Parkeak / Aiako Harria / Balio naturalak

Klima

Aiako Harriko Parke Naturala, Pirinio inguruko mendietan dago. Bizkaiko Golkotik datorren aire masak bertako mendien kontra jotzen du. Mendi horiek hezetasuna kondentsatzen duten lehen pantailak dira eta horren ondorioz, haizaldean dauden haranetan ugariak izaten dira zaparradak. Hori dela eta, Euskal Herrian, euri gehien egiten duen eremua dela esan dezakegu, izan ere, Euskal Herriko haranetan 2.000 mm-tik gora euri egiten du batez beste urtean, eta Aiako Harrian, aldiz, 2.800 mm. Neguan egin ohi du euririk gehien. Bai neguan eta bai udan, tenperaturak leun samarrak izaten dira, itsasoaren eraginak arindu egiten ditu eta. Urteko batez besteko tenperatura 12.º C ingurukoa da, maximoen batez bestekoa 17.º C izanik eta minimoena, berriz 8.º C.

Geologia

Herrialde mailan, Parkearen eremua Pirinioen mendebaldeko inguruetan dago kokatuta, Kantaurialdeko euskal arroaren barruan, Euskal Arku Tolestua deitzen den horretan, hain zuzen ere. Zorua osatzen duten material nagusiak jatorri ezberdinetakoak dira, bertan harri plutonikoak, paleozoiko eta mesozoiko aroko harri sedimentarioak eta depositu koaternarioak ikus daitezke. Aiako Harriko Parke Naturalak, mendigune paleozoikoa du, hau da, granitozkoa, eta, beraz, Euskal Herrian azaltzen diren materialik zaharrenetarikoak dira. Urak eta haizeak eragindako erosioak agerian jarri dute Aiako Harriko masa granitikoa. Prozesu hori

dela eta, material granitikoa gaur egun Paleozoiko Aroko harriz inguraturik dago eta harri horiek era berean Triasiko Aroko sedimentuak dituzte mugan. Granitoa, harri paleozoiloak eta harri triasikoak banda egitura berezi bat osatuz ikus daitezke.

Hidrologia

Aiako Harriko lur iragazgaitzak ura sakonki sartzea eta lurpeko akuiferoak eratzea eragozten du, horregatik baldintza hidrolo-gikoak erlatiboki homogeneoak dira. Lurgaineko eta lurrazpiko ur mugimenduak, agente geomorfologiko nagusienak dira. Hori bertako litologia baldintzek, maldek eta plubiometriek (2000 mm baino gehiago urtean) eragiten dute. Bataz besteko malda handiek, ibaibide labur eta menditsuak sortzen dituzte, ibaiburua bokaletik erlatiboki gertu dutelarik. Kordal topografikoek lurgaineko isurialdeen banalerroak definitzen dituzte.

Hiru arro nagusi daude, Urumea, Oiartzun eta Bidasoa ibaiei dagozkienak, hain zuzen ere, eta hiru horietatik Oiartzun ibaiarena soilik dago bete-betean Gipuzkoan. Helburu hidroelektrikoa duten ur-hartunetatik aparte, ur hornidurarako hartune ugari daude. Horien artean, Añarbeko urtegia aipa daiteke. Urtegi horren azpiegitura osatuz joango da datozen urteetan, Artikutzako beheko kanala ordezkatuko duen ura eramateko beste kanal bat ere egiteko asmoa baitago.

 

Fauna

Aiako Harriko Parke Naturalean, 170 ornodun espezie bizi dira. Kopuru horretan migrazio garaian edo negutean soilik egoten diren hegaztiak ere sartzen dira. Babestutako eremu horretan bereziki nabarmena da (Quercus robur) motako harizti atlantiarrari dagokion komunitate faunistikoa.

Lurralde historiko mailan, Añarbeko basoan dago mota horretako hariztirik adierazgarriena. Euskal Herriko atlantiar isuraldeko beste tokietan gertatzen den modura, faunari dagokionez mediterraneo motako zenbait espeziei ikus ditzakegu (untxia, etxe-txinboa, …), kostaren hurbiltasunak dakarren klima bigunaren ondorioz. Fauna anizten duten beste elementu garrantzitsu batzuk zenbait harkaiztegi dira, horien artean Aiako Harriko masa granitikoa, harkaitzetako espezie batzuen bizileku dena, sai arrea eta belatz handia, besteak beste.

Bestalde, mareen eraginez Bidasoan zehar ur geza sartzen da Parkeraino eta horrek itsas espezie batzuk ekartzen ditu (korrokoia, platuxa,…). Bidasoako arrain komunitatea nabarmena da, bertan Euskal Autonomia Erkidegoan hedapen murriztua duten espezieak daudelako, adibidez, kolaka, zarboa eta batez ere izokina, antzina gure erreka atlantiar guztietan gora joaten zena. Aiako Harriko Parke Naturalaren barruan ondorengo eremuak interes faunistikokoak dira:

  • Endarako hariztia eta errekastoa
  • Enbidoko basoa eta urjauzia
  • Aiako Harriko harkaiztegi granitikoak
  • Oiartzun arroko hariztiak, baso nahasiak eta liagadiak
  • Urdaburu-Añarbeko zuhaitz masa

Bertako faunan nabarmentzekoak diren espeziak hauexek ditugu: sai arrea (Gyps fulvus), arrano txikia (Hieraetus pennatus), arrano sugezalea (Circaetus gallicus), belatxinga mokogorria (Pyrrochorax grauculus), basurdea (Sus scrofa), orkatza (Capreolus capreolus), azkonarra (Meles meles), basakatua (Felis sylvestris), zirauna (Angulis fragilis), sugegorri kantabriarra (Vipera seoanei), eskailera-sugea (Elaphe scalaris), arrabioa (Salamandra salamandra), apo arrunta (Bufo bufo), baso-igel gorria (Rana temporaria), ezkailua (Phoxinus phosinus),amuarrain arrunta (Salmo trutta) eta izokina (Salmo syar).

 

                    

 

 

Landaretza

Aiako Harriko Parke Naturalak hartzen duen eremu osoa Euskal Herriko isuralde atlantikoan dago. 9/26 Parke Naturalaren barrenaldea (500-600 metroko kotatik behera) Bailara Atlantikoen eskualde naturalekoa da eta goialdea berriz, Iparraldeko Mendien eskualdekoa, Euskal Herriko Autonomia Erkidegoko Landaretza obrak proposatzen duen banaketaren arabera. Parkearen lurraldean dagoen landaretza gehiena eurosiberiarra eta zirkunboreala da.

Bertako landaretzan nabarmentzekoak diren espezia-motak hauexek ditugu: Zuhaitzei dagokienez, hurrengo espezieak topa ditzakegu: haltz beltza (Ainus glutinosa), lizar arrunta (Fraxinus excelsior), haritz arrunta (Quercus robur), haritz amerikarra (Quercus rubra), ametza (Quercus pirenaica), gaztainondoa (Catanea sativa), sasiakazia (Robinia pseudoacacia), intsinis pinua (Pinus radiata), gorostia (Ilex aquifolium), hurrondoa (Corilus avellana), sahats hauskara (Salix atrocinerea), elorri zuria (Crataegus monogyna), elorri beltza (Prunus spinosa), udareondo (Pyrus bourgaeana) eta pagoa (Fagus sylvatica).