Ataria    Gida   Glosategia   Bibliografia   Loturak   Web mapa   Laguntza  
 

Abangoardia. Tradizioarekiko haustura eta berrikuntza aldarrikatzen duten arte-mugimenduei esaten zaie. Abangoardiaren aldeko joera XX. mendearen hasieran garatu zen.

Abstrakzioa. Arteari dagokionez, figurazioari eta naturaltasunari uko egiten dion espresio artistikoa.

Antoni Gaudí (1852 - 1926). Arkitekto katalana, Art Nouveau edo estilo modernistako arkitekturan gailendu zen. Hainbat obra gauzatu zituen, esaterako, Batlló etxea, Güell parkea edo bukatu gabe utzi zuen Familia Santuaren eliza.

Antzinako Erregimena. XVII. eta XVIII. mendeetan Europan garatutako sistema politiko, ekonomiko eta soziala. Haren ezaugarri esanguratsuenak hauek dira: monarkia absolutua izan zen ohiko sistema politikoa, ekonomia lehen sektorean oinarritzen zen, eta, sistema sozialari dagokionez, gizartea estamentuetan antolatuta zegoen.

Atlanteak eta kariatideak. Arkitekturan, zutabeen ordez erabiltzen diren eskulturak. Atlante izenekoak gizonezko itxura du eta kariatideak, berriz, emakumezkoa.

Barrokoa. Portugesezko barrôco hitzetik datorkio izena, “perla irregularra” esan nahi du. Arteari dagokionez, adiera asko izan ditu sortu zenez geroztik: joera nahasia, armoniarik eta orekarik gabea, apaingarri gehiegi dituena, arauen kontrakoa, nabarmenkeriazkoa.

Bohemioa. Artearekin eta kulturarekin lotura duen pertsona, momentuko konbentzio sozialak ukatzen dituena.

Deskolonizazioa. Asiako eta Afrikako koloniek zein protektoratuek metropoliarekin izandako mendekotasunaren haustura-prozesua. Kolonialismoaren kontrako mugimendua XIX. mendean sortu arren, Bigarren Mundu Gerraren ondoren izan zituen lehen emaitzak.

Eklektizismoa. Tradizio, eskola edo estilo desberdinetako elementuak bateratzen dituen teoria edo metodoa. Ezaugarri nagusi hauek ditu: dogmatikoa edo itxia ez izatea, guztien jarrerak kontuan hartzea eta sistema erabatekorik ez osatzea (filosofian, artean, irakaskuntzan, etab.).

Entziklopedia. Giza jakintzaren bilduma. Hitza grezierazko enkyklios paideia terminotik dator (hitzez hitzeko itzulpena "guztia zirkulu batean" da; esanahia, "hezkuntza orokorra").

Erromantizismoa. Erresuma Batuan eta Alemanian XVIII. mendearen amaieran sortu eta XIX. mendean zehar garatu zen mugimendu artistiko, literario, kultural eta politikoa. Ilustrazioko eta neoklasizismoko arau aristokrata, sozial eta politikoen aurkako mugimendu iraultzailea da.

Euskalerriaren Adiskideen Elkartea. Euskalerriaren Adiskideen Elkartea Ilustrazioaren aitzindaria izan zen Hego Euskal Herrian eta Espainian. Elkarteak bultzatiriko eskoletan marrazketa, geometria, nautika, arkitektura hidraulikoa eta arkitektura irakasten zen. Ikasle hoberenak Madrilgo San Fernando Akademiara joan ziren. Euskal neoklasizismoko pertsonaia eragingarrienen artean Fiscal Campomanes, Justo Antonio Olagibel, eta Silvestre Perez nabarmentzen dira.

Frank Gehry (1929 - ). Kanadiar arkitektoa. Berrikuntza teknologikoez baliatuz, bere arkitektura lanek forma konplexu eta bihurriak hartzen dituzte; era berean, ezohiko materialak erabiltzen ditu, titanioa adibidez. Euskal Herrian Bilboko Guggenheim Museoa eta Eltziegoko Marques de Riscal upeltegia diseinatu zituen.

Frankismoa. Frankismo izena Francisco Franco Bahamonte (1899-1975) espainiar militarrak zuzenduriko diktadurari (1936-1975) ematen zaio. Denboran zehar hainbat aldaketa izan bazuen ere, diktaduraren egitura politikoa Francoren heriotza arte luzatu zen, eta bera hil ondoren ere hainbat urtez iraun zuten egitura horren aztarnek.

Frantziako Iraultza. Historiako gertakizunik garrantzitsuenetariko bat, Aro Garaikidearen atea da Frantziako Iraultza. 1789-1799 urteen bitartean Frantzian egon zen prozesu gatazkatsu eta konplikatuaren poderioz, Antzinako Erregimena Frantzian ezabatu egin zen eta arlo politiko eta sozialean aldaketa sakona gertatu zen. Ilustrazioko pentsamenduan oinarrituta, klase-pribilegioak, errepublikanismoa eta herritarren eskubideak aldarrikatu eta bultzatu zituzten iraultzaileek. Frantziako Iraultzaren eragina Europa osoan zabaldu zen.

Frontoia. Arkupe, aurrealde edo leiho baten goialdea, hiruki formakoa edo erdizirkularra.

Gerra Hotza. Bigarren Mundu Gerraren ondoren Estatu Batuek eta Sobietar Batasunak bizitako tentsio garaiari esaten zaio.

Girola. Aldare nagusia inguratzen duen gunea; arkitektura erromanikoko elementu bereizgarria da, ondoren, gotikora hedatu zena.

Gurutze latindarra. Eraikin erlijiosoetan nabea eta transeptua moztearen ondorioz sortzen den oinplanoko guneari esaten zaio, gurutze formakoa baita.

Gustave Eiffel (1832-1923). Eiffel dorrea eraiki zuen ingeniari frantses ezaguna. Beste lan aipagarri batzuk: Dueroko zubia, Pest hiriko geltokia eta Nizako behatokiko kupula dira.

Hirigintza. Hiriak biztanleen beharretara egokitzeko plangintza. Hiri idealaren eredua aurkitzea du helburu.

Hormigoi armatua. Jasan beharreko esfortzuak jasateko altzairuzko armadura duen hormigoia.

Idi-begia. Erakinetan dauden hutsune zirkularrak. Haien funtzioa argia lortzea da, edo eraikina apaintzea.

Ilustrazioa. Argien Garaia edo Ilustrazioa XVII. eta XVIII. mendeetako kultura higikundea izan zen. Arrazoimena hartzen zuen gizonaren funts eta oinarritzat.

Industria Iraultza. Europako gizartearen hainbat alderditan aldaketak eragin zituen prozesua. Aldaketa horiek, batez ere, ekonomikoak, sozialak eta demografikoak izan ziren, eta biztanleriaren balioak eta pentsamoldeak aldatzea ekarri zuten. Mugimendua XVIII. mendearen bukaeran Ingalaterran sortu zen eta XIX. mendean zehar Europan zabaldu. Ondorioz, gizarte industriala eta hiritarra garatu eta kapitalismoa finkatu zen.

Inpresionismoa. XIX. mendeko amaierako estiloa, Frantziatik etorria batik bat. Korronte eta aldaketa ugari batzen zituen eta sekulako iraultza eragin zuen natura aztertu eta berau objektu artistiko bihurtzeko prozesuan.

Kolonia. Metropoliak koloniaren administrazioa kontrolatzen du eta haren esplotazio ekonomikoa bideratzen.

Kontinente Zaharra. Europa kontinentea aipatzeko ohiko esamoldea.

Kostunbrismoa. Literaturan eta arte plastikoetan herri edo lekuetako ohitura tipikoak eta folklorea deskribatzeko joera duen mugimendu artistikoa.

Kripta. Eliza baten azpian, askotan lurpean, egindako kapera. Lehenengo kristauek hilobi moduan erabiltzen zuten.

Langile-mugimendua. Langileriak bultzaturiko gizarte-mugimenduari deitzen diogu langile-mugimendua. Langileria industrializazio-prozesuaren ondorioz sortu zen gizarte-klase berri bat da, lan-indarra soldata baten truke saltzen zuen taldea. Langileriaren lan- eta bizi-baldintzak hobetzeko helburuarekin, elkarteak sortu zituzten (alderdiak, sindikatuak).

Liberalismoa. Sistema filosofiko nahiz politikoa. Askatasun pertsonala, estatu ez interbentzionista, boterearen banaketa eta jabetza pribatuaren eskubidea defendatzen ditu.

MOMA (Museum of Modern Art). Munduko arte garaikidearen museorik onenetariko bat. Estatu Batuetako New York hirian kokatzen da. 1929. urtean sortu zen eta bere bilduman XX. mendeko margolan esanguratsuenak aurkitzen ditugu.

Nazionalismoa. Nazio bakoitzak bere estatu independentea eratzeko eskubidea duela defendatzen duen ideologia politikoa. Ideologia honen oinarria nazioaren komunitate sentimendua da. Jatorriak, hizkuntzak, erlijioak eta kulturak osatzen dute sentimendu hori.

Norman Foster (1935 - ). Britainiar arkitektoa. Egun, eragin handienetakoa. Teknologia berrien erabilera, itxura industriala eta aurrekontu handiko lanak dira bere obraren ezaugarri garrantzitsuenak. Euskal Herrian, Bilboko metroko geltokiak diseinatu zituen.

Parisko Opera. Neobarroko estiloko antzokia. Charles Garnier arkitektoak diseinatu zuen eta gaur egun Musikaren Akademia Nazionalaren egoitza da. “Garnier jauregia” esaten diote.

Postinpresionismoa. XX. mendeko lehen hamarkadan gauzatu zen. Ezaugarri nagusiak: kolore biziak, antzeman daitezkeen pintzelkadak, lodiera handiko pintura eta eguneroko bizitzako gaiak erabiltzen jarraitzea.

Rokokoa. XVIII. mendearen hasieran, Luis XV.aren erregeordetzaren garaian, Parisen gauzatu zen arte-estiloa.

Silvestre Perez (1767 - 1825). Espainiar arkitektoa, formakuntza erabat neoklasikoa izan zuena. Bere garaiko arkitekto onenetariko bat, arkitektura berria, hau da, Ilustrazioan oinarritutakoa zabaltzen lagundu zuen. Euskal Herrian lan ugari daude Silvestre Perezenak.

Sinbolismoa. XIX. mende bukaerako arte-estiloa. Erromantizismoan zuen oinarria, eta aro industrialeko materialismoaren eta arrazionalismoaren kontra agertu zen. Irudimenari, subjektibotasunari eta zentzumenei eman zien lehentasuna, eta ametsa, sugestioa eta misterioa hartu zituen ihes egiteko bide bezala.

Ventura Rodriguez (1717 - 1785). Espainiar arkitektoa. XVIII. mendean Espainiako arkitektorik garrantzitsuenetakoa izan zen. Inork baino hobeto islatu zuen bere eraikinetan barrokotik neoklasizismorako aldakuntza.




Igo