitzeukan.

Erregeek armada txikia zuten eta nobleen armada pribatuen beharra izaten zuten erresuma defendatzeko. Gainera, erregeak/erreginak ez zuen bere basailuen zergak kobratzeko behar adina botere. Horregatik guztiarengatik, monarkek harreman pertsonalak eraiki behar izan zituzten, berarekiko leialtasuna bermatzeko, laguntza militarra jasotzeko eta erresumak babesteko. Trukean, monarkak feudo edo lur zati bat ematen zien pertsona horiei.

Nekazariek ere nobleen babesa bilatu zuten, baina horren ordainetan, nekazariak jopu bihurtu ziren, nobleentzat lan egin eta haien aginduak bete behar zituzten.

Hala eta guztiz ere, Behe Erdi Aroan, X-XVI mendeen artean, alegia, monarkiak geroz eta indar handiagoa lortzen joan ziren eta Europako errege-erreginek beren boterea indartu zuten, jaun feudalen gainetik.

Monarkia Autoritarioa

Erdi Aroko monarkia feudal izateari utzi eta monarkia autoritarioa bihurtu zen, eta erregea, nobleziaren gainetik, erakunde eta gorteen buru jarri zen. Dena den, nobleekin partekatzen zuten erregeek agintea, eta gorteen edo batzarrren beharra zuten zergak onartzeko.

Horrela, Europako zenbait erregek beren nagusigoa inposatu zuten jaun feudalen gainetik Erdi Aroaren amaieran. Horrez gain, nobleziaren, elizaren eta udalerrien boterea mugatu zuten beren estatusari eusteko, eta norberekeriaz gobernatu zuten. Monarkek zenbait neurri onartu zituzten: administrazio zentralizatua sortu zuten, errege-armada iraunkorrak eratu zituzten, Batzar ordezkaritzagileen jarduera mugatu zuten eta zergak igo zizkioten herri xeheari.

Gorteek ibiltari izateari utzi zioten, Erdi Aroan ez bezala, eta erregeek bizileku finkoa hartu zuten, erresumako hiriburua izango zena.

Monarkia autoritarioaren eredu argia dira Errege-erregina katolikoak.

Monarkia Absolutua

XVII. mendean, monarkia absolutua bihurtu zen, hau da, erregea erresumako biztanle guztien gainetik zegoen, denak zeuden haren zerbitzura eta erregeak agintzen zien. Erregeak bere esku zituen botere legegilea, betearazlea eta judiziala: legeak egiten eta aldarrikatzen zituen, gobernatu egiten zuen, eta epaileak aukeratzen zituen. Gobernatzeko, ministro, aholkulari eta idazkarien laguntza zuen; erregeak berak hautatzen zituen. Haien botereak jatorri jainkotiarra zuela zioten eta, beraz, lege guztien gainetik zeudela. Boterea ezartzeko, erregeak funtzionario asko eta armada handia zituen ondoan.

Absolutismoaren eredu nagusia Frantziako Luis XIV.aren erregealdia izan zen. Espainian, haren biloba Filipe V.a errege izendatu zutenean, hark ere absolutismoaren ezaugarriak ezarri zituen.

Monarkia Demokratikoa

Monarkiak, gobernu-sistema gisa, gaur egun arte iraun du. Hala ere, Europako monarkiak demokratikoak dira orain, monarkia konstituzionalak edo parlamentarioak, alegia. Monarkia konstituzionaletan, erregeak herritarrek Konstituzioan ezarritako lege multzo baten esparruan erabiltzen du boterea. Monarkia parlamentarioetan, erregeak/erreginak parlamentuaren aurrean kontuak eman behar dituela ezartzen da, eta haren boterea, oso mugatua da.

Euskal lurraldea hainbat dinastiak gobernatu izan dute garai eta testuinguru historiko ezberdinetan. Horrela, Erdi Aroan, esaterako, euskal lurraldeetan errege-kargua honako hauek izan zuten: Nafarroako erregeak, Gaztelako erregeak (Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban), Ingalaterrako edo Frantziako erregeak (Lapurdin eta Zuberoan).

Esan behar da Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Ipar Euskal Herriko lurraldeak Nafarroako eta Iruñeako Erresumen testuinguruan osatu zirela. Gerora, Hegoaldeko euskal lurralde horietako erakundeak Gaztelako erresumen barruan kokatzen joan ziren, eta Ipar Euskal Herriko lurraldeak aldiz, Frantziako edo Ingalaterrako erresumen barruan.

Iruñeako erreinua Erdi Aroan eta feudalismo garaian sortu zen, hainbat familiak sozialki garrantzia hartu zutenean. IX. mendean, Aritza familiak erregetza ezartzea lortu zuen, eta gero, X. mendetik aurrera, Ximeno dinastiak gobernatu zuen, Nafarroan eta politika hedatzailea garatu zuen.

Erresumaren goren aldia Antso III.a Nagusiaren erregealdian (1000-1035) izan zen. Erregeak Aragoiko konderriak, Gaztela eta Leongo zati bat bere Erresuman sartu zituen, ezkontza-elkarteei eta basailutza-harremanei esker. Antso III.ak Iberiar Penintsulako potentzia garrantzitsuena bilakatu zuen Erresuma, eta euskal hizkuntza hitz egiten zuten lurralde guztiak bere koroapean hartu zituen, Iparraldeko lurraldekoak barne.

Antso VI.a Jakituna erregeak (1134-1234) izena aldatu zion Erresumari eta handik aurrera Nafarroako Erresuma izan zen. Errege horren garaian erreinuaren osotasunari eutsi nahi izan zitzaion, baina piskanaka-piskanaka, aldameneko bi erresuma boteretsuak, Gaztela eta Aragoik, itzal egiten ari zitzaizkion eta XII. mendearen amaieran, Gaztelak, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa konkistatu zituen. Azkenik, 1512.urtean Nafarroako Erresumaren bukaera iritsi zen, Gaztelak inbaditu eta konkistatu zuenean.

Penintsulako gainontzeko lurraldeetan bezala, garai hoietan nobleek indar handia hartu zuten, beren armada eta gazteluak baitzituzten. Horrenbestez erregeek zailtasunak zituzten euskal lurraldeetan botereari eutsi eta beren lurraldeak babesteko. Euskal lurraldeetan boterea zuten goi-mailako nobleak, oro har, honako hauek ziren: jauna (Bizkaiko jauna), bizkondea (Lapurdin eta Zuberoan), kondea (Araban) eta ahaide nagusiak (oinaztarrak eta ganboarrak).

XIV. mendean, Europako krisi-giroaren eta ekonomiaren porrotaren ondorioz, euskal nobleek aberastasuna eta boterea galdu zituzten, eta haien arteko borroka odoltsuak hasi ziren. Ahaidetasun-harremana zuten nobleak taldetan bildu ziren, beste noble batzuen aurka borrokatzeko. Ahaide Nagusien arteko borrokak edo bando-gerrak bezala ezagutzen dugu horiek. Oinaztarrek eta ganboatarrek Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Lapurdin zuten boterea, eta agaramontar eta beaumontarrak Nafarroan. Gerrak okertuz eta zabalduz joan ziren eta XV. mende bukaeran, Gaztelako erregeak neurri gogorrak hartu zituen Ahaide Nagusien aurka sarraski haiekin bukatzeko. Nobleak garaitu zituenean, haien dorretxeak lepatzeko agindu zuen eta hainbat jauntxo erbesteratu zituen.

Aro Modernoan ere monarkia izan zen ohiko gobernu-modua Euskal Herrian, bai Iparraldeko lurraldeetan, bai Hegoaldekoetan ere. Hala ere, Hegoaldeko lurraldeek Gaztelako Koroarekin zuten harremanaren berezitasun garrantzitsu bat aipatu behar da: Foraltasuna.

Foruak lurraldeak gobernatzeko arau multzoak ziren, zeinak tokiko usadio eta ohituretan oinarrituta zeuden. Euskal lurraldeen kasuan, antzinako ohitura eta usadio hauek XIV eta XVI. mende bitartean idatziz erregistratu eta lege bihurtu ziren. Foru horiek zenbait eskubide onartzen zizkieten euskal lurraldeei: erregeari zergarik ez ordaintzeko eskubidea, soldadutzako salbuespena (bakoitzari zegokion lurraldea defendatzeko ez bazen) eta barne-antolamendua errespetatzea. Lurralde horietan erregeak foruak gordeko eta errespetatuko zituela zin egin behar zuen. Ordainetan, euskal lurraldeak erregearekin leial izaten jarraituko zuten.

Oinordetza Gerraren ondoren (1701-1714), lehenengo Borboiak, Filipe V.ak Espainiar Estatuko koroa eskuratu zuen. Euskaldunek gerran erakutsitako leialtasunagatik euskal foruak baino ez zituen mantendu. Hala ere, XIX. mendetik aurrera ezarriko zen Sistema Liberalarekin talka egingo zuen euskal Foru Erregimenak, eta azkenik, Karlistaldien ondoren, 1876. urtean foruak behin betiko abolituak izan ziren. Iparraldeko euskal lurraldeetan, Frantziako Iraultzan kendu zituzten foruak (1789-1790).

Agintea pertsona bakar baten eskuetan dago eta pertsona horrek errege edo erregina du izena.

Kargua jaraunslea da, hau da, oinordetza igarotzen da senide batetik bestera.

Errege-erreginen aginpideak hil arte edo beste batengan abdikatu arte irauten du.
Historian zehar monarkia-aginteak aldaketa handiak izan ditu.

Monarkia feudala Erdi Aroan garatzen da Europan eta sistema feudalaren barruan kokatzen da.

Monarkia feudalean erregeek nobleekin banatzen zuten boterea. Erregearen boterea agintari erlijioso nagusiekin adostua eta partekatua zen.

Monarkia feudalean erregeak kanpaina militarrak zuzendu, zergak bildu eta epaile gisa lan egiten zuten.

Monarkia autoritarioan erregeek Erdi Aroan lortzen joandako boterea finkatu zuten eta estatu barruan boterearen jabe bakarra bihurtu ziren. Nobleziari eta Elizari boterea murriztetik eskuratu zuten.

Monarkia absolutuetan erregeek botere osoa dute, hau da, ez dago botere-banaketarik, eta erregea hiru botereen jabe da: judiziala, betearazlea eta legegilea.

Monarkia absolutuan erregearen autoritatea Jainkoarengandik zetorrela uste zen. Erregeak ez zuen inolako muga legalik eta bere borondatearen arabera gobernatzen zuen.

Erregearen pertsona eta Estatua guztiz identifikatuta zeuden, bakarra balitz bezala. Normalean Errega nobleziako aholkulariez inguratzen zen.

Monarkia demokratikoetan monarka estatuko legeen mende dago. Hau da, erregea estatuko burua da, baina bere boterea guztiz mugatua dago.

Monarkia demokratikoetan legeak hauteskundeen bitartez aukeratutako parlamentuan egiten dira. Erregearen lana lege horiek berrestea da, hau da, ekintza formala baino ez da. Erregea, funtsean, batasun nazioanalaren sinboloa da.

Erantzun ondorengo galdera hauei. Hiru aukeren artean zuzena hautatu behar duzu. Zorte on!

1.- Zein da monarkiaren ezaugarrietako bat?
  Tituloa oinordetzaren bidez jasotzen da.
  Boterea Jainkoagandik dator.
  Bi erantzunak zuzenak dira.

2.- Nork du boterea monarkia batean?
  Diktadoreak
  Presidente edo lehendakariak
  errege/erreginak

3.- Monarkia-moduen artean ondorengo hauek ditugu…
  Monarkia feudala, diktatoriala, autoritario eta demokratikoa
  Monarkia feudala, autoritarioa, absolutua eta demokratikoa
  Monarkia feudala, osoa, absolutua eta demokratikoa

4.- Zein garaitakoak dira monarkia feudalak?
  Aro modernokoak
  Aro Garaikidekoak
  Erdi arokoak

5.- Nork zeukan boterea monarkia feudaletan?
  Botere osoa erregeak/erreginak zeukan eta erabaki guztiak hartzen zituen.
  Jaun feudalek errege-erreginen boterea mugatzen zuten.
  Jaun feudalek zuten botere osoa eta errege-erreginek ez zuten parte hartzen.

6.- Erdi Aroaren bukaeran monarkiek aldaketa bat izan zuten…
  Monarkiek ez zuten aldaketarik izan.
  Erregeek beren nagusigoa inposatu zuten jaun feudalen gainean.
  Erregeek eta jaun feudalek botere berdina zuten.

7.- Zein da monarkia autoritarioaren eredurik garbiena?
  errege/erregina katolikoak
  Luis XVI
  Alfontso XIII

8.- Gaur egun monarkia bezalako aginte-moduak ditzakegu?
  Ez, gaur egun ez dago inolako monarkiarik.
  Bai, monarkiak, gobernu-sistema gisa, gaur egun arte iraun du.
  Bai, gaur egun monarkia absolutu eta demokratikoak aurkitu ditzazkegu?

     

Puntuak guztira =

Erantzun zuzenak: