Parkeak / Aiako Harria

Aiako Harria

Gipuzkoako Lurralde Historikoaren ekialdeko muturrean kokaturik dagoen Aiako Harria aldeak erliebe konplexua dauka, erreka ugarik zeharkatzen dituzten troken eta mendien mosaikoak osatutakoa; erreka horiek, itsasotik gertu daudenez, gainbehera handia egiten dute tarte laburrean, haran estuak eratzen dituztelarik.

Aiako Harriko Parke Naturalak 6.913 hektareako azalera du eta, 800 metrotik gorako granitozko hiru tontorrek, oso itxura berezia marrazten dute: Irumugarrieta, Txurrumurru eta Erroilbide. Paleozoikoan sorturiko mendigunea izanik, herrialdeko materialik zaharrenak barneratzen ditu.

Parkean azaltzen diren basoak oso aipagarriak dira, Urdaburu mendia eta Añarbeko urtegiko bazterren arteko eremua, bai zabalera zein garrantziaren ikuspuntutik, bereziki nabarmentzen delarik. Inguruaren itxura malkartsua dela eta, ur-jauziak sortzeaz gain, ezkutuko sakanen jatorrizko izaera bere horretan mantendu da.

Aiako Harriko Parke Naturalaren gainazala oso gozagarria bada ere, lurrazpiko eremua ezin da baztertu. Horrenbestez, bisitariak, Arditurri bezalako meategietan gordetako ondarea ezagutu ahal izango du, azken bi mila urteetan ustiatuak izan baitira.