Ebaluazioa



   

Gure autonomia


Erantzun ondorengo galdera hauei. Hiru aukeren artean zuzena hautatu behar duzu. Zorte on!

Noiz sinatu zen Espainiako Estatuan indarrean dagoen konstituzioa?
  1980
  1936
  1978

Zenbat probintzia daude Espainian?
  50
  17
  19

Zer da sufragio unibertsala?
  Hiritar guztiei botoa emateko eskubidea ematen dien hauteskunde-sistema da.
  Adinez nagusiak diren hiritar guztiei botoa emateko eskubidea ematen dien sistema da.
  Adinez nagusiak diren hiritar guztiei zergak ordaintzeko eskubidea ematen dien sistema da.

Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde historikoak…
  …Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa dira.
  …Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa dira.
  …Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa dira.

Gernikako Estatutuak Euskal Autonomia Erkidegoari autogobernurako ahalmena ematen dio.
  Zuzena da.
  Ez da zuzena.
  Auskalo.

Kontzertu ekonomikoa…
  …Espainiako Estatuaren eta Euskadiren arteko akordioa da.
  …Euskadiko zerga-araubidea da.
  Bi erantzunak zuzenak dira.

Zein erakundek kontrolatzen du gobernua eta onartzen ditu aurrekontuak Euskal Autonomia Erkidegoan?
  Eusko Jaurlaritza.
  Eusko legebiltzarra.
  Lehendakaritza.

Noiz onartu zen Gernikako Estatutua?
  1931n
  1936an
  1979an

Zein lehendakariren agintaldian sinatu zen Ajuria Eneako Ituna?
  Carlos Garaikoetxearen agintaldian.
  Jose Antonio Ardanzaren agintaldian.
  Patxi Lopezen agintaldian.

Nor izan zen Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakaria?
  José Antonio Agirre
  Carlos Garaikoetxea
  José Antonio Ardanza


      Puntuak guztira =

Erantzun zuzenak:



Nongoak dira?

Jarduera honetan Euskal Autonomia Erkidegoan dauden erakunde ofizialen gaineko informazioa jasoko duzue: non kokatzen diren eta zein den erakunde horietako bakoitzaren eginkizuna. Taldean lantzeko jarduera denez, modu kolaboratiboan lan egiten ikasteko aukera izango duzue.

Helburua: EAEko erakunde publikoak zein diren, zer eginkizun duten eta non dauden jakitea.

  • Adina: 14 urtetik aurrera.
  • Lekua: ikastetxean.
  • Beharrezko baliabideak: koadernoa, arkatza, Interneterako sarbidea eta Google Maps doako aplikazioa.
  • Antolakuntza eta jolasaren azalpena:
    • 4-5 kideko taldetan antolatuko zarete.
    • Azter ezazue zein diren EAEko erakunde ofizialak: Emakunde, Arartekoa, etab. Topatu itzazue gutxienez 5 erakunderi buruzko informazioa eta jaso ezazue, idatziz, zein den bakoitzaren zeregina. Gero, bete behealdean duzuen taula (deskargatu eta gero).

      (Webgunean eskuragarri duzuen PDFan erakunde batzuei buruzko informazioa duzue, baina gehiago beharko bazenute, Eusko Jaurlaritzako erakunde ofizialen gaineko atal honetan ikus dezakezue).

      Deskargatu hemen taula.

    • Zabaldu Google Maps aplikazioa eta kokatu itzazue bertan erakunde horien egoitza ofiziala. Deskribapen labur bat ere gehitu dezakezue aplikazioan bertan.
    • Partekatu egindako lana eta mapa ikaskideekin.

Oharra! Google Maps aplikazioa erabiltzea oso erraza den arren, YouTuben daukazue 'Google Maps erabiltzen ikasi' euskaraz ikasteko tutoriala, pausoz pauso eta oso modu errazean tresna horren erabilera azaltzen duena.



Demokrazia-garaiko lehendakariak

Denbora-lerroa gertaeren irudikapen grafikoa da, ordena kronologikoan. Data, ekitaldi edota ekintza garrantzitsuak jasotzen dituen lerroa da, zerbaiten bilakaera ulertzen laguntzen duena.

Webgune honen sarreran Euskal Autonomia Estatutuaren denbora-lerroa ikus dezakezue. Baina nork berea sortu dezake: norberaren familiaren denbora-lerroa, zuen herriko demokrazia garaiko alkateen denbora-lerroa… Horretarako, Interneten doan dauden hainbat tresna erabil daitezke.

Jarduera honetan, aldiz, demokrazia garaiko euskal lehendakarien denbora-lerroa egin behar duzue.

Helburua: Demokrazia garaitik gaur egun arte Euskal Autonomia Erkidegoko lehendakariak ezagutzea eta nor bere garaian kokatzea.

  • Adina: 14 urtetik aurrera.
  • Lekua: ikastetxean.
  • Beharrezko baliabideak: koadernoa, arkatza, Interneterako sarbidea eta denbora-lerroak egiteko TimeRime tresna.
  • Antolakuntza eta jolasaren azalpena:
    • 4-5 kideko taldeak sortuko dituzue.
    • Azter itzazue zein izan diren demokrazia garaiko lehendakariak eta beren agintaldiaren ezaugarri nagusiak. Informazioa webgune honetan bertan topatu dezakezue, eta baita Interneteko baliabideetan edo ikastetxeko liburutegian ere. Informazioa lortzeko hemen deskargatu ahal duzuen taula erabil dezakezue.
    • Zabaldu aplikazioa, eta aurretik deskargatutako taula oinarri hartuta, egin ezazue denbora-lerroa.
    • Parteka ezazue denbora-lerroa ikaskideekin!

Oharra! TimeRime baliabideak denbora-lerroak sortzeko, ikusteko eta konparatzeko balio du. Doako baliabidea da. Era askotan erabil daiteke: istorio baten gertaeren kronologia egin daiteke, literatur-lan baten gertaerak kronologikoki ordenatu, gertaera historikoak grafikoki kokatu, biografiak aztertu...

TimeRime aplikazioa erabiltzea oso erreza da, baina, badaezpada, hemen daukazue euskarazko tutorial bat, pausoz pauso eta oso modu errazean tresna horren erabilera erakusten duena.



Ezagutu Lehendakaritza!

Lehendakaritza Eusko Jaurlaritzako aginte-organoa edo gobernua da, hau da, Eusko Jaurlaritzako lehendakariak eta sailburuek osatutako barne-erakundea. Lehendakaritza Eusko Jaurlaritzaren jarduna koordinatzeaz gain, beste zeregin batzuez ere arduratzen da; besteak beste, harreman sozialak eta instituzionalak EAEn eta EAEtik kanpo zabaltzea, eta garapenerako lankidetzaren eta genero-berdintasunaren arloko politikak garatzea eta hedabideei informazioa ematea.

Jarduera honetan, kontzeptu-mapak erabiliz, ikasiko dugu Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluaren egitura nolakoa den.

Helburua: Euskal Autonomia Erkidegoa zuzentzen duen egitura exekutiboa ezagutzea.

  • Adina: 14 urtetik aurrera.
  • Lekua: ikastetxean.
  • Beharrezko baliabideak: koadernoa, arkatza, Interneterako sarbidea eta kontzeptu-mapak egiteko MindOnMap bezalako online tresna bat.
  • Antolakuntza eta jolasaren azalpena:
    • 4-5 kideko taldetan antolatuko zarete.
    • Sar zaitezte Eusko Jaurlaritzako lehendakaritzaren atalean eta egin antolaketa exekutiboaren diagrama edo zuhaitz moduko eskema bat honako gomendio hauetako batzuei jarraituz:
      1. Identifikatu zuhaitzean agertuko diren maila ezberdinak; lehendakaria eta sailburuak, esaterako.
      2. Jaso ordezkari bakoitzari buruzko informazioa hemen deskargatu dezakezuen taulan: izen-abizenak, jaiotza-urte, kargua, zer alderdi politikoren ordezkaria den.
      3. Egin kontzeptu-maparen lehen zirriborroa paperean.
      4. Behin betiko egitura edo kontzeptu-mapa egindakoan, hasi zaitezkete online tresna batekin editatzen.
    • Partekatu osatutako kontzeptu-mapa zuen ikaskideekin. Ziur egitura bera adierazteko eskema ezberdinak egin direla.

Oharra! MindOnMap tresna oso erabilerraza da. Dena dela, laguntza beharko bazenute, euskaraz duzuen tutorial hau erabil dezakezue.







  Deskargatu hemen ebaluatzeko orria!