ERREPUBLIKA

Sarrera Ezaugarriak Bitartean Euskal lurraldeetan ... Testa

Errepublika gobernu-mota bat da; bertan, jendeak hautatzen ditu bere agintariak. Errepublikako buruzagi nagusi horri lehendakari esaten zaio, gobernuko buruari, berriz, lehen ministro. Gobernu errepublikanoa duten herrialde gehienetan, jendeak aukeratzen du gobernu-burua, presidentea edo lehendakaria esaterako. Beste pertsona batzuk ere hautatzen dituzte, legebiltzarkide izenekoak, legeak egiteko.

Monarkiaren eta errepublikaren arteko desberdintasun nagusia Estatuko buruzagitza da, baita postu hori pertsona batetik bestera igarotzeko sistema ere. Monarkien kasuan, estatu burua erregea da, eta postua biziartekoa eta oinordezkoa da. Errepubliken kasuan, aldiz, Estatuko buruzagitzak ordezkari politiko bat du epe mugatu batez.

Errepublika batean, agintariek erantzukizuna dute boto-emaileen aurrean. Jendeak ez badu gustuko agintarien gobernatzeko era, postutik bota ditzakete. Horrek esan nahi du botere-iturria herritarra dela. Dena dela, herrialde batzuetan ez dira betetzen ezaugarri horiek, hau da, agintariak ez dira hauteskundeen bitartez aukeratzen. Horiek diktadurak dira.

Errepublika eta demokrazia kontzeptuak ez dira nahasi behar. Errepublika gobernu-mota bat den bitartean, demokrazia herrialdeak gobernatzeko era edo sistema politikoa da, herritarren oinarrizko eskubideekiko errespetua jasotzen duena.

Nolanahi ere, ideal errepublikanoek Ilustrazioaren pentsamendu demokratikoan dute jatorria, eta horregatik lotzen dugu Errepublika terminoa Demokraziarekin. Errepublikaren kontzeptua ideal demokratikoekin batera sortzen da, hau da, hauteskunde askeak, botere-banaketa eta legearen aurreko berdintasuna.

Errepublika gobernu-sistemarik ohikoena da munduan gaur egun.

Gobernu errepublikarraren sistema antzinako Erroman aurki dezakegu, K.a. 509 urtean gizonezko pertsona libre ia guztiek botoa emateko eskubidea zeukaten. Izan ere, errepublika hitzaren jatorria latinezko res publica (gauza publikoa) da.

Demokraziaren kontzeptua bezala, errepublika modernoaren sorrera Ameriketako Estatu Batuen Independentzian (1783) eta Frantziako Iraultzan (1789) oinarritu daiteke. Une hartan, gobernu modu nagusia monarkia absolutua zen. 1788an Estatu Batuek lehen errepublika modernoa ezarri zuten eta orduz geroztik herritarrek hautatutako lehendakari batek gidatzen du Estatu Batuetako gobernua. Senatari eta legebiltzarkidez osatutako talde politikoen ordezkariek egiten dituzte legeak.

XIX. mendearen hasieran, Amerikan, espainiar kolonien independentziaren ondoren hainbat Errepublika sortu ziren, esate baterako, Mexiko, Uruguay, Argentina edo Txile.

I. Mundu Gerraren ondoren inperio handiak (Errusiar Inperioa, Alemaniar Inperioa, Austrohungariar Inperioa eta Otomandar Inperioa) desintegratu egin ziren, ondorioz, estatu errepubilkarrak sorrera esanguratsu bat egon zen, hala nola, Irlanda, Polonia, Finlandia edo Txekoslovakia (gaur egungo Txekia eta Eslovakia).


Bi errepublikar aldiek eragin diote euskal lurraldeei, hau da, Lehen Errepublikak eta Bigarren Errepublikak.

Lehen Errepublika (1873-1874)

1873ko otsailaren 11n, Amadeo I.a Savoiakoaren abdikazioaren ondoren, Espainiako Lehen Errepublika ezarri zen. Ezegonkortasun politiko eta sozial sakonak ezaugarritutako garaia izan zen, eta arazo larriei aurre egin behar izan zieten: Mugimendu kantonalistak, Kubako Gerra, Hirugarren Karlistaldia… Errepublikak lau presidente izan zituen: Figueras, Pi i Margall, Salmeron eta Castelar. Baina kaosa nagusi zen egoera hartan, 1874ko urtarrilean Pavía jeneralak estatu-kolpea eman zuen eta gorteak desegin zituen, Serrano jenerala gobernu buru ezarriz.

Azkenik, 1874ko abenduan, beste jazarraldi batek, Martinez Campos jenerala buru zuenak, Borboiko monarkia berrezarri zuen eta Alfontso XII.a izendatu zuten errege.

Euskal lurraldeei dagokienez Lehen Errepublika nahiko oharkabean igaro zen. Diputazioek Gobernu errepublikanoa onartu zuten baina lurraldea liskar gogorrean murgilduta zegoen, Karlistaldi berri batek eztanda egin zuelako (1872-1876).

Bigarren Errepublika (1931-1939)

Espainiako Bigarren Errepublika 1931ko apirilaren 14an ezarri zen erregimen demokratikoa izan zen, alderdi errepublikanoek irabazi baitzituzten hauteskundeak eta Alfontso XIII.a erbesteratu egin zen. Errepublika 1939ko apirilaren 1ean bukatu zen, Franco jeneralaren diktadura ezarri zenean. 1931 eta 1933 artean, ezkerreko koalizio gobernu batek hainbat erreforma egin zituen langile eta sindikatuei laguntzeko, hezkuntza hobetu zen eskolak eraikiz eta irakasleak kontratatuz, eta nekazaritza erreforma bati ekin zitzaion, lurrik gabeko nekazariak berriz finkatzeko asmoz.

1933tik 1936ra arte, eskuindarrak jarri ziren gobernuan eta berehala gelditu zuten edozein erreforma aurrerakoi.

Azkenik, 1936an, Fronte Popularra ezkerreko koalizioak irabazi zituen hauteskundeak, baina estatu-kolpe baten ondorioz Gerra Zibila piztu zen. 1939an Bigarren Errepublikaren amaiera iritsi zen Franco diktadorea gobernu burura iritsi zenean.

Euskal lurraldeei dagokienez, Hego Euskal Herriko hiriburuek batipat pozez eta itxaropenez hartu zuten Espainiako Bigarren Errepublika. Aldaketa sozio-politiko sakonak nahi zituzten askok eta aldaketa asmorik ez zutenek ere errespetuz hartu zuten Errepublikaren etorrera.

Errepublika ezarri zen lehenengo hiria Eibar izan zen. Bai errepublikazaleek, sozialistek eta abertzaleek ere egoera demokratikora aldatzeko beharra ikusi zuten eta apirilaren 14a garai historiko baten hasieratzat hartu zuten.

Errepublika ezarri zenean, Konstituzio Errepublikarra aldarrikatu zen (1931), hainbat ekimen bideratuz: herriaren subiranotasuna, emakume eta gizonezkoentzako sufragio unibertsala, botereen banaketa, elizaren eta estatuaren banaketa eta autonomia estatutuak ezartzeko eskubidea.

Konstituzio horrek argi uzten zuen Espainia errepublika unitarioa eta bakarra zela, baina autonomia-estatutuen bidez eskualde autonomoak eratzeko aukera onartzen zuen. Dena den, Euskadik 1936aren amaiera arte (Gerra Zibil betean) ez zuen bere autonomia-estatutua lortu:

Gobernu errepublikarrak balio demokratikoei lotuta daude.

Errepublika modernoa hauteskunde askeen, botere-banaketaren eta legearen aurreko berdintasunaren idealeekin batera sortzen da.

Monarkiaren aurkako erregimena da, hau da, estatuko agintari-kargua ez da oinordetzaren bidez eskuratzen.

Errepublika modu ez demokratikoan goberna daiteke. Diktadura dela esaten dugu orduan.

Konstituzio bakoitzean esaten da noiz artekoa izan daitekeen presidentearen agintaldia, eta pertsona bera zenbat legealditan izan daitekeen gobernuko buru, errepublikako buru edo lehen ministro.

Frantzian gertatzen den bezala Herriak zuzenean eta sufragio unibertsalez aukeratzen du lehendakaria.

Italian gertatzen den bezala, Herriak parlamenturako aukeratutako parlamentarioen artean gehiengoa duen alderdiak izendatzen du lehendakaria.

Gaur egun, gobernu-sistemarik ohikoena da munduan.

Erantzun ondorengo galdera hauei. Hiru aukeren artean zuzena hautatu behar duzu. Zorte on!

1.- Zein da gaur egun gobernu-sistemarik ohikoena munduan zehar?
  Monarkia parlamentarioa
  Errepublika
  Diktadura

2.- Zein da Errepublikaren ezaugaurri nagusia?
  Agintariak ez dira hauteskundeen bitartez aukeratzen.
  Herritarrek ez badu gustuko agintarien gobernatzeko era ezin dituzte postutik bota.
  Agintariek erantzukizuna dute boto-emaileen aurrean

3.- Historian zehar, noiz aurki dezakegu lehen aldiz Errepublika gobernu sistema gisa?
  Antzinako Erroman, K.a. 509 urtean.
  Frantzian 1789. urtean.
  Historian zehar betidanik egon da Errepublika gobernu sistema gisa.
4.- Esan ondoren hauetatik zein ez den gaur egun Errepublika bat…
  Britainia Handia
  Espainia
  Frantzia

5.- Estatu espainiarrean Errrepublika garairik egon al da?
  Bai, Errepublika garai bat egon zen 1931 eta 1939 urteen artean.
  Ez, gaur egun dagoen Monarkia parlamentarioa egon da beti.
  Bai, bi Errepublika bizi izan dira, Lehen Errepublika eta Bigarren Errepublika.

6.- Zein izan zen Errepublika ezarri edo aldarrikatu zuen lehen hiria Espainian?
  Eibar, 1931ko apirilaren 14ean.
  Bilbo, 1931ko apirilaren 14ean.
  Madril, 1931ko apirilaren 14ean.

7.- Noiz lortu zuen Euskadik bere lehen autonomia-estatutua?
  Francisco Francoren diktadura bukatu ostean, 1975eko azaroan.
  Bigarren Errepublika hasi eta Konstituzio Errepublikarra aldarrikatu zenean, 19331ean.
  1936ko urriaren 1ean onartu zen Autonomia Estatutua, Gerra Zibila hasita zegoela.

8.- Zein izan zen Euskadiko eta Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakaria?
  Karlos Garaikotxea
  Jose Antonio Agirre Lekube
  Juan Jose Ibarretxe

     

Puntuak guztira =

Erantzun zuzenak: