Gida

Parke naturalak ezagutu Euskal Herriko eremu babestuei buruzko ikasmateriala da, berez 10etik 12 urtera bitarteko ikasleei zuzendua, baina aldi berean beste adin batzuetako erabiltzaileentzat ere interesgarria izan daitekeena. Ikasmateriala Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren Eima Katalogoa gordailura igoko da, hezkuntza-komunitateak edota interesa lukeen beste edonork eskura izan dezan.

Produktuaren xede nagusia Euskal Herriko parke naturalak ezagutzera ematea da, era atsegin eta entretenigarrian, kalitatezko edukiak eta material erakargarria modu interaktiboan landuz. Parke naturalak ezagutu izeneko ikasmaterialaren helburua da, irakaskuntzarako lagungarri izateaz gain, Euskal Herrian ingurumena babesteko garapen iraunkorrerako dauden estrategien berri izatea da eta parke naturaletan desagertzeko arriskuan dauden espezie (fauna eta flora) eta ondare kulturalak eta historikoak errespetatzen eta balioesten jakitea. Gainera, ikaslea, bere egunerokotasunean ekoguneak babesteko har ditzaken neurriak ere erakutsiko zaizkio. Gune hauek babestea eta errespetatzea denen ardura baita.

Garapen-ildo nagusiak hauek dira:

  • Euskal Herriko parke naturalak zeintzuk diren ikastea eta horien ekologia-balioa balioestea.
  • Parke naturaletan eta ibilbide ekologikoetan jarduerak egiten ikastea.
  • Inguruaren kudeaketa iraunkorra lortzeko komunitateak parte hartzen duen jardueretan laguntzea (hondakinak gaika bildu, birziklatutako gauzak berrerabili, energia aurrezten ahalegindu…).
  • Teknologia berriak eta ikasmateriala uztartzea, gazteei teknologia berriak barneratzen laguntzeko.
  • Ingurumena zaintzea, kontserbatzea, leheneratzea eta hobetzea, kontsumo arduratsua eta garapen iraunkorra bultzatzea.
  • Irakasleak IKT gaitasunetan trebatzea.
  • Ikasgeletan metodologia aldatzeko lagungarri izatea.
  • Eten digitala murriztea

HELBURU OROKORRAK

Hauek dira Parke naturalak ezagutu ikasmaterialaren helburu nagusiak:

  • Euskal Herriko lurraldeetan dauden parke naturalak eta horien balio ekologikoa eta kulturalak ezagutaraztea eta balioestea.
  • Euskal Herriko parke naturalak zeintzuk diren ezagutzea eta horiek izendatzeko irizpideak eta politikak ezagutu eta ikastea.
  • Euskal Herriko ekosistema esanguratsuenak ikastea, bertako transmisio bidetzat parke naturalak hartuta. Ekosistemek dituzten mehatxuak eta biodibertsitate-galerak ezagutzea.
  • Parke naturaletan eta oro har ibilbide ekologikoetan ibiltzen jakitea.
  • Euskal Herriko eremu babestuen gaineko ezagutzak gazteei modu dinamiko, argi eta freskoan helarazteko tresna bat eskura jartzea.
  • Lurraldeak eta paisaiak ikusteko eta ezagutzeko jakin-mina piztea gazteengan, aniztasun hori zaindu beharreko aberastasuntzat jota.
  • Espazioa ezagutzeko eta aztertzeko sentsibilitatea eta interesa piztea gazteengan, elementu fisikoen eta giza ekintzaren arteko elkarrekintzen adierazpentzat hartuta.
  • Ingurumenak aukera asko ematen dituela jabetzea, eta biodibertsitatea zaintzearen eta garapen iraunkorraren aldeko jarrera aktiboa izatea.
  • Ingurune naturala errespetuz tratatzea.
  • Ingurune naturalen gaineko babes-estrategiak ezagutzea. Euskal Herriko naturgune, parke natural eta espezie babestuak.
  • Hainbat iturritako informazioa zorroztasunez bilatzea, aukeratzea eta erlazionatzea.
  • Talde-lanak egitea eta gaur egungo gizarte-errealitateari buruzko debateetan parte hartzea, jarrera ekintzaile, eraikitzaile, kritiko eta tolerantez, eta partaidetza horren xedea talde-laneko teknikak eskuratzea eta gizartean egoki integratzea izanda.
  • Gune honetarako prestatuko den materiala Heziberri 2020, hezkuntza-eredu pedagogikoaren markoan oinarritua egongo da. Ikaslearen errealitate eremua kontuan izatea komeni delako eduki orok esparru akademikoa ez ezik esparru pertsonala, soziala eta laborala ere kontuan izango ditu eta ikasmateriala eremu horietara egokitzen dela bermatuko da.

CURRICULUMAREN ERREFERENTZIAK OCDn

Parke naturalak ezagutu osatzen duen ikasmateriala berez LHko 6. mailako Naturaren Zientziak ikasgaiko edukiekin dago lotuta. Ikasmaterial horretako 3. multzoak, Izaki bizidunak izenekoak, azaltzen duen bezala “Izaki bizidunen, ekosistemen, haien ezaugarrien eta haien arteko erlazioen ezagutza jorratuko da, ingurunea babesteko eta zaintzeko jarrerak sustatuz”. Nahiz eta 6. mailara zuzendua egon, Lehen Hezkuntza guztian ikasitako kontzeptuak errepasatu eta bereganatzeko balioko dio ikasmaterial honek. Beraz, esan daiteke, Lehen Hezkuntza guztian zehar ikasitakoa gune honek modu erraz eta didaktikoan labuertuko duela.

Lehen Hezkuntzako maila horietan helburu hauek nahi dira bete:

  1. Gidoi bat oinarri hartuta, ikerketak, laborategiko praktikak edo landa-azterketak egitea, lan zientifikoaren berezko metodologia eta estrategiak aplikatuz, eta haien garapena balioestea eta emaitzak interpretatzea.
  2. Hiztegi zientifikoa zuzen erabiltzea, bere mailarako egokia den testuinguru zehatz batean adierazpenak egitean.
  3. Bere iritzia eratzea, adierazpenak zehaztasunez egitea, eta problema-egoerei buruzko argudioak ematea, informazio zientifikoa bilatuz, hautatuz eta interpretatuz.
  4. Laborategiko oinarrizko materiala hautatu eta sailkatzea, eta behar bezala erabiltzea.
  5. Ideia zientifikoak aurrerapen teknologikoekin eta beste arlo batzuekin lotzea, eta ohartzea bizi-kalitatearen hobekuntza dakartela.
  6. Atmosferako arazoei buruz ikertzea, hala nola kutsadurari eta haren ondorioei buruz, informazioa bilduz, eta irtenbidea bilatzeko neurriak proposatzea.
  7. Urarekin lotutako arazoei eta uraren erabilera jasangarriari buruz ikertzea, informazioa bilduz, eta irtenbidea bilatzeko neurriak proposatzea.
  8. 8Lurrean eta inguruan ohikoenak diren mineralen eta arroken propietateak eta ezaugarriak bereiztea eta sailkatzea, identifikatzeko gako soil batzuk erabiliz, eta zer aplikazio nagusi dituzten.

Parke naturalak ezagutu, hala ere, zeharkako izaera eduki nahi du, lantzen dituen edukiak ikasleek beste gaietan eta haien eguneroko bizitzan erabiltzeko baliagarriak izan daitezen.

Ikasmaterial honek gaitasun hauek garatzen laguntzen du:

  • Zientzia-, teknologia- eta osasun-kulturarako gaitasuna.
  • Ikasten ikasteko gaitasuna.
  • Hizkuntza-komunikaziorako gaitasuna.
  • Informazioa tratatzeko eta teknologia digitala erabiltzeko gaitasuna.
  • Gizarterako eta herritartasunerako gaitasuna.
  • Giza eta arte-kulturarako gaitasuna.
  • Norberaren autonomiarako eta ekimenerako gaitasuna.

MATERIALA ERABILTZEKO TESTUINGURU METODOLOGIKOA

Parke naturalak ezagutu ikasmaterialaren xede nagusia irakasgaiaren laguntza zuzena izatea da; hau da, Euskal Herriko Parke Naturalen inguruko lehen sarrera baten ondoren, ikasitakoa era praktiko batean lantzeko bide emango duen erreminta bat eskura jartzea. Horrela, Parke naturalak ezagutu atariaren bidez ikasleak aurretik jasotako kontzeptu teorikoak era praktikoan landuko ditu. Horrekin guztiarekin, irakaslearentzat eta ikaslearentzat guztiz erabilgarria izango den tresna bat eskuratuko dugu.

Oinarria interaktibitatea eta elkarreragina dugu; izan ere, edukien arteko lotura eta nabigazioa lortzen dugu horri esker, ikasleentzat erakargarria eta motibagarria izan dadin; eta horrez gainera, ikasitako eduki teoriko guztiak garatzeko aukera ematen du.

Horrenbestez, ikasleak Naturaren Zientziak ikasgaiarekiko duen interesa eta motibazio-maila areagotzea lortuko dugu, bere egunerokotasunean hain erabiliak diren kontzeptu eta ezagutzak garatzeko aukera izango duelako, era atsegin eta entretenigarrian eta, betiere, kalitatezko edukiak landuz.

Barne-egitura eta nabigazioa

Parke naturalak ezagutu ikasmaterialaren abiapuntua eduki ezberdinen arteko nabigazio eta elkarreragiketa da. Horrela, ikasleak gehien interesatzen zaion informazioan zehar nabigatzeko aukera edukiko du, atal guztiak elkarren artean elkarloturik baitaude. Ikasleak parke naturaletan, horien ezaugarrietan eta bertan bizi diren ingurune arazo nagusienen oinarrizko ezagutzan murgilduko dira beraientzako oso erabilgarriak eta ingurukoak zaizkien jakintza eta kontzeptuak eskuratuz. Baina aldi berean, elkarreragiketarako aukera bideratzen du, ikasmateriala alde teorikoa eta praktikoa bateratzen dituen sekuentzia didaktikotan banatua baitago.

Pantaila bi zonalde nagusitan banatua egongo da:

  • Goiburuko menua: parke naturalei buruzko eduki nagusiek nahiz osagarriek osatzen duten MENUA izango da. Bertan Parkeak izeneko aukeratik abiatuta ikasmaterialaren atal bakoitzeko edukietara, haien azpiataletara eta jarduera-mota ezberdinetara joateko aukera eskainiko du. Goiburuko menuan, uneoro eskuragarri egongo dira gainera, Glosategia, Lotura interesgarriak, Laguntza, Bibliografia…
  • Erdialdeko zonaldeak, edukiak (argazkiak, testuak, ariketak…) jasoko ditu. Hasierako orrian bertan .gif animatu baten bitartez Euskal Herriko parke naturalen lokalizazioa aurkeztuko da (http://mizzpi.eu/parkeak/index.html). Ondoren, atalez-atal edukiak aurkezteko gunea da erdialdeko zonaldea.

Parke natural guztiak egitura bera edukiko dute:

  • Parke naturalaeren deskribapena eta laburpen bideoa.
  • Fitxa teknikoa: izendapenaren data, azalera, lurraldea, udalerriak, koordenatuak, Google mapa
  • Balio naturalen deskribapena: klima, geologia, morfologia,…
  • Ondaren kultural-historikoa
  • Testa: ingurune horretako edukiei buruzko 10 galdera.

Bestalde, ikasleak une oro eskuragarri edukiko ditu goiburuko menuaren bitartez Bibliografia, Glosategia eta Lotura interesgarriak bezalako informazio gehigarriak.

Denbora zehaztapenari dagokionean, unitate edo parke natural bakoitzari bost ikastordu eskaintzen zaizkio. Lehenengo lauak, atal teorikoari eskainitakoak izango dira eta irakasleak azaldu beharrekoak. Azkena, unitateko testari eskainitakoa izango da. Jardueretako talde-dinamika eta jolasak bakarka nahiz taldeka lantzekoak izango dira.

BIBLIOGRAFIA ETA LOTURA INTERESGARRIAK

Gaiaren inguruko liburuen zerrenda edota Interneten gaiaren inguruan dauden helbide interesgarriak zerrendatuko dira.

GLOSATEGIA

Eduki guztian zehar erabiltzen diren kontzeptu esanguratsuenen definizioa bilduko da. Hitz horiek erabiltzen direnean zuzenean glosategia iristeko aukera egongo da barne-loturen bidez.

KREDITUAK

  • Ideia eta koordinazioa: Leire Mitxelena Erice eta Pilar Perez Piriz
  • Jatorrizko gidoia: Leire Mitxelena Erice
  • Hizkuntza aholkularitza: Juan Mari Zurutuza Zapirain
  • Diseinu grafikoa: Juan Mari Zurutuza Zapirain
  • Irudi grafikoak: Juan Mari Zurutuza Zapirain eta Andrés Espinoza

Ikasmaterial honetako eduki guztiak bi bertsiotan aurkeztuko dira: nabigagarria (HTML formatua) eta inprimatzeko prestatutakoa (PDF formatua).