Katalina Erauso Pérez de Galarraga

Moja, soldadua eta idazlea (Donostia, 1585 - Cuitlaxtla, Mexiko, 1650). Moja Alfereza esaten zioten.

Nabigatzaile erabatekoa ez izan arren, Ameriketara bidaiatu zuen Atlantikoa zeharkatuz.

Bere garaian ohikoa zen bezala, lau urterekin komentu batean sartu zen, baina bere izaera ez zen batere egokia erlijio-bizitzarako eta hamabost urterekin ihes egin zuen komentutik. Gizonezkoen jantziekin eta izenarekin bizi izan zen urte batzuetan Espainian, eta 1603. urtean Amerikara abiatu zen.

Amerikan hainbat lanetan ibili eta gero, armadan sartu zen eta indiarren kontrako borroketan nabarmendu zen. Bestalde, bere joera erasotzaileagatik arazo larriak eduki zituen. Horren ondorioz, kartzelatua izan zen, eta azkenik heriotza zigorra ezarri zioten. Zigor hori saihesteko asmoarekin, emakumea zela aitortu zuen.

Handik aurrera ospe handia lortu zuen; erregeak zein Aita Santuak harrera egin zioten eta bere memoriak idatzi zituen.

Hainbat eleberritan eta pelikulatan kontatu da bere bizitza.